Gobernu akordioan euskararekiko helburuak gutxitu arren, Ollok dio “aurrekoa baino handinahiagoa” dela

  • Hala adierazi du Ana Ollo Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Foru Legebiltzarrean, adostutako programan lehenagokoarekin alderatuz hiru puntu ezabatu eta beste zortziak aldaketarik gabe mantendu badira ere.

Euskararen aldeko mobilizazio bat Iruñean. (Argazkia: Kontseilua)

2023ko irailaren 15ean - 08:26
Azken eguneraketa: 10:41
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Datozen lau urteei begira, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaritzak jarraituko dituen politikak aurkezteko batzordean, Ana Ollo sailburuak adierazi du “hizkuntzari dagokionez, akordio programatiko berria 2019koa baino anbizio gutxiagokoa dela diotenak oker daude”.

Adostutako neurriei erreparatuz, ordea, errealitatea oso bestelakoa da, txostena argitaratu eta gero Euskalgintzaren Kontseiluak abuztuan salatu zuen moduan. Izan ere, aurreko legealdiko akordioak euskararen inguruan jasotzen zituen hamaika neurrietatik hiru ezabatu baitira, eta gainerako zortziak berdintsu mantendu. Hala ere, Ollok esan du aurreko programa “askoz ere orokorragoa zela” eta kontrakoa diotenek ez dutela “sakonki aztertu”.

Honen erakusle gisa, Euskarabideak bultzatuko duen plan estrategikoa zonifikazioarekin amaitzearen aldekoa dela aipatu du. Baina nahi hori praktikara eramatea ezinezkoa dela argitu du, gaur egun neurri horren aldeko “gehiengorik ez dagoelako legebiltzarrean”, UPN, PSN, PP eta VOX kontra baitaude.

Kontseilariak foru gobernuaren barruan “dagoeneko publikoki agerian geratu diren desadostasunak” aitortu ditu. Inplizituki PSNri erreferentzia eginez, gogoratu du “europar erakundeek urteak daramatzatela Nafarroari eskatzen euskararekiko errespetuan aurrerapausoak eman ditzan” eta estatu mailan onartu berri dela hizkuntza koofizialen erabilera, euskara kasu, erakunde publikoetan.

Euskara sustatzeko neurriak

Ildo beretik, hizkuntza-politika “eztabaida alderdikoitik urruntzea” eta “oinarrizko adostasunetatik” abiatzea eskatu du Ana Ollok. Zentzu honetan, zin egin du gobernuak Bigarren Hezkuntzan A eta D ereduei jarraipena emango diela jadanik eredu horiek Lehen Hezkuntzan ezarrita dituzten ikastetxe guztietan, esate baterako, Tafallan edo Lodosan.

Era berean, iragarri du euskarak garrantzi handiagoa izango duela “administrazio publikoan lan egiteko esparruetan finkatzen diren merituetan” eta legealdiaren amaieran lanpostu horien %90ean euskara baloratuko dela, batez ere Osasunbidean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!