Alejandro Suárez Sánchez-Ocaña enpresari eta teknologia berrietan aditua Desnudando a Google. La inquietante realidad que no quieren que conozcas liburuaren egilea da eta enpresa horretan izandako esperientziatik abiatuta Google-n bilakaera eta atzealdea kontatu ditu liburuan. Elkarrizketa egin diote Deia egunkarian eta pasarte batzuk aukeratu ditugu.
Google hasieran etika lehenesten zuen enpresa zela dio Suárezek, "baina 2004an Burtsara atera eta pixkanaka beste interes batzuei men egiten hasi zen (...), erabiltzaileekin, legeekin, jabego intelektualarekin edo pribatutasunarekin dituen hainbat jarrera kezkagarriak dira". Eta adibide bat ematen du: "Gmail posta kontu batekin, onartzen ari gara Google-k automatikoki eskaneatu ahal izatea gure mezu guztien edukia: zertaz hitz egiten dugun jakitea, zeinekin, eta informazio hori erabiliz, gero produktuak eta zerbitzuak saltzeko, ez Google.com-en sartzen garenean soilik, baizik eta Google-n produktuak dituen Interneteko edozein webgunera sartzen garenean".
Pribatutasun faltaz honakoa gaineratu du Alejandro Suárezek: "Google-ko egungo presidenteak, Eric Smith-ek, esaldi berezia erabili ohi du: 'Zure pribatutasunaren zati bati uko egiten ez badiozu, ezin dituzu azken aurrerapen teknologikoak erabili'. Ni ez nago horrekin ados, pribatutasuna eskubide funtsezkoa da eta ez dut zertan eskubide bati uko egin produktu teknologiko bat eskuratzeko".