“Gure alaba hilik jaio zen, baina familiaren aitortza jaso zuen eta hori garrantzitsua izan da zauriak sendatzeko”

  • Garazi Abrisketa (Arrankudiaga-Zollo, 1988) ama izan zen maiatzean, baina bere alaba hilik jaio zen. Esperientzia horrek amatasunari, heriotzari eta tabuari buruz luze eta sakon hausnartzera eraman du. Aiaraldea Hemen aldizkarian elkarrizketaren zati bat argitaratu ondoren, hemen irakurri daiteke solasaldia bere osotasunean.


2023ko urriaren 12an - 07:50
Azken eguneraketa: 10:03

Zer da maiatzaren amaieran gertatu zitzaizuna?

Haurdun nengoen eta 31. astea bete berri, ospitalera joan nintzen. Astero joaten nintzen kontsultara, baina bezperatik ez nuen umea nabaritzen. Esan zidaten likido amniotiko ugari nuenez, arrunta izan zitekeela ez nabaritzea. Nik hamaseigarren astetik nabaritzen nuen eta oso arraroa egiten zitzaidan. Halere, umea non kokatuta zegoen ikusteko ekografia egin zidaten. Orduan ikusi zuten umeak ez zuela taupadarik.

Bakarrik nengoen, COVIDaren protokolotik geratzen diren ondorio txikietako batengatik, ama kanpoan nuen. Berehala deitu zuten eta nire albora etorri zen. Jarraian aurreko bi hilabetetan haurdunaldiaz arduratu zen medikua etorri zen. Nirekin egin zuen negar. Beste batek eman zidan albistea, baina bera etorri zen eta nirekin egin zuen negar.

Txikikeria ematen du, baina une horretan oso garrantzitsua izan zen niretzat. Batez ere biolentzia obstetrikoa jasan duten hainbeste emakumeren testigantzak irakurri ditugun garaiotan. Zein garrantzitsua zurekin hunkitzen diren medikuak bidean aurkitzea.

Jarraian aipatu ziguten onena niretzat erditze baginala izatea zela. Bikotekideari berria emateko etxera joateko aukera ere eman zidaten, bera orduan beste ospitale batean baitzegoen, baina bertan geratzea erabaki nuen prozesua ahalik eta arinen hasteko.

Nola hartu zenuen berria?

Uste dut horrelako berri bat jasotzeko inor ez dagoela prest, baina egia da guk bide gorabeheratsua eginda genuela 20. astean fetuari hainbat arazo ikusi zizkiotelako. Hala ere, ez nuen holako berririk espero. Oraindik unerik gogorrena bezala gogoratzen dut, mina izugarria izan zen. 

Nola hasi zen dena?

Esan bezala, dena 20. astean hasi zen. Ospitaleko erradiologoak aipatu zigun hainbat gauza ikusten zizkiola fetuari, banan-banan ez zirela larriak, baina guztiak batera sindromeren bat egotearen seinalea izan ahal zirela. 

Horregatik, hurrengo egunean bertan, Gurutzetako ospitalean dagoen fetuen unitatera bideratu gintuzten. Han adituak dira eta arrisku handiko haurdunaldiak kudeatzen dituzte. Bertan zerbait ikusten ziotela berretsi ziguten, sabela inoiz ez baitzioten sumatzen beterik. Umeak esofago atrezia zuela zen euren susmoa. 

Susmoa zen eta proba pilo egiteari ekin zioten; kardiologoek, genetistek, ginekologoek... denek artatu gintuzten. Genetistak amniozentesia egitea aholkatu zigun, argitzeko sindromerik zuen ala ez. Lehen emaitzak hamabost egunetan heldu behar ziren eta hurrengoak hilabete batzuen buruan.

Hamabost egun horiek igarota, esan ziguten lehen emaitzen arabera ez zuela sindromerik eta kardiologoek ere baztertu zuten bihotzean gaitza izatea.

Dena den, esofagoko atreziaren susmoa mantentzen zuten. Informazio horrekin guztiarekin, gris eskala bat jarri ziguten mahai gainean. Asko laburbilduz, alde batean, ilunenean, umea oso txikia zenez litekeena zela plazentari asko eskatzea, hazi behar zelako, eta txikiegia izatearen ondorioz hiltzea eta beste aldean, argitsuenean, umearen arazo bakarra txikia izatea zela eta oraindik irensten ez jakitea eta horregatik sabela beteta ez ikustea.

Hori guztia eta tarteko aukera guztiak mahai gainean izanda, bi eguneko epea eman ziguten abortatu edo ez erabakitzeko.

Nola hartu zenuen ardura hori?

Oso galduta egon nintzen erabakia nire esku geratu zelako, hasiera batean emaitzak argiagoak izango zirela pentsatu nuen eta medikuek erabakia hartzen lagunduko zidan gomendioren bat emango zidatela. Kontua da medikuek ez dutela bola magikorik etorkizuna ikusteko eta ulertzen dut izan zuten jarrera.

Informazio asko ematen zidaten, lehen aipatu bezala, gris tonu askorekin, eta ni ideia konkretu batzuekin geratzen nintzen. Esate baterako, asko markatu zuen nire erabakia abortatutako ume batzuei egindako autopsietan ez dela ondoren malformaziorik aurkitu esan zidatenean. Horregatik, adibidez, izugarri kostatzen zitzaidan abortatzeko erabakia hartzea. 

Erabakia hartzeko izan genuen bi egun horietan jende askoren iritziak jaso nahi izan nituen, ez nuen nire erabakia bakarrik hartzerik nahi, babes eske aritu nintzen. Umearen ostikorik sentitzen ez zuen jendearen iritzia nahi nuen, objektiboagoa izango zelakoan, baina hor ere norberaren beldurrak sartu ziren eta momentu batzuetan eztabaida guztiz desitxuratu zen. Izan ere, beldur ugarik ez zuten oinarririk. 

Egun haiek prozesu guztiko gogorrenak bezala oroitzen ditut, eta esan nahiko nuke emakumezkoek eman zidatela sostengua. Esanguratsua izan da, gauza berria ez den arren... Berri txarrenak jaso izan ditudanean eta etxean agertzea erreza ez zenean, batez ere, emakumeak etorri dira. Ama, Marije, Maider, Leire, Nerea… Gizon askok oso txarto pasa dutela badakit, baina ez dira ezta hurbildu ere egin. Oso adierazgarria izan da.

Zer egin zenuen orduan?

Beranduenez ostiral goizean deitu behar nuen ospitalera epeak betetzeko. Heldu zen eguna eta ordua eta ez nintzen gai telefonoz deitzeko, amak deitu zuen nire ordez, nik ezin bainion negar egiteari utzi. Ginekologoak adierazi zion aukera nuela hara joateko eguerdian, behin kontsultak amaituta. Egia esanda, hori izugarria izan zen niretzat.

Horri esker joan ahal izan nintzen nituen azkenengo zalantzak argitzera. Ez zen nire ginekologoa, beste bat zen, baina paper batean idatzitako nire hamaika beldur eta galdera erantzun zizkidan.

Aurrera egiteko erabakia hartu ondoren, lasaitasuna ikaragarria izan zen. Berriro atsedena hartu nuen eta ia ematen zuen ez zela ezer gertatu. Haurdunaldia berriro ilusioz hartu nuen eta hiru asteko atsedenaldia izan nuen. Tarte horretan umea hazi egin zen, ikusten zuten hobeto zegoela eta ni lasaiago nengoen. Gero ospitalera astero joaten hasi behar izan nuen. 

Nolakoak ziren egun horiek?

Joan behar izaten nintzen egunetan, nahiko urduri joaten nintzen. Astero zerbait ikusten bazuten ere, umea hazten ari zen eta aurrera egiten zuen. Adierazi ziguten 25. astetik 28. asterako tartea izango zela kritikoena. Antza, heriotza gehienak tarte horretan gertatzen dira, baina ondo igaro zituen. Batzuetan odol jarioa ez zitzaion ondo heltzen, beste batzuetan normaltasun osoz… astero ardura berri batekin itzultzen ginen etxera.

31. astean agian likido amniotikoa kendu behar zidatela esan zidaten, gehiegi nuelako eta horrek eragin zezakeelako gorputzak ulertzea haurdunaldia aurreratuagoa dagoela eta erditze goiztiarra izatea, gure umeari komeni ez zitzaiona.

Astelehen horretan likidoaren egoera aztertzera gindoazen, baina ez zen beharrezkoa izan, taupadarik ez zegoela ikusi baitzuten.

Kanpotik, badirudi astakeria dela bizirik ez dagoen ume bat erditzera behartzea emakumea, baina amaren ikuspuntutik ez da horrela, ezta?

20. astean abortuaren aukera eman zidatenean, nik medikuei galdetzen nien nola erditu beharko nintzen eta ez zidaten erantzuten. Adierazten zidaten erabakia hartu arte ez nuela jakingo zelan izango zen prozesua. Erditu behar nintzela zen nire susmoa, baina agian ebakuntza baten bidez egin behar zutela ere pentsatu izan nuen, imajinatu norainokoa den gai honekiko ezjakintasuna. Baina zesarea ez omen da onena emakumezkoen uteroarentzat, hortaz, hori ekiditen saiatzen dira.

Niretzat hori zen errazena, bizitza osoan sartu diguten beldurragatik: erditzea oso mingarria eta gogorra dela, alegia. Gainera, lagunen batek aipatzen zidan erditu behar nuela, baina alde txarra baino ez nuela ezagutuko, umea izatearen poztasuna ez bainuen izango. Hori, abortua baztertzeko beste arrazoi bat zen, erditzeari nion beldurra.

Asteak pasatzen zihoazen heinean, beste kezka batzuk genituenez, erditzeari beldurra gero eta plano urrunagoetan geratzen joan zen. Eta behin umea hil zela jakin nuenean, beldur denak guztiz desagertu ziren.

Ez zegoen atzera bueltarik eta ez dakit nondik atera nituen indarrak, baina guztiz ahaldundu nintzen. Umearen aitak lagungarria egin zitzaidan zera esan zidan: “Dena eman duzu ume horren alde, eta orain arte hori izan da gure lehentasuna, baina orain lehentasuna zu zara”.

Nola eragiten da erditzea?

Pilula batzuk jarri zizkidaten; hiru orduro bost aldiz. Dilatazioa ez bazen gertatzen, zenbait orduz itxaron eta berriro prozesu bera errepikatu behar zen. Uneren batean pentsatu nuen egunak igaroko nituela han, baina ez, gau bakarra izan zen. Botikak hartu nituen eta motel joan zen hasieran, bi zentimetroko dilatazioa, gero lau, baina goizean prozesua bizkortu eta 10:30ean sartu nintzen erditzeko gelan. Ordu laurden beranduago jaio zen umea.

Aitortzen dut atsegina izan zela. Ez zen mingarria izan, ez dilatazioa, ez erditzea. Uste dut horren gogo handiak nituela umea ikusteko, nahiz eta hilda egon, horrek erraztu zuela dena. Arraroa egiten zait hau esatea.

Duela urte batzuk hau guzti hau agian makabroa irudituko zitzaidan, baina momentu oso berezia izan zen.

Zer egin zenuen ordu horietan guztietan, dilatatu bitartean?

Gelara sartzen ziren bakoitzean protokoloa zein zen eta hartu beharreko erabakiak zeintzuk ziren azaltzen zizkidaten, beti oso modu gozoan. Hasteko, galdetu zidaten umea ezagutu nahi nuen edo ez. Une oro gogoratzen zidaten azken momentuan iritzia aldatu ahal nuela. Umeari autopsia egitea edo ez gure erabakia izan zen ere.

Bestalde, elkarte batek osatutako kutxa zuten niretzat, umearen oroitzapenak gordetzeko. Nahi izanez gero, erakutsiko zidatela, gero haurraren gauzak han izateko, oinatzen markak, tokilla.... Bide batez, Esku hutsik eta Umamanita elkarteen berri eman zidaten.

Hiru erizain igaro ziren gelatik, batzuk esperientzia handiagoarekin gurea bezalako kasuetan eta beste batzuen lehenengo aldia izanik, hau ere jakinarazi ziguten, zerbaitetan hanka sartuz gero, mesedez, esateko.

Gelako atean tximeleta baten irudia zegoela jakin dut gerora, horrela bertara sartzen ziren langile guztiek gure egoeraren berri eduki zezaten. Tximeleta haurdunaldian, erditzean edo jaio eta gutxira hil diren umeen sinboloa omen da.

Tratua oso ona izan zen, oso errespetuzkoa, eta esker hitzak baino ez zaizkit etortzen.

Beti izan da horrela?

Ez, antza protokolo berria dute orain ospitalean eta beste emakume batzuen testigantzak ezagutu ostean esango nuke orain dela gutxikoa dela. Ni erditu nintzen ospitalean badago, baina ez dakit gainontzekoetan ere badagoen. Alde batetik, antza, lehen izara batekin erditu behar izaten zuten emakumezkoek, ez zieten umea ikusten uzten eta jaio eta berehala eramaten zuten, orain aukerak dituzu: umea jaio bezain laster ikusi, jantzi ostean edo ez ikustea.

Nire hasierako erabakia izan zen jantzi ondoren ezagutzea, baina erditzean iritziz aldatu eta altzoan jartzea eskatu nien. Ematen du gezurra dela esango dudana, baina nire bizitzako unerik ederrena izan da. Umea ikustea izugarri polita izan zen. Gure alaba guztiz osatua zegoen, txikia zen, baina polit-polita.

Bestetik, lehen, erditu eta emakumezkoak “ama berrien solairura” eramaten zituzten, gelan bizirik jaio den haur baten ondoan egotera. Nire kasuan beste solairu batera eraman ninduten, eta eskerrak, izan ere, haur jaio berrien negarrak entzuteak min handia eragiten zidan egun haietan.

Prozesua horrela bizi izanak dolua hobeto eramaten lagundu didala uste dut, oroitzapen ederrak ditudalako, min guztiaren artean.

Eta erditu ostean?

Dilatatzen aritu nintzen gelara eraman ninduten berriro. Barruan gurasoak eta lehengusina bat zeuden eta umea ikusteko aukera zutela esan nien, laster ekarriko zutelako. Zalantzaren batekin, baina ikustea erabaki zuten. Klabea izan da hau niretzako. Oso onuragarria. Alegia, ume horrek aitortza jaso du, eurek ere ikusi dute, existitu da.

Esperientzia hauek estali egin dira gehienetan, baina berebiziko garrantzia dute zauriak osatzeko, gure alabak aitortza izan zuen. Lehengusinak altzoan izan zuen, adibidez, eta txikikeria ematen duen arren, ni ezin naiteke eskertuago egon, momentu oso ederrak izan zirelako. Izeko ere etorri zen eta denak aritu ginen argazkiak egiten. Umearekin bakarrik geratzeko eskatu nien ere, oso momentu berezia izan zen. 

Orain gai honen inguruan gehiago hitz egiten dela ematen du eta jende askok kontzientzia garatu du, askotan errepikatu didate ni jada ama naizela eta horrek ere lagundu egiten du.

Nola agurtu zenuen umea?

Birritan agurtu nuen, lehenengo ospitalean eta ondoren erraustegian. Legez zure ardura da erraustea edo ehorztea. Fededuna izanez gero, meza egin dezakezu. Ez da nire kasua, guk erraustea soilik erabaki genuen. Gaizki ulertu baten ondorioz, ordea, erraustegira joatean ordubeteko beilatokia egongo zela jakin nuen. 

Bikotea kezkatu egin zen niretzat umea berriro ikustea mingarria izango zelakoan eta beilatokiko arduradunek kutxa itxita edo zabalik edukitzeko aukera eman ziguten. Niretzako egoera mingarria izatearen kontrakoa izan zen, beste ordubete izan bainuen umearekin egoteko.

Ahazteko beldurra nuen eta berriro ikusi nahi nuen alaba. Ordubeteko beilatokia genuela ez nekienez, ez nuen inor gonbidatu eta han gurasoak, izeko osaba eta neba-arrebak bakarrik batu ginen.

Niretzat garrantzitsua da beilatokietara joatea maite dudan jendeaz agurtzera eta pena izan zen jendearen artean zabaltzeko aukera ez izatea, jakin badakidalako batzuk gustura etorriko zirela. Hala ere, bi lagun min etorri ziren. Beraientzat ere onuragarria izan dela aitortu didate eta hausnarketa ederrak egin ditugu gerora.

Prozesu gogorra izan bada ere, gure laguntasuna indartzeko eta txarrenari onena ateratzeko aukera izan da guzti hau. Asko sufritu badugu, elkar asko maite dugulako izan da, eta hori polita da. Orain bi ahizpa ditut. 

Doluan lagundu zaitu horrek?

Momentuz ondo egin dit. Ez dakit hilabete batzuk barru depresioak jota egongo naizen, baina momentuz ondo nago. Elkarrizketa honetan ez dut transmititu nahi nik egin dudana egin behar denik. Ez dut adituekin honi buruz hitz egin, ezta ezer irakurri ere ez. Beraz, ez dut beti aholkatzen dutena egin, batzuetan aholkatzen ez dutena ere egin dut, berez atera zaidana.

Honekin esan nahi dut bakoitzak momentuan nahi eta ahal duena egin behar duela. Berez, kanpotik ikusita, hartutako erabakiak oso gogorrak izan daitezke, baina nik ez dut horrela bizi izan. Naturalena izan da.

Egia da aholku guztiak ez ditudala jarraitu. Adibidez, esaten dute etxean gela bat prest izanda edo jostailuak izanda, gorde behar direla. Nik ez dut egin. Gustatzen zait hori hor ikustea, eta agian etorkizun batean beste umeren batek erabiliko ditu. Halere, oso gauza gutxi ditut, jendeari esan niolako ez egiteko oparirik, umeak arazoak zituela jakin baino lehen, bada ez bada.

Elkarrizketa honekin nahiko nukeena da, gaia mahai gainean jarri, naturaltasunez hitz egin ahal izateko, norbaiti antzeko zerbait gertatuz gero, behintzat ez dezan sentitu berari bakarrik gertatu zaionik. 

Lagun batekin askotan hitz egin dut umeen heriotzari buruz, ‘baby shower’ deituriko ekimenen harira sarri. Jaio ez den ume baten bizitza ospatzen da eta nire lagunen artean egin izan dugu. Ni ez naiz ospakizun hauen oso aldekoa eta uste dut jaio eta hilabete batzuetara egitea egokiagoa zela, bizitza ospatu behar delako noski! Lehen horrela egiten zen, ezta? Ni ez naiz bataioen aldekoa, baina iruditzen zait zentzu handiagoa duela.

Ez nuen inoiz uste niri alaba bat hilko zitzaidanik, ez baita ohikoena, baina askotan gertatzen da eta estali egiten da. Esan nahi dudana da modan jarri dela berez mingarria izan daitekeen zerbait. Kuadrillan egin den azkenengora ez nintzen joan, eta orduan ez banekien ere, gure umea jada hilda zegoen.

Arruntena da hau estaltzea. Zuk, ordea, berehala jakinarazi zenuen sare sozialetan. Asko hausnartu zenuen zabaldu baino lehen?

Bai, nahiz eta egun berean egin, kostatu egin zitzaidan. Ingurukoekin hitz egin nuen honi buruz, lotsa handia ematen zidalako. Hala ere, argitaratu nahi nuen gaia ikusarazteko eta nire burua moduren batean babesteko. Hau da, ez nuen nahi kaletik joan eta jendeak ni zoriontzea, triparik ez nuelako.

Batez ere, ikustaraztea zen asmoa, jendea konturatzeko holako kasuak ere badaudela. Sare sozialetan tripa haurdun pilo ikusten dira, azken egunera arte eta erdiondoko lehenengo egunetik kirola egiten duten emakumeenak, esaterako. Baina badaude ere haurdunaldia ohean pasatu behar duten emakumeak, haurdun geratzeko arazo handiak dituztenak, haurdun gelditzen ez direnak, abortu bat bestearen atzetik dutenak edota heriotza perinatala edo neonatala bizi dutenak. Eta hau ere ikusarazi beharra dago.

Batzuk mezu pribatuak idatzi dizkidate gaia ateratzeagatik eskerrak ematen, etorri zaizkit batzuk kaletik euren esperientziak kontatzera, antzeko egoerak bizi izan dituztelako eta beste batzuei ezer esan gabe nabaritu diet horrelako egoerak bizi izan dituztela.

Emakume askorekin saretzeko balio izan dit, babes handia sentitu izan baitut euren esperientziak kontatu dizkidatenean. Hemendik, eskerrik asko. Ikusi dut ez zaidala niri bakarrik gertatu, ez naizela berezia. Zentzu horretan polita izan da, babestua sentitzea. Jakina da emakume askok galdu izan dutela umea, gehienbat haurdunaldien hirugarren hilabetea baino lehen. Mina oso antzekoa delakoan nago.

Haurdunaldiaren hasieran hiruzpalau aldiz joan nintzen urgentzietara odol jarioak izan nituelako. Oso izututa joan nintzen, uste bainuen umea galdu nuela, eta sentitzen nuen mina gerora sentitu nuenaren oso antzekoa izan zen. Berdin zuen zortzigarren, hamabigarren edo hogetalaugarren astean izan.

Sentsazioa dut jendartean oso zabaldua dagoela erditu zarenez eta umearen tamaina indaba batena ez denez, mina askoz handiagoa dela, baina nik fase ezberdinetan pairatu izan dudan beldur eta mina oso antzekoa izan da, ez pentsa azkena izan denik okerrena.

Gainera, hogeita hamaikagarren astean gertatzea oso gogorra da jende askok tripa ikusi dizulako, publikoa delako, baina hirugarren hilabetean baino lehen gertatzeak ere ziur nago min handia egin behar duela, zure inguruak oraindik ez dakielako eta zuk bakarrik egin behar diozulako aurre galerari. Uste dut sekulako bakardadea sentitu behar dela.

Nik besarkada gozo bat bidali nahi diet emakume horiei guztiei. Ziurrenik eurak, nik bezala, ilusioa galdu dute eta badakite herriko zein ume izango ziren gureen adin berekoak, gure haurrak norekin joango ziren eskolara... 

Haurdun egoteak badauka beste dimentsio bat. Ilusioa sortzen duzula ingurukoen artean eta, bat-batean, txarto amaitzen denean, badirudi nolabait zure ardura dela.

Horri beldurra izan diot hasieratik. Ni dena partekatzearen aldekoa naiz, baina ez nuen kontatu nahi. Haurdun geratu baino lehen, sare sozialetan irakurri nuen, haurdunaldiaren lehenengo 3 hilabeteetan ez dela kontatzen galtzeko aukera asko daudelako eta umea galtzearen gaia tabua delako, eta egia da, nik ere ez nuen kontatu nahi.

Hor kontraesana bizi izan nuen. Zortzigarren astean esan nion familiari, baina aipatu nien ezer ez nuela esango hamabigarren asteko ekografia egin arte, atzeratu nahi nuen albistea ematearen unea. Hori egitearen arrazoia zen familiari disgusturik ez ematea, batik-bat ama eta aitari. Beldur ikaragarria nuen.

Oso presente dut umea hilik zegoela jakin ostekoa momentu gogorrenetariko bat bezala gogoratzen dudana. Barru barrutik atera zitzaidan gurasoei barkamena eskatzea. Badakit ez dela arrazionala hori esatea, baina horrela atera zitzaidan. Ilusioa piztu nuen -lehenengo biloba izan da- eta berri txarraren erantzule sentitzen nintzen. Ardura guztia nire gain sentitzen nuen.

Inguruan poztasuna eragin ostean, gogorra da ikustea nola jendeak zurekin batera mina sentitzen duen, edo nola hunkitzen diren. Ni min hori eragitearen errudun sentitzen nintzen, baina hori ere sendatu egiten da denborarekin. 

Nolakoa izan da etxera itzultzea?

Egoera hau oso gogorra eta tristea da, eta ospitaleko lehen egun horietan pentsatu nuen ezerk ez zidala berriz ilusiorik sortuko. Ez planik egiteak, ez lanera joateak, ez abesteak… Baina itzuli naiz etxera eta ez da horrela izan.

Izan ere, ez dut oroitzapenik izan umearekin espazio fisiko horretan. Faltan botatzen dituzu bere ostikoak tripan sentitzea, berari hitz egitea. Bat-batean buruan zenituen plan guztiak desagertu egiten dira. Data zehatz batzuk heltzearen beldur nintzen, berarekin imajinatzen nituen horiek, baina gero uste baino hobeto eraman dut.

Erditu eta hiru egunera haurdun zegoen lagun batekin geratu nintzen. Oso lagun minak gara eta ia batera izango ginen ama. Imajinatzen dut haurdun zaudenean, zure lagun baten umea hilda jaiotzea oso gogorra izan behar duela. Hortaz, berarengana jo nuen, ikus zezan ondo nengoela.

Jende ezagunarekin topo egitea gogorra izango zela uste nuen ere, baina ez da hala izan, momentu gehienetan eurak pasatu dute nik baino txarrago. Badira zuzenean hitz egitera etorri zaizkidanak, badira hanka sartu dutenak eta baita ezer gertatu ez balitz bezala hurbildu zaizkidanak.

Azken hauekin egotea izan da niretzako gogorrena, nik, batez ere hasieran, umearen inguruan hitz egin nahi nuelako. Ulertzen dut hala ere, jarrera hau hartzea, nik sarri berdin egin dudalako. Beste batzuk “agian orain ez da momentua” edo “jai giroan ez dizut gai hau atera nahi” batekin hasi zaizkit. Niretzako ederra da honi buruz hitz egitea eta infinituraino eskertuta nago jasotako maitasun guztiarekin. Begirada batek, musu batek, besarkada batek, mezu batek… baita sare sozialetako keinu bat jasotzeak ere asko lagundu nau. Eta ez, ez duzue hanka sartu gaia atera didazuenek. Bihotzez, eskerrik asko.

Egon dira asko harritu direnak erditu behar izan nintzela jakin dutenean, horregatik errepikatzen dut, beharrezkoa da gai hau mahai gainean jartzea. 

Udan zehar Espainiako estatuko aurkezle famatu batekin ere polemika sortu da, erditu eta berehala gorputz normatibo batera itzuli dela kontatzeko, sare sozialetan argazki bat jarri duenean. Honek apur bat mugitu ninduen. Horrelako mezuak hainbeste jenderengana heltzeak beldurtu egiten nau. Ni erdiondoa bizitzen ari naiz, umerik gabeko erdiondoa, eta nire tripa desitxuratua da ume horrengandik geratzen zaidan gauza bakarrenetarikoa. Ez dut lehengo gorputzera itzuli nahi. Nire gorputza aldatu egin da gure umearen babesleku izan delako eta horrela maite dut. Gero eta gehiago gara gure gorputzetan ematen diren aldaketak maite ditugun emakumeak. Eta hau ere esan beharra dago. 

Udan ere berri pozgarri bat heldu da ume bat hilda jaio zaigun familientzako: hauek erregistroan inskribatzeko aukera izatea, eta horretan ari gara, oztopo batzuk tarteko. 

Azkenik, kontatu nahiko nuke orain dela aste batzuk umearen autopsia jaso nuela. Azaroan genuen hau jasotzeko hitzordua baina akats baten ondorioz abuztu amaieran gutun bidez heldu zitzaigun. Nik ez nuen txarto hartu, ahalik eta lasterren itxi nahi izan dudalako prozesua, baina oso mingarria izan daiteke umearen autopsia gutun bidez eta azalpenik gabe jasotzea. Ospitalera deitu bezain laster hitzordua aurreratu eta barkamena eskatu ziguten. Azalpen guztiak jaso genituen bertan. 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amatasuna
Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


2023-12-03 | Saioa Baleztena
Alaine Agirre. Isildutakoa aldarri
“Eraldatu egin naiz amatasuna bilatu eta ezin aurkitzearen prozesuan”

Bertzeen artean, Odol mamituak, X hil da , Bi aldiz erditu zinen nitaz ama, eta Kamisoi zuri zetazkoa eleberrien eta Txoriak etortzen ez diren lekua poema liburuaren idazlea da Alaine Agirre (Bermeo, 1990). Isildutakoak ekartzen ditu paperera. 2021eko irailean argitaratu zuen... [+]


Gurasotasun baimena hemezortzi astera luzatuko da sektore pribatuan ere, EAEn

Gizarte Segurantzak baimendutako hamasei asteen laguntza osagarri gisa planteatu du Eusko Jaurlaritzak bi asteko luzapena. 2019tik sektore publikoko langileek baimena eskuratzeko aukera dute.


Eguneraketa berriak daude