2025erako EBk bere armada eduki eta operazio militarrak egin nahi ditu, Borrellen arabera

Zuzeneko jarraipena
  • Astelehenean Josep Borrellek Europar Batasunaren asmo militarren berri eman du. Bitartean, Errusiako Armadak erasoan jarraitzen du, izan Mariupol bereganatzen edo Kiev inguratzen.


2022ko martxoaren 21an - 10:00
Gakoak
Odesari eraso egin dio lehen aldiz Errusiako Armadak

Portu garrantzitsua duen Odesa hiria jo-puntuan jarri du Errusiako Armadak, guda hasi denetik lehen aldiz. Nexta hedabide errusiarraren arabera, gaur goizean bonbardaketa ugari izan dira. Hedabide honek eskualdeko administrazioko presidente Sergey Bratchuken hitzak jaso ditu, eta honek dio zenbait etxebizitza suntsitu dituztela. Reuters berri agentziaren arabera, ez da biktimarik. Iazko datuaren arabera, milioi bat biztanle zituen hiriak.

 

2025erako Europar Batasunak bere armada izan eta operazio militarrak bere kabuz egin nahi ditu, Borrellen arabera

Europar Batasunak gastu militarra biderkatu eta 5.000 militarrez osatutako armada eratu nahi duela onartuko du astelehenean. 2025. urterako operazio militarrak gure kabuz egiteko gaitasuna lortu nahi dugu. "Iparrorratz estrategiko bat onartuko dugu, ez Ukrainako gerrari erantzuteko bakarrik, baizik eta erantzunaren hori zati bat dela onartuz, militarki indartsuago egin behar gaituelako", azpimarratu du astelehenean Josep Borrell Europako diplomaziaren buruak, EBko Kanpo Arazoetako eta Defentsako ministroekin bilera egin aurretik.

 

Etxeratze agindua asteazkenera arte Kieven

Astelehen gauetik asteazken goizera etxeratze agindua ezarri dute berriro Kieven. Hiriburuko alkate Vitali Klitschko-k iragarri du. "Gaur hasiko da 20:00etan eta martxoaren 23ko 07:00ak arte luzatuko da".

Dendak, farmaziak eta gasolindegiak ez dira irekiko asteartean, Klitschko-k jakinarazi duenez. "Etxean egoteko eskatzen diot jende guztiari, edo babesguneetan alarma entzuten denean".

Esan duenez, kalean pase berezirik gabe edo babesleku batera bidean ez doan edonor etsai gisa hartuko dute.

Zelenski: "Prest nago Putinekin negoziatzeko, baina huts egiteak Hirugarren Mundu Gerra esan nahi luke"

Ukrainako presidente Zelenskik AEBetako CNN telebista kateari igandean eskainitako elkarrizketan esan du, Errusiaren inbasioa amaitzeko negoziazioek huts egitea litzatekeela "Hirugarren Mundu Gerra".

"Prest nago negoziatzeko Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, baina huts egiten badugu, Hirugarren Mundu Gerra hemen dela esan nahiko luke. (...) Prest nago berarekin negoziatzeko. Prest nago duela bi urtetik. Uste dut negoziaziorik gabe ezin dela guda amaitu", esan dio CNNko Fareed Zakaria kazetariari.

Esloveniak berriro bidaliko ditu diplomatikoak Kievera

Esloveniako lehen ministro Janez Jansak esan du diplomatikoak igorriko dituztela aste honetan berriro Kiev hiriburura eta nahi dutela Europar Batasunak gauza bera egitea. "Ukrainak laguntza diplomatikoa behar du".

 

Gutxienez zortzi hildako Kieveko merkatal gune bat bonbardatu ostean

Kieveko Podilskyi auzoko merkataritza gune bat bonbardatu zuen bart Errusiako armadak eta suhiltzaileak eta erreskate taldeak lanean ari dira oraindik.

Gutxienez zortzi pertsona hil dira, France-Presse agentziako kazetari baten arabera.

3,3 milioi errefuxiatuk ihes egin dute Ukrainatik, Euskal Herri osoak adina

Nazio Batuen errefuxiatuen agentziaren arabera, dagoeneko 3,3 milioi errefuxiatuk Ukrainatik alde egitea eta beste 6,5 milioi herrialdearen barnean desplazatzea eragin du Errusiaren inbasioak.

Lekuan lekuko gobernuek emandako datuen arabera, gehiengo handia Poloniara joan dira, bi milioitik gora. Errumaniara 527.000, Moldaviara 362.000, Hungariara 305.000, Eslovakiara 245.000, Errusiara 184.000 eta Bielorrusiara 2.500.

Gernika Batzordetik hariak mugitzen

Gernika Batzordeak deituta hainbat elkarte eta eragile elkartu dira asteburuan Gernikako Astran, Euskal Herriak gerrari ez! adierazi, eta elkarrizketa, bakea, bizitza eta burujabetzaren alde herritarron aktibazioari bidea emateko.

Gerrarekiko aurkakotasuna, bakearekiko, akordioarekiko eta elkarrizketarekiko adostasuna eta herrien burujabetzarekiko aldekotasuna ardatz hartuta egin du deialdia Gernika Batzordeak, ikusteko ea Euskal Herrian zer egin daitekeen.

Aurki informazio gehiago emango dutela jakinarazi dute.

Gernika, Stalingrado, Alepo eta... Mariupol

Mariupoleko Greziako kontsul nagusi Nikos Androulakisek, greziarren ebakuazioak antolatu ostean, igandean Atenasera iritsi berritan hiri hori konparatu du Gernika edo Aleporekin. "Gudak guztiz suntsitutako hirien zerrendan egongo da Mariupol, Gernika, Stalingrado, Grozny edo Alepo bezala", adierazi zIen kazetariei aireportuan.

Donetsk-eko administrazio militarraren arabera, Mariupol bilakatu da "herri fantasma" batean eta azpiegituraren %80 suntsitua du. "%80 horretatik %40 ez da berreskuragarria", zehaztu zuen Pavlo Kirelenkok.

Nazio Batuen Erakundeak hiriko egoera humanitarioa "bereziki larria" dela esan du, eta herritarrei janaria, ura eta medikamentuak falta zaizkiela azpimarratu.

The Guardianen irakur daitekeenez, 300.000 herritar daude hirian harrapatuta.

Mariupol hiria ez dela errendituko dio Ukrainak, Errusiaren ultimatumari uko eginez

Errusiaren ultimatumari uko egin dio Ukrainak igande gauean eta adierazi du setiatutako Mariupol hiria ez dela errendituko. "Kontua ez da amore ematea edo armak uztea. Errusiari horren berri eman diogu", adierazi du Ukrainako lehen ministrordeak Iryna Vereshchuk Ukrainayinskaya Pravda egunkarian, Liberation egunkariak jaso duenez.

"Nahita egindako manipulazioa da, eta herritarren benetako bahiketa", gaineratu du Errusiaren exigentziaz.

 

Asteleheneko jarraipenarekin hasiko gara

Egunon lagunok. Asteleheneko jarraipenari ekingo diogu.

Ukrainarren %93ak gerra irabaziko dutela uste du

Ukrainako inbasioa hasi zenetik bosgarren inkesta egin dute herrialdean, martxoaren 18an, ukrainarrek gerrari buruz duten iritzia jakiteko. 'Rating' soziologia taldeak egin du inkesta, mila ukrainiar inguruko laginarekin.

Ukrainarren %93ak uste du gerra irabaziko dutela, eta %47ak uste du aste gutxi barru irabaziko dutela. Bestalde, inkestatuen %77ak uste du gauzak ondo doazela. Datozen hilabeteetako arazo nagusia prezioen igoera izango dela uste du %45ak, eta %38ak, berriz, erregaien eskasia.

Herrialdearen lurraldetasunaren inguruan, %82ak uste du Ukraina ez dela zatituko. %98ak Errusia aurkako herrialdea dela uste du, eta Bielorrusia ere etsaia dela, berriz, %84ak.

10 milioi ukrainarrek baino gehiagok utzi dute beren etxea

Nazio Batuen Erakundearen arabera, errefuxiatuek eta barne desplazatuek 10 milioi pertsonako langa gainditu dute. Guztira 3,3 milioi pertsonatik gora joan dira Ukrainatik, eta barne desplazatuak 6,5 milioi baino gehiago dira. Gerraren aurpegi gogorrena bizitzen ari diren hirietatik egin dute ihes gehienbat, eta hiri seguruagoetara joan dira, Ukraina erdialdera eta mendebaldera, batez ere.

Polonia da errefuxiatu gehien jaso dituen herrialdea, 2 milioi baino gehiago, nahiz eta gero handik asko Europako beste herrialde batzuetara joan diren. Errumaniara 518.000 pertsona baino gehiago joan dira, eta Moldaviara 360.000 inguru. Hungariak 300.000 errefuxiatu jaso ditu, 240.000 Eslovakiak, eta 185.000 Errusiak. Bielorrusia da Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeetatik errefuxiatu gutxien jaso dituen herrialdea: 2.500 inguru.

Mapa: Al Jazeera

 

Ukrainak hainbat alderdi politikoren jarduera gelditu du gerra-legeak iraun bitartean

Ukrainako gobernuak herrialdeko hamaika alderdi politikoren jarduera gelditu du gerra-legeak iraun bitartean, Errusiarekin duten harremana dela eta. Alderdi hauetako batek 43 eserleku ditu Ukrainako parlamentuan.

Hauek dira alderdiak: Oposiziorako Plataforma - Bizitzaren alde; Shary; Gurea; Oposiziorako Blokea; Ezker Oposizioa; Ezker Batasuneko Indarra; Estatua; Alderdi Sozialista Progresista; Alderdi Sozialista; Sozialistak; Vladimir Saldoren Blokea.

Mariupoleko aireportuaren eta hiriko hainbat barrutiren kontrola hartu du Errusiako armadak

Errusiako armadak eta Donetsk Herri Errepublikako miliziek Mariupolen lurrak irabazten jarraitzen dute. Herenegun Mariupoleko aireportua hartu zuten; antza denez, itxita zegoen aireportua, eta iturri batzuen arabera maidanaren ostean kartzela funtzioa betetzen zuen.

Mariupol ekialdeko hainbat barrutiren kontrola ere hartu du Errusiak. Bestalde, Azovstal metalurgia lantegia bonbardatu du Errusiako armadak, Europako handienetako bat.

Jarraipenarekin hasi gara

Kaixo! Gaur ere Ukrainako inbasioaren jarraipen berezia egingo dugu. Gutxinaka joango gara aktualizatzen eguneko albiste garrantzitsuenak.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude