Googlek babestutako hezkuntza

  • Familiek, elkarteek eta sindikatuek ohartarazi dutenez, ikasleek 10 urtetik aurrera Gmail kontua eduki behar dute nahitaez, eta Chromebook ordenagailu eramangarriarekin lan egin behar dute.

Ikasgelak enpresa teknologikoentzat arrantza-leku bihurtu dira.

2019ko abenduaren 04an - 12:29

Irailean Lehen Hezkuntzako laugarren maila hasi zenetik, Nicoren motxilaren pisua kilo eta erdi igo da, hori baita egunero eskolara eraman behar duen Chromebook ordenagailuak pisatzen duena. Ordenagailu eramangarrian Natura, Gizarte eta Matematika ikasgaiak lantzen ditu. Baina ikasgai horien etxeko lanak dituenean, paperezko liburuak ere eraman behar ditu. Guztira, ostegunean 5,4 kilo pisatzen zuen motxilak, eta Nicok udatik jarraitzen du 31,1 kilo pisatzen. Nahiz eta pisuaren hori izan daitekeen bide teknologikoa egiten hasi den hezkuntzaren inkoherentzia nabariena, azalekoena den problema baino ez da. Gurasoak tematzen dira pantailei eskaintzen dieten denbora etxean kontrolatzen, baina eskolak posta elektronikoko helbide bat eman dio dagoeneko. Eta Google erraldoi teknologikoaren bidez sartu behar du bertan.

"Ez dut irabazirik ikusten. Kargatuta doa, familiok 400 euro balio duen ordenagailua erosi behar dugu, kaligrafia menderatu gabe mekanografia egin behar du jada... Nicok hamar urte ditu, eta dagoeneko lagunei e-mailak bidaltzen ari da. E-mailak sare sozial bihurtu dira haientzat. Ez dut ezer positiborik esateko lan egiteko modu honi buruz", azaldu du haren aitak, Manuel Vicariok.

"Googlek eta Microsoftek erraztasunak ematen dizkiete ikastetxeei, haien bidez kontsumitzaile berriak sortzen dituztelako"

Chromebook 2009an Googlek hezkuntzan erabiltzeko sustatu zuen ordenagailua da. Biltegiratzeko memoria gutxi du, eta “hodeian” lan egiteko pentsatuta dago. Erraldoi teknologikoaren aplikazioekin hornituta dator, bere G Suite for education hezkuntza paketean.

Viuda de Epalza Bilboko eskola publikoan Chromebook ezarri izanak erresumina eragin zuen ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenean (OOG, Eskola Kontseilu ohia). Bertan, hainbat gurasok zalantzak agertu zituzten eta uko egin zioten ordenagailu eramangarri hori Lehen Hezkuntzako laugarren mailan nahitaez erosteari. Guraso horietako bat Pablo Garaizar da, Deustuko Unibertsitateko informatika irakaslea eta software librearen defendatzaile irmoa. 2017an sortu zen eta 200 lagunek osatzen duten Hezkuntzan ere librezale elkarteko kidea da. Elkarte hori guraso, maisu eta informatikariek osatzen dute. Denak kezkatuta daude haurren datuak Googleri edo Microsofti ia nahi gabe emateko tendentziarekin.

"Googlek eta Microsoftek munduko ikastetxe guztiei erraztasunak ematen dizkiete haurrek lan egiteko lehen tresnak izan ditzaten, kontsumitzaileak sortzen ari direlako, teknologiak nola funtzionatzen duen dakiten pertsonak baino gehiago", ohartarazi du Garaizarrek. Teorikoki, konpainia teknologiko handiek ez dituzte hodeian gordetzen dituzten ikasleen datuak eskuratzen edo lagatzen. Baina tranpa berehala dator. "Agian ez da egiten duten lehen gauza, baina bigarrena Gmaileko kontu pribatua sortzea da, eskolakoa alde batera utzita, helduok zelatatu ez ditzagun". Edonola ere, ordenagailua irekitzen duten bakoitzean izen-emanda daude, eta Youtubeko bideoak begiratzen dituztenean, jada ez dute egiten heldu baten helbidearekin.

"Amorrua ematen dit tresna horiek bakarrik ikasteak, garrantzitsuena dokumentu bat idazten ikastea baita. Baina irakasleentzat erosoagoa da enpresa handiekin lan egitea, normalean haien aplikazioekin ohituta gaudelako. Emaitza da Google bihurtzen dela gure sponsor moduko bat. Guk uste dugu alternatiben alde lan egin behar dela ", gaineratu du Garaizarrek.

Iñigo Belardi Tolosako lanbide heziketako institutuko IKT dinamizatzailea da. 18 urte daramatza bere zentroan software librea ezartzen, eta erreferentzia dira Euskal Herrian. Belardirentzat kontu honetan gakoa da "ezagutza guk geuk kudeatzea, hori besterik gabe". Informazioa "aktibo estrategikotzat" jotzen du, zentro bakoitzak, eta pertsona bakoitzak, jabe izan behar duelako. Horregatik, eskola-klaustroak duela ia bi hamarkada onartu zuen agindu horri balioa ematen dion eta teknologiaren ezarpena diziplina anitzetan kudeatzeko aukera ematen dien politika bat.

"Zaila da ikastetxeetako sinergiak aldatzea eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ez da neutroa izaten ari. Haurrek bitaminak hartzea nahi baduzu, ez dituzu McDonald's-era eramaten"

"Bost lagun ari gara lanean: informatikaria, kalitate arduraduna, ekipamenduetako arduraduna, zuzendaria eta ni, fokua pedagogian jartzen dudana", azaldu du Belardik. Urtero, beren ikasleek behar dituzten aplikazioen inbentarioa egiten dute, baita software librean eskuragarri dauden aukerak ere. Ikasturte honetan Zimbra posta elektronikoa, Moodle irakaskuntza plataforma eta dokumentuak Next-Cloud-en gordetzea aukeratu zuten. Dena software librea. Eta nola bizi dute ikasleek? "Egoera globalizatzaileak direla eta, ez dute beti ulertzen tokikoaren garrantzia", laburbildu du, diplomatikoki, nerabeen mesfidantzez eta beti presente ez dagoen espiritu kritikoaz aritzean.

Marko Txopitea ere Hezkuntzan ere librezale eta hura sortu zuen Librezale elkarteko kidea da. Software librea euskarara itzultzeaz arduratzen den informatikari eta itzultzaileen kolektiboa da eta manifestu bat prestatu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ikastetxeetara bidaltzeko, irakasleak software libretik lan egitearen garrantziaz kontzientziatzeko itxaropenarekin. Dokumentuan lau puntu nabarmentzen dira: pribatutasuna, bost urteko lizentziak dituzten ordenagailuen zaharkitze programatua –tarte hori igarota Chromebookek jada ez du eguneratzerik jasotzen eta huts egiten hasten da–, multinazional teknologiko handiekiko sortzen den dependentzia eta euskararen egoera. "Inkongruentea da euskal erakundeek euskaratuta ez dagoen softwarea sustatzea", ohartarazi du informatikari eta itzultzaile honek.

Erakundeek "agintea" hartzearen garrantzia azpimarratu du Txopiteak. "Zaila da ikastetxeen sinergiak aldatzea, eta Hezkuntza Saila ez da neutroa izaten ari. Guk janariarekin alderatzen dugu: haurrek bitaminak hartzea nahi baduzu, ez dituzu McDonald's-era eramaten".

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak El Salto-ri adierazi dionez, Chromebookak erosteko erabakia ikastetxeena da, eta Hezkuntza Sailak ikasgela informatikoetarako erosi dituen ordenagailuek abiatze duala dute. Microsoftekin edo Linuxekin egin daiteke eta erabakia ere zentroari dagokio.

"Sinestezina da IKTetako formazioa Google bezalako enpresa baten eskutik etortzea"

Bestalde, Googlek honako hau defendatzen du bere prentsa kabinetearen bidez: "Ez dugu daturik saltzen, ezta hirugarrenekin partekatzen ere G Suite for education-en ostatatutako informazio pertsonala, eta ez dago iragarkirik aplikazioetan, ezta Googleren bilaketa-motorra erabiltzen dutenean ere". Ez Hezkuntza Sailak ez Googlek ez dute Chromebooken ezarpen mailari buruzko daturik eman nahi izan.

Steilas euskal hezkuntzan gehiengoa duen sindikatuak ohar bat idatzi zuen azaroaren 5ean, "Googlek azken hamarkadan izan duen intrusismoaz" ohartarazteko, "G Suite, Google classroom eta Gmail aplikazioen erabilera nabarmen handitu baita ikastetxeetan". Sindikatuak Hezkuntzan ere librezale elkartearekin bat egiten du, "ikasleak interes ekonomiko eta ideologikoak bilatzeko tresna izatera pasatu dira, eta, horren ondorioz, erakunde pribatuek beren jomugan jartzen dute eskola". Hori dela eta, "Sinestezina da IKTen prestakuntza Google bezalako enpresa pribatu baten eskutik etortzea".

Pribatutasuna, mendekotasuna eta erraldoi teknologikoen erabiltzaile berrien sorrera alde batera utzita, Hezkuntza eta Psikologian aditua den Catherine l'Ecuyerrek, Harriduran hezi liburuaren egileak, gogorarazten du ELGAk 2015ean Students, Computers and Learning txostenean ohartarazi zuela, "Oro har, eskolan ordenagailuak neurriz erabiltzen dituzten ikasleek emaitza hobeak lortzeko joera dutela. Baina oso maiz ordenagailuak erabiltzen dituzten ikasleek emaitza txarragoak lortzen dituzte, baita ikasleen jatorri soziala eta ezaugarri demografikoak kontuan hartu ondoren ere".

Bihar Nico eskolara itzuliko da bere motxila astunarekin. Zorionez, hiru blokeko tartea besterik ez du ibili behar. Eta bere ikastetxean software librearen eztabaida itxita badago ere, gero eta ikastetxe gehiagok zalantzan jartzen dute aplikazio pribatiboen erabilera. Asteazkenean topaketa bat egingo da Tolosan Euskal Herriko eskola eta institutu ugaritako irakasleekin, erronka hori kontzientziatik jorratzeko eta multinazional teknologikoek gutxiago menderatzen duten bide baterantz kolektiboki ibiltzen saiatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia burujabetza
Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


AntennaPod: entzun podcast guztiak aplikazio bakarrean

Martxoaren 15ean RSSak (Really Simple Syndication) 25 urte bete ditu. Gehienek ez dakite zer den eta beste batzuk hiltzat jotzen dute, baina teknologia burujabetza ikuspuntutik oso interesgarria izaten jarraitzen du eta bizi-bizirik dago. Bitartekaririk gabe gure intereseko... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude