Yemengo eta beste lekuetako gerrak Uribe Kostan hasten direla salatu du Euskal Herriko mugimendu feministak, Areetako Sener enpresan.
Areetan egoitza nagusia duen Sener nazioarteko enpresak ingeniaritza-proiektuak ez ezik armak ere ekoizten dituela salatu du larunbatean Euskal Herriko mugimendu feministak. 120 bat pertsonak baino gehiagok parte hartu du Bizkaia Zubian hasitako manifestazio feministan, "Feministok Gerrari Planto!" leloaren pean. Martxak aurrera egin du Areetako eta Neguriko kaleetatik, sozietatearen egoitzara heldu arte. Bakezaleek "Gerra hemen hasten da!" goiburuko pankarta eta gezurrezko misilak zintzilikatu dituzte lantegiko hesian, manifestazioagaz segitu aurretik.
Oihane Landazabal Haziak Algortako gazte feministak taldeko kidearen arabera, "manifestazioa antolatu dugu Areetan badagoelako Sener armagintza-enpresa; gura genuen adierazi gerra ez dela gerra-esparruetan bertan sortzen, baizik eta hemengo armagintza-enpresetatik bertatik edo Armadaren sostengutik eragiten dela. Hori salatzera etorri gara".
Izan ere, feministek irmoki salatu dute gerra Euskal Herriko hainbat tokitan hasten dela, berton hain errotuta dauden enpresek armagintzarako egiten duten jarduna dela medio. Martxan, "bortizkeria heteropatriarkalik gabeko mundua eraikitzearen" aldeko aldarria egin dute, Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko Eguna gogoan hartuta.
Ane Lada Muñozek ere argi utzi du "gerrak ez direla lubakietan hasten; gure eskualdetik propio eragiten dira, eta ondoan daukagun Santurtziko portutik ere armak atera izan dira eta suposatzen dugu ateratzen segitzen dutela. Ekimen honen bidez espero dugu hori ikustarazi izana eta argi azaltzea gerra Uribe Kostatik ateratzen dela", azaldu du Haziak taldeko kideak.
Emakumeak gerrateen kontra agertu dira feministen martxa antimilitaristan. Hala, suntsipen eta heriotzaren aurka ez ezik, gatazka-garaietan emakumeak hartutako posizionamendu ausartez ere berba egin dute eta, halaber, bakearen bidea eraikitzeko momentuetan feminismoaren presentziaren premiaz.
Feministek ozen salatu dute Euskal Herriko lurraldeetan armagintzaren negozioak duen presentzia; Euskal Herriko ehun enpresa inguruk parte hartzen du gerraren negoziorako industria militarrean. Eta, larunbatekoan, Sener Ingeniaritza hautatu dute salaketarako ikur gisa. Gogorarazi dutenez, Areetako enpresa historikoa aditua da elektronika militarrean, zaintza, tiroketetarako sistemak eta misilen kontrolerako sistemak diseinatzen. "Hori da, hain zuzen ere, enpresa horren marka; finean, heriotzarako teknologia eraginkorragoa izateko berrikuntza, eta, batez ere, sistema bat elikatzeko, non boteretsuak gerragaz aberasten diren, zibilen artean eta herrietan miseria eta suntsipena eraginez, hondamendi naturalak eragiteaz gain", salatu dute mugimendu feministako kideek.
"Badakigu gerra horren sostenguak interes ekonomikoak ekartzen dizkiela boteretsuenei; horregatik interpelatu ditugu erantzukizuna daukaten boteretsuak" azpimarratu du Oihane Landazabalek. Izan ere, larunbateko martxak salatu ditu erakunde publikoen, gobernuen eta bankuen papera gatazkei eta militarizazioari eusteko, baita gatazkei "etekin ekonomikoa ateratzeko politikak" ere. Hala, ikusmiran ipini dituzte enpresa transnazionalen rolak, "herri osoak suntsitzen dituztelako, zibilen sarraskiak eragiten dituztelako eta horien defendatzaileak kriminalizatzen dituztelako sarri".
Bestalde, gastu militarrak bertan behera uztea erreklamatu dute emakumeek. Horrekin batera, "arma-erosketarako, base militarren instalazioetarako, armadaren mantenurako eta halakoen azpiegituretarako erabilitako aurrekontu publikoen erabilera" eta Armada bera amaituko lirateke ere. Gainera, proposamenak egin dituzte parte-hartze parekideak sustatzeko, bai gatazken prebentzio eta kudeaketa garaian bai gatazkek dirauten bitartean zein berauen ondoren, emakumeen eta gizonen arteko desoreka apurtu eta maila berean jarduteko beharra nabarmenduta. Horri lotuta, ezinbestekotzat jo dute gerretan emakumeek pairatutakoak onartzea, baita bakearen alde emakumeek historikoki egindako lana aitortzea ere.
Hezkidetza herrikoia eta bakerako hezkuntza dira feministen ikuspegitik aurrera egiteko bideak, eta biolentzia eta jarrera sexistak goraipatzen ez dituen elkartasun-sistema bat eraikitzea aldarrikatu dute, "alternatiba bakarra" legez; hortaz, deitu dute kontzientzia eta ardura kolektiboak hartzera eta emakumezkoen gorputzekiko, askatasunarekiko, lurraldeekiko eta bizitzekiko mehatxuakaz amaitzera.
Gerra eta bere bortizkeriaren aurka, feministek aldarrikatu dute bizitza erdigunean ipintzea eta bestelako mundua eraikitzea: "Gerra hondamendia da, feminismotik aldarrikatzen dugun bizitza jasangarri baten kontrako adierazpena. Gure herrian armak ekoiztu eta esportatzen direla badakigu, eta arma horien helmugak, industria militarrak behin eta berriz elikatzen dituen gatazkak dira. Feminismoak ez duelako emakumeok, gure gorputzak, gure bizitzak, gure askatasuna eta gure lurraldeak zapaltzen dituen eredu sozialik gura".
Modu berean, emakumeek adierazi dute gerretan heteropatriarkatua esponentzialki biderkatzen dela "infinitura arte", eta "emakumeen aurkako muturreko biolentzia, suntsiketa estrategiaren parte" bihurtzen dela. Armadan ipini dute fokua, jendartearen "erakunde patriarkal garrantzitsuenetarikoa" dela adierazi dute, gizon-emakume dikotomiaren berezko desberdintasunen adierazgarrienetakoa delakoan: "boterearen hierarkizazioa, buruzagia eta bere dominazioa gurtzea, obedientzia, biolentzia fisikoa, kritikotasun falta, 'mutilen' zirkulu itxia", eta abar. "Indarrean eta agresibitatean oinarritutako maskulinitate-eredu hori" gazteen artean zabaltzen dabilen erreferentzia dela esan dute, kezkatuta.
Bestalde, historikoki emakumeek gerraren gaitzak psikologikoki, sozialki, ekonomikoki eta fisikoki pairatu dituztela ekarri dute gogora. Besteak beste, emakumeen bortxaketa masiboak gerraren parte integrala izan dira, oroitarazi dutenez. Emakumeak eta euren gorputzak "gerra-harrapakin" gisa jo izan dira batzuetan, besteetan "txanpon-truke, gerlariaren atseden edota gudu-zelai" gisa, besteak beste. Kasu horietan denetan, emakumea objektu-mailara beheratua izan da eta gizonaren jabetzatzat hartua, salatu dute.
Bakezaleek nabarmendu dutenez, "gerretan kapitalismoa eta patriarkatua bateratzen dira, interes ekonomikoak direlako gerrak eta euren makinaria osoa mantentzen dituztenak; gerrek landa-eremuak suntsitzen dituzte eta, horrenbestez, herritarren baliabide eta mantenu-gaiak zapuzten dituzte. Horrela, pobrezia ekonomikoa areagotzen da, mendebaldearenganako menpekotasuna handitzen den bitartean. Gertakari hori enpresa eta transnazional handiek euren mesederako erabiltzen dute, gobernu eta instituzioen isiltasuna dutela medio. Kolonialismo basati horren areagotzea dela eta, emakumeak menpekoago bihurtzen dira".
Euskal Herriko mugimendu feministak larunbatean Areetan gogora ekarri duenez, 1982. urtean, NATO-ren kontra emakumeek burututako borroken oroimenean, Bakea eta Armagabetzearen aldeko Emakumeon Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zen, bereziki, Greenham Common-en egindako protesta eta ekintzetan parte hartutako emakumeen memorian. Izan ere, urteak dira feminismotik gerra eta armagintzaren negozioa arbuiatzea aldarrikatzen dabilela: Greenhameko kideek egin zuten bezala Wipnet-kideek (Women in Peacebuilding) ere ekin zioten, Women In Black-eko ahizpek egin bezala, beste askoren artean. Euskal Herrian, berriz, mugimendu feministak lehenengo urratsak eman zituen duela hainbat urte, NATO-ri uko egin zionean. Aipatutako protestak historiaren hainbat momentutan mantendu ziren (Golkoko gerran, Bosniako gerran emakumezkoen gorputzek pairatutako bortxaketa masiboak gertatu zirenean, edota Afganistango inbasioa salatu zenean, zein Ongi Etorri Errefuxiatuak bezalako dinamiketan ikuspegi feminista txertatuz...), "beti ere antimilitarismoan, internazionalismoan eta elkartasunean oinarritutako ikuspegi batetik".
Orain dela 39 urte Hego Euskal Herriak, Kataluniak eta Kanaria uharteek ezetz esan zioten NATOri; duela 36 urte lehenengo intsumisoek euren burua aurkeztu zuten Gobernu Militarretan. Garai hartan Gerra Hotzaren izua hedatuta zegoen, blokeen arteko gatazka, gerra nuklear baten... [+]
Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]
Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".
“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]
Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]
Europako Batzordeak aurkeztu duen plana ustezko gerra edo hondamendi baten aurrean “bizirauteko” kit batetik harago doa: hogeita hamar neurri proposatu ditu eskoletan, enpresetan eta herritarren artean militarismoa eta beldurra sustatuko dutenak.
“Ez dugu gerraren aurrean etsi nahi, ez dugulako hilerrietako bakea nahi”, dio manifestuak, eta agintariei irtenbide politiko baten alde lanean jartzeko eskatu diete. Sinatzaileen artean daude Delàs institutua, Gernika Gogoratuz edo Ongi Etorri Errefuxiatuak... [+]
Defentsarako gastua handitzeko Europako herrialdeen apustuaren atzean, asko dago propagandatik, eta askoz gehiago interes ekonomikotik. Kontrakoa sinetsarazi diguten arren, XVIII. mendean Ingalaterran Industria Iraultza jaio zenean, armak eta gerra izan zituen oinarri, eta ez... [+]
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da... [+]
"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]
Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez... [+]
Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]
Zerrenda honetan, 2016az geroztik armagintza programaren batean parte hartu duten enpresak sartu ditu Gasteizkoak taldeak, edo militarrentzako produktu espezifikoak garatu dituztenak (ibilgailuak, pinturak, bateriak…). Hego Euskal Herrian sortuak, edo Hego Euskal... [+]
Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]