Hau publikatzen denerako, Europar Batzordea jada bilduta egongo da azken garaiotan gerrak eta goseak sortutako milaka lagunen migrazioaren arazoa aztertzeko. Gerratik ihesi zebilen siriar nerabe batek eman zuen irtenbidearen gakoa telebistan: “ez baduzue gu Europara etortzerik nahi, gelditu gerra”.
Irtenbideak aipatzen hasita, jende horren jatorriko herrietako baliabide naturalak errespetatzea lagungarri suerta liteke, egun atzerriko herrialdeek esplotatzen baitituzte. Baita herri horien garapen sozioekonomikoan inbertitzea, euren Doradoaren bila doazen milaka lagunen hilotzak Mediterranoan barrena esportatzen utz diezaioten.
Baina hori gertatu bitartean, Europako ateetan dauden milaka lagunen tragedia konpondu beharra dago.
Europako gobernuak, hartzeko prest dauden migratzaileen kuota eztabaidatzen ari dira, nor baino nor zekenago: euren aukera ekonomikoen arabera hartuko ei dute erabakia. Baina konponbide ekonomikoa badago, diru egon, badagoelako. Aurrekontuen banaketan lehentasunak jartzea besterik ez da. Hala, datorren urteko gastu militarraren zati bat gelditzearekin nahikoa litzateke mundu mailako egoera larri hau konpontzeko.
Munduko gastu militarra 1,662 bilioi eurokoa izan zen 2014an. Europan 410.000 milioi euro gastatu ziren, Ipar Amerikan beste 560.000 milioi euro. Espainiako Estatuan 16.000 milioi euro bideratu ziren gastu militarrera, biztanleko 368 euro –gastu farmazeutikoa, berriz, biztanleko 259 eurokoa izan zen–.
Espainiako Estatuak 27.000 milioi euroko zor militarra dauka pilatuta, 2024 urte arte ordaindu beharrekoa, zer eta 87 Eurofighter ehiza-hegazkin, 289 Leopard gurdi eta 80 torpedo erosi dituelako.
Europan gobernuetatik eta oposiziotik berrarmatzeko politikak aurrera eramaten direnean, zinikoa behar du esateko ez daukagula aurrekonturik pertsekuzio politikoa eta gosea jasaten ari diren milaka lagun horiek hartzeko. Utzi berrarmatzeari, ezabatu aurrekontu-partida militarrak –nahiago genuke betirako, baina gutxienez datorren urtekoak– eta hala konponduko ditugu gerraren ondorioak eta gosea. Borondate politikoa baino ez da behar horretarako.
Errefuxiatuen krisi globalaz gehiago jakiteko sartu gure kanalera.