Irakasle ordiziarra sarean kateatuta dabil, berak hala nahi duelako. Teknologia berriak ondo erabiltzen asmatuz gero, mila gauza baliagarri otutzen zaizkio: euskarazko edukiak sortzea, ikasleak motibatzea, egindako lana partekatzea...
Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean ikasleen eta irakasleen irakasle da orain, ia egun osoz. Hala ere, Ordiziako Jakintza Ikastolan segitzen du batxilergoko ikasleekin. Euskal Jakintza, hau da, euskara eta literatura irakasten dizkie gazteei. Denek ordenagailua daukate mahai gainean.
Euskara arbelik gabe irakasten duzu?
Beste ikasgai batzuetan jarraitzen dute arbela erabiltzen. Nik ez dut erabiltzen. Lan guztia sarean egiten dugu, eta sarerako.
Zergatik lan egiteko molde hori?
Orain dela zazpi urte hasi nintzen Euskal Jakintza proiektuarekin. Batxilergoko bigarren mailako ikasleak oso desmotibatuta ikusten nituen. Ordurako IKTroak bloga sortua genuen ikastolan. Pentsatu nuen bloga izan zitekeela, nolabait esanda, gure testuliburua. Ikasleek ordenagailua edukita testuliburuak guk geuk sortuko genituela pentsatu nuen, hau da, curriculumak markatzen dituen eduki guztiak guk egingo genituela.
Nola egiten da hori?
Eman dezagun aditza errepasatu behar dugula. Testuliburuak eta fotokopiak alde batera utzi genituen. Aditzak lantzeko hutsuneak betetzeko ariketak egiten dira askotan; bada, ikasleek modu pasiboan hutsuneak bete beharrean, beraiek sortzen zituzten esaldi osoak eta erantzunak ematen zituzten.
Ariketa beraiek sortzen dute, beraz.
Adibidez, irakasleak indikatiboa orainaldian landu nahi badu, ikasleari esango dio ariketak sortzeko. Ikaslea da protagonista ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan. Askoz gehiago kostatzen da holako ariketak prestatzea hutsunea betetzea baino. Beste helburu bat ere bagenuen: ikasleek irakasle rola betetzea. Ikasle pareak indikatiboa orainaldian lantzen duten ariketak sortzen ditu, aldameneko bikoteak lehenaldian. Bada, ondoren, ikasle batek besteari erakutsiko dizkio prestatutako ariketak. Nik bideratu egiten ditut, ez txapa sartu eta hutsuneak betetzeko esan. Haiek protagonista izatea nahi dut.
Sortzea, irakastea eta hirugarren helburua, partekatzea.
Materiala sareko formatura pasatzeko aplikazio batzuk ezagutzen nituen. Guk sortutako material hori guztia besteen eskura jartzen hasi ginen. Zein izan zen gure sorpresa? Ikastetxeak, euskaltegiak eta abar, gure materiala erabiltzen hasi ziren. Zorionak eta eskerrak ematen zizkiguten eta batzuetan eskatu: “Zergatik ez dizkiguzue egiten halako eta halako ariketak…”.
Ikasleek zer zioten?
Gogoan daukat lehenengo ariketak egin eta sarean jarritakoan ikasle batek esan zuena: “Eta orain zeinek ordainduko digu?”. Eta nik esan nien: “Ez, ez, ez, zuen heziketaren parte bat gizarteak ordaintzen du. Zorretan zaudete eta bueltatu egin behar duzue”. Gaur egun ikasleek bere artikulua [elkarrizketak adibidez] noiz argitaratu behar dugun galdetzen dute.
Eta gogo handiagoz ari al dira ikasten ikasleak?
Lehen irakaslearen eta ikaslearen artekoa zen, hark niri eman eta nik gorriz h-ak zuzendu, eta hurrengo egunean berriz. Dena dela, garbi gera dadila kontua ez dela ikasgelan ordenagailuak ipintzea, baliabide piloa behar da horrela aritzeko.
Ikasgeletan testulibururik erabiliko ez den eguna iritsiko al da?
Nik uste dut baietz. Xabier Mendiguren Elizegi [editorea] laguna dut eta duela sei-zazpi urte esan zidan: “Aizu, zu izan zara esan duena: ‘Ez nintzateke erotuta ere itzuliko testuliburuetara?’”. “Zu lasai”, esan nion, baina testuliburuek ez dute inongo zentzurik; formatuak ez du zentzurik, edukiek bai. Adibide garbi bat: Harkaitz Cano ari ginen lantzen eta haren jaioturtea eta lehen liburuaren izenburua baino ez zekarren. Ez dauka zentzurik! Liburua ixten duzun momentuan zaharkituta geratu da. Ikasleek orain Harkaitz Canori buruz egiten dituzten lanetan Twist ere lantzen dute, eta testuliburuekin ezinezkoa litzateke. Nik esaten diet ez geratzeko iturri bakan horrekin; sareak hori ematen du, eta jakin behar dute kritikoak izaten, jakin behar dute iragazia pasatzen. Nik oso garbi ikusten dut.
Berriz etorriko zaizu editorea.
Ez dut uste, ezagutzen dugu elkar, kar, kar, kar. Irreala da, absurdoa, ez dakit jendea nola ez den konturatzen. Ikasleak klik eta klik bizi dira, ikusi behar da nolako inputa duten! Gero, ikasgelan sartu eta mundu hori ixten zaie. Hau [Argiaren ale bat dauka eskuetan] ematen zaie, baina hemen ezin dute klik egin eta gauza gehiago ikusi. Anakronismoa da. Zein motatako ikasleak nahi ditugu? Sortzaileak? Kritikoak? Tar, tar, tar… indarra ahotik joaten zaigu.
Argitaletxeek norabidea aldatu beharko dute.
Izugarrizko potentziala dago hor.
Baina zuek sortzen dituzue ariketak…
Gure ikasleen lanak ez du inoiz ordezkatuko editorialak egingo lukeen lana, haiek profesionalak dira. Gurea ez da beste inor ordezkatzea, ikasleen ikas-irakas prozesuan sartzen da.
Sarean, euskaraz asko egiten da eta asko dago egiteko.
Ez dago motibazio faltarik, dena dago egiteko. Ikasleei berdin zaie hizkuntza, edukiagatik joaten dira toki batera edo bestera. Bideoa gustatzen bazaie klik egingo dute, kontuan izan gabe euskaraz dagoen ala beste hizkuntza batean. Beraz, oso inportantea da arrantzan dabiltzala nahi gabe euskaraz dagoen eduki erakargarria topatzea.
Interneten euskara aurre xamarrean dabil.
Hiztun kopurua kontuan edukita, bai. Komunitate txikia, baina oso aktiboa gara. Hiztun kopuru gutxiko komunitateari sareak aukera ematen dio. Gainera, B aukerarik ez dago.
Ikerketek diote gazteak Interneten, egoera informaletan, gaztelaniaz askoz hobeto moldatzen direla eta euskara erabiltzekotan era formalean darabiltela.
Betiko kontua da. Askotan sare sozialei bota izan zaie errua, baina zer egiten dute kalean, eskolan? Sare sozialetan egiten duten gauza bera. Gazteek aldamenekoarekin nola hitz egiten dute? Bada Tuentin berdin egingo dute. Nola bada? Denean ahalegin guztiak egin beharko dira gazte horiek erdarara jo ez dezaten. Erronka zaila da, oso-oso zaila. Egunero ikusten dut, badakite euskaraz, ederki moldatzen dira eta derrepente pasilloetan gaztelaniaz hitz egiten entzuten dituzu.
Guk aplikazioak, programak, edukiak... euskaraz egin behar ditugu haiek erabil ditzaten. Tuentin baldin badaude, nire uste apalean, ez sortu sare paralelo bat, goazen euskaratzera Tuenti. Goazen Wikipedia edukiz hornitzera. Jokoak gustatzen zaizkie, bada goazen jokoak euskaraz eskaintzera.
Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.
Larunbatean Arguedasen ospatu zen Erriberako Euskararen Egunaren lehen edizioa. Kultura, auzolana eta festa uztartu ziren euskararen inguruan eskualdeko herriak batu zituen jardunaldi honetan.
Gasteizko teilatuetan panel fotovoltaikoak jarriz, hiriak kontsumitzen duen elektrizitatearen % 38 lor daitekeela kalkulatu du EHUko Ekopol ikerketa-taldeak. Beraiek garatu duten zehaztasun handiko metodologia batez erabiliz iritsi dira ondorio horretara.
Segurtasunaren aldeko elkarretaratze bat antolatu dute ostiral honetarako, hilak 23, Altzako Harria parkean. Donostiako hainbat eragile antifaxistek salatu dutenez, “Voxeko jarraitzaile bat” da deialdiaren atzean dagoena, eta Frente Obrerok eta Juventud Combativa... [+]
Astearte eguerdian egin du ohartarazpena Nazio Batuen Erakundeak. Astelehenean laguntza humanitarioa daramaten bost kamioi sartuko direla iragarri du Israelek, hamaika asteko blokeo erabatekoaren ostean. "Tanta bat da ozeanoan", adierazi du Tom Fletcher NBEko Giza... [+]
Agerraldia egin dute Gasteizko GKS-k, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta Bilboko Luberri konpartsak. “Hainbat hilabetez” Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko Txosna Batzordearekin “egoera bideratu” nahian aritu direla ziurtatu dute, emaitzarik gabe... [+]
Bigarren ahozko saioan Aroztegiako obren eremuan izan ziren 11 guardia zibilek deklaratu dute asteartean, gehien-gehienak fiskaltzak deituta. Astelehenekoarekin konparatuta azkar joan da dena, eta arras lasaiago. Haien guztien testigantzan zerbait azpimarratu behar bada zera da:... [+]
Maiatzaren 24an 13:00ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egingo du Errausketen Aurkako Mugimenduak. Zubietako Erraustegiak sortzen duen kutsaduraren aurrean eta agente publiko eta alderdien jarrera salatzeko elkarretaratzera batzeko dei egin die herritarrei.
Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, AEBetako presidenteak adierazi du Errusiako bere homologoarekin izandako elkarrizketa "oso ongi" joan dela. Putinek esan du Ukrainako gerra amaitzeko ahaleginak "bide onetik" doazela, eta Mosku Kievekin bake akordio bat... [+]
Kirol ekitaldi handi xamarrak egiten diren bakoitzean, agintariek hauspotzen duten "inpaktu ekonomikoaz" edo "hiria mapan kokatzeaz" harago, ohikoa da ostatuen garestitze basatiaz, garraio publikoan daukaten eraginaz edota segurtasun kontuez hitz egitea. Ohikoa... [+]
Telefonicak intzidentzia bat izan du eta horrek sare finkoan eragin du. Ondorioz, EAEko Larrialdiei Kudeatzeko Zentroa kaltetu da. Hala ere, arazoa konpondu dela ezagutarazi dute eta 112 larrialdietako telefonoa martxan dago berriro. Nafarroan ere eragina izan du, baina... [+]
Herri Urrats jaialdiko hasiera ekitaldian Seaskako zuzendaritzako kide Erik Etxartek salatu zuen Parisek oraindik ez ziela irakasle postu gehigarrien proposamenik egin hurrengo ikasturtera begira. Asteburuan heldu zaie Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzuna, eta... [+]
Gipuzkoako auzitegi baten arabera 2016 eta 2018 urteen artean bost aldiz bortxatu eta beste hainbat sexu eraso zein tratu txar egin zizkion, neskak 12-14 urte zituenean. Gizonari hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta kalte ordainetan 50.107 euro ordaindu beharra... [+]
Filipinetako politikagintza klan oligarkiko ahaltsu batzuen esku dago gaur egun ere. Eta horregatik, emaitzen irakurketa xehatuak ñabardura asko ditu.