Akusazioek izen bat nabarmendu dute lehen saioan: Garbiñe Elizegi

  • Goiza epel esnatu da Iruñean, eta Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean epela beroa zen, elkartasunaren beroa. Baztandik hurbildutako Aroztegiko Elkartasun Komiteak karpa jarrita zuen auzitegiaren aurrean eta dozenaka pertsonak haien elkartasuna adierazi diete zazpi auzipetuei: Garbiñe Elizegi, Aintzane Ariztegi, Eñaut Beristain, Eki Arantza Etxandi, Gorka Laurnaga, Garazi Sarobe eta Itziar Torresi.

Akusatuetako batzuk Josu Beaumont abokatuarekin epaiketara sartu aurretik. X. Letona

2025eko maiatzaren 19an - 19:53
Azken eguneraketa: 2025-05-20 10:37
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Epaiketa Palacio de Arozteguía SLren akusazio partikularraren oso eskari bereziarekin hasi da 9:15etan: epaiketa egin dadila ateak itxita, hau da, publiko eta kazetaririk gabe. Oso gutxitan egiten dira horrela, eta arloan esperientzia duten kazetariek diote La Manadaren epaiketatik ez dela horrelakorik ikusi, ohikoan egiten dela sexu abusuen edo gisako kasuetan, eta beti ere biktima babesteko.

Zergatik eskatu du akusazio partikularrak ateak itxita egin dadila epaiketa? Kanpoan elkartasun komitekoak daudelako, horrek desordena publikoak eragin ditzakeelako eta lekukoak arriskuan jarri. Aldiz, Josu Beaumont defentsako abokatuak gogorarazi du auzi hau aspaldikoa dela, hainbatetan iritsi dela epaitegira eta inoiz ez dela arazorik egon, eta beraz, ez dadila onartu eskatu du. Epaileak ere ez du ikusi ateak ixteko arrazoirik, eta beraz, formatu irekian jarraitu du 15:00 arte luzatu den ahozko saioak. Epaiketa mota ikusita, eskaerak ez zuen logika handirik, baina akusazio partikularraren helburuarekin bat dator: etengabe irudikatzea auzipetuak arriskutsuak direla eta auziaren atzean talde kriminal bat dagoela.

Hori bai, epaileak onartu du akusazio partikularraren beste eskari bat, lekukoetako batzuek telematikoki deklaratzea, akusatuekin aurrez aurre egon ez daitezen. Fiskalak bat egin du eskaerarekin, bere garaian haien aurkako irainak eta mehatxuak egon zirelako. Defentsak ez du ikusi horretarako arrazoirik lekuko asko eta akusatuek aspaldi ezagutzen dutelako elkar eta ez delako inoiz ezer gertatu haien artean. Epaileak esan du aldameneko gelatik telematikoki deklaratzeak ez diola balorerik kenduko esandakoari, eta horrela lekuko horiek lasaitasunez eta segurtasunez eman ahal izango dutela haien testigantza.

Biziki luzatu da lehen saio hau, eta akusazioen iparra argi geratu da: erakustea talde kriminal bat dagoela, taldearen liderra Garbiñe Elizegi dela, eta bortxa ekintzak etengabekoak izan zirela. Frogak erakustea bakarrik falta izan da.

Akusazio partikularraren 11 lekukok deklaratu dute lehen egun honetan: bi guardia zibilek, Salvador Urbistondo Palacio de Arozteguia SLko bazkideak, eta 2021eko apirilean obrak hasi zituzten TEX eta Queipo enpresetako zortzi langilek. Bi guardia zibilek gertaeren txostena idatzi zuten, salaketa jarri zutenen adierazpenetan eta hedabideen bideoetan oinarrituta. Aipatu behar da, halaber, txosten horren aurretik Guardia Zibilaren informazio zerbitzuek beste bat egin zutela; hartan akusatuak ENAMekin lotzen zituzten, eta egoera garai bateko Itoizko Urtegiaren edo AHTren aurkako oposizioarekin parekatzen zuten. Gaur deklaratu duen guardia zibil gizonezkoak –emakumezkoa zen bestea– onartu du lehen txosten hura ez zela baliagarria egungo egoera deskribatzeko.

Luze joko luke testigantza guztien berri ematea, eta aretoan geundenontzako bezain neketsua eta korapilatsua litzateke irakurleentzat ere, batez ere gehienetan galdetzen eta erantzuten zirelako antzeko kontuak. Baina goiz honetako osagai errepikakorrenen zerrendak eman ditzake pista batzuk aldeek bilatzen dutenaz, izan akusatuak zigortzeko, izan haiek absolbitzeko.

Garbiñe Elizegi

Agian goiz osoko bi hitz errepikatuenak horiexek izan dira: Garbiñe Elizegi. “Berak ematen zituen aginteak, eta besteek obeditu”. Akusazio partikularrak eta Fiskaltzak lekukoei egindako galdera guztietan egon da haren izena. Eta erantzun gehienetan ere bai, baina horietan oso modu zehaztu gabean azaldu dute Elizegik hori nola egiten zuen. Elizegik euskaraz agintzen omen zuen, eta lekuko batzuk ez ziren euskaldunak, baina “nabaritzen zen agintzen ari zela, eta besteek obeditzen zuten”, aipatu dute batzuek.

Funtsean, Elizegi liderra zela esateko hiru argudio ukigarri erabili dituzte: bata, Aroztegia eta gero zer? plataformako lehendakaria izan zela; bestea, makinen aurrean zeudenei esaten ziela –ez da argitu zenbatetan–, “ez hitz egin” edo “ez esan ezer”. Eta azkena, 2021eko apiril hartan Xaloa telebistan egindako elkarrizketan dei egin ziela herritarrei ondorengo mobilizazioetan parte hartzeko. Pentsa daiteke proba maila horiekin ez doazela oso urruti, baina hainbestetan entzutea edonor beldurtzeko modukoa da.

Itziar Torres eta Aintzane Ariztegi bere albokoak ei ziren agintean –“eskuin eskua”– eta gainerako akusatuek aginduak betetzen zituzten, “exekutoreak” ziren. Edonola, ez da esan zehazki zer egin zuten. Halaber, ez da ahantzi behar akusatuei egiten zaizkien bi akusazioetako bat talde kriminala osatzea dela, eta horrelakorik egon dadin garrantzitsua dela hierarkia eta buruzagitza argi bat egotea. Hala galdetu die fiskalak guardia zibilei: “Elizegiren eskuin eskua dira?”. Emakumezko guardia zibilaren erantzuna: “Guk bakarrik esan dezakegu haiek bideoetan mintzo direla”.

Ongi antolatutako taldea

Agian Garbiñe Elizegiren ondoren horiek izan dira hitzik errepikatuenak, bereziki akusazioen galderetan: “Zure ustez antolatutako talde bat ziren?”. Gutxi batzuek ez zekitela erantzun dute, baina gehienek baietz, talde antolatua zela, nabarmen: “Bai, dena kontrolatuta zuten”, “bide guztiak zekizkiten, eta Guardia Zibila toki batetik bazihoan, haiek bestetik”, “ongi aztertua zuten obra”, “egunez eta gauez aritzen ziren”...

Sabotajeak, kalteak eta mehatxuak

Etengabe entzun diren hitzak dira, akusazioen galderetan zein lekukoen testigantza gehienetan. Hala ere, ñabardura batzuk jarri behar dira aipamenetan: lekukoetako batzuek, batez ere arduradunek, azpimarratu dute horrelakoak etengabe izan zirela , horrek beldur giroa eragiten ziela langileei eta, ondorioz, obrak utzi behar izan zituztela. Makinetan ziren langileek nagusiki esan dutenez, aldiz, makinak gelditu behar zituzten aurrean jendea zegoelako, baina haiei ez zieten mehatxurik egin: “Etortzen ziren eta esaten ziguten obrak legez kanpokoak zirela, eta jarraituz gero konplizeak izango ginela, baina mehatxurik ez”.

Egiazki, apirileko egun haietan mehatxuak, irainak eta sabotaje txikiak izan izan ziren, langile batzuek hala aitortu dute, eta egitateek ere bai: Dumper bat laburtu zuten, pintaketak egin zituzten kristaletan, makina batzuen sarrailak taponatu, gurpilak zulatu... Baina nork egin zituen? Gaurko auzi saioan horiek guztiak egin zirela aipatu da, baina inongo unetan ez da zehaztu nork egin zituen: “Gauez egiten ziren”, “haiek egiten zituzten”... Edozein kasutan, Beaumont defentsa abokatuak gogorarazi duenez, horrek guztiak balio du “giro gogor bat eraikitzeko”.

Gizonezko guardia zibilaren testigantzaren une bat esanguratsua izan da: “Ez dut baloratzen alde bakoitzaren arrazoia. Bakarrik desobedientzia zibileko ekintzak baleude ez genituzkeen ezta baloratuko ere, baina bortxa eta kalteak daude eta gure txostenak horien ingurukoak dira (...) Akanpada, adibidez, aipatu ere ez dugu egiten, berez desobedientzia ekintza bat delako”. Txostenetan edota ahozko saio honetan, ostera, inongo unetan ez da zehaztu akusatu horietako bakoitzak nola parte hartu zuen bortxa eta kalte horietan.

Mehatxuen artean aipatu dute langileei egindako heriotza mehatxuak, autoren batzuetan edo makinetan herritarrek jarritako pegatina batengatik: heriotzaren pertsonaia ohikoa ageri da marraztua pegatinan, baina segarekin beharrean golf makila batekin. Bada, defentsak galdetu die guardia zibilei ea haien ustez esanahia zein den, heriotza mehatxua langileekiko ala Lekarozko herriaren heriotzari egiten dion erreferentzia. Gizonezko guardia zibilak erantzun du bere ustez eranskailua Lekarozko herriaren heriotzaz ari dela. Salvador Urbistondo Palacio de Arozteguia SLko bazkideak geroxeago eman zuen bere testigantza eta hark errandakoen arabera, “langileak, batetik, bizitza galtzeko beldurrez ziren, eta bestetik, beldur ziren ere beste pertsona batzuei mina egin ahal zietelako”, makinak gelditzen ez bazituzten.

Pertsonak arriskuan

Fiskalak, tematuta, behin eta berriz errepikatu du: “Eta makinen aurrean jartzeak bazekarren langileekiko arriskurik?”. Lekukoen erantzuna nahiko orokorra izan da: “Arrisku nagusia aurrean jartzen zirenentzat zen”. Zuhaitzak botatzen ari ziren langileek adierazi dute herritarrek gauez iltzeak jartzen zituztela zuhaitzetan eta, ondorioz, horrela motozerretako kateak apurtzen zirela, eta horiek salto egiterakoan erabiltzailea mindu zezaketela.

Proiektua eta obrak

Akusazio partikularrek argi defendatu dute apirileko gertakizun haiekin proiektua geldiarazi zutela, eta ez obrak bakarrik. “Zergatik ez duzue proiektuarekin jarraitu?”, galdegin diote Urbistondori, eta hark: “Gaur egun ere mehatxuek jarraitzen dute. Ez dago horretarako baldintzarik. Nafarroako Gobernuak zaindu beharko zituzkeen obrak”. Aldi berean, obren edozein ardura maila zuten lekukoei galdetu diete ea obrak legez eta baimen guztiekin abiatu ote ziren: baietz erantzun dute guztiek, bestela ezingo luketela hasi. Beaumontek ere etengabe galdetu die lekukoei obren baimenaz : “Ba al zenekien lanak hasi zirenean obren pliegoa atzera bota zutela auzitegiek?”. Eta arduradunen erantzuna: "Bai baina horrek ez zion eragiten lanen hasierari”.

Proiektuari dagokionez, Beaumontek gogorarazi du obrak gelditu zirela, proiektua oso aspaldikoa dela eta oraindik atera daitekeela aurrera. Hainbat unetan epaileak Beaumonti gogorarazi dio ez tematzeko horrenbeste auzi honekin lotuta ez dauden kontuekin eta auzi honi buruz galdetzeko lekukoei. Abokatuak erantzun dio auzi honekin paraleloan badagoela Palacio de Arozteguiak daraman auzi administratibo bat, eta hartan Nafarroako eta Espainiako gobernuei 43 milioi euroko kalte ordainak eskatzen dizkiela obrak behar bezala ez babestearen argudiopean.

Biziki luzatu da lehen saio hau, eta akusazioen iparra argi geratu da: erakustea talde kriminal bat dagoela, taldearen liderra Garbiñe Elizegi dela, eta bortxa ekintzak etengabekoak izan zirela. Frogak erakustea bakarrik falta izan da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du bi kidek jazarpenak eta irain matxistak jasan dituztela

Taldeko kideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen dituela adierazi du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Komiteak salatu duenez, Aroztegiko epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrendatik "Baztango mutil-dantzari talde... [+]


Analisia
Aroztegiko epaiketa: sorgin ehiza modernoa

Aroztegiko epaiketaren akusazioen –fiskaltza eta akusazio partikularra– idazkiak irakurrita, pentsatzekoa zen epaiketan aterako zituztela froga argiagorik, horrekin bakarrik talde kriminalaren akusazioa oso larria baitzen. Ez ba, bost eguneko epaiketa zuzenean... [+]


Aroztegiko epaiketaren kronika (bosgarren eguna)
Frogarik gabe, zigor eskaera gogorra auzipetuen gainean

Fiskalak eta akusazio partikularrak zazpi auzipetuen zigor eskaerak berretsi dituzte, 46 hilabeteko kartzela zigorra eta 56.000 euro enpresei egindako kalteen ordain gisa. Auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute. Epailearen eskuetan geratu da erabakia.


Aroztegiko epaiketaren kronika (laugarren eguna)
Taldean erabakita, dena era baketsuan egin zutela esan dute auzipetuek

Ostegunean auzipetuek deklaratu dute, eta haien adierazpenetatik honakoa laburbildu liteke: Lekarozko plazan edo akanpadan biltzen ziren herritarrek taldean erabakitzen zuten zer egin; oro har, obren eremura joan eta makinen aurrean era pasiboan jarri.


Aroztegiako epaiketaren kronika (hirugarren eguna)
Desobedientzia zibila kriminalizatzeko irudien bila

Asteazkenean lau foruzain, bi alkate ohi eta bi kazetari izan dira haien testigantzak ematen. Geroago, amaiera amaigabean, akusazio partikularraren 11 bideo eta albistegi ikusi eta itzuli dira gaztelerara: desobedientzia zibila begien aurrean. Oso luze joan da, luzeegi.


Aroztegiako epaiketaren kronika (bigarren eguna)
Guardia zibilek diote ez zela bortizkeriarik egon protestetan zirenen aldetik

Bigarren ahozko saioan Aroztegiako obren eremuan izan ziren 11 guardia zibilek deklaratu dute asteartean, gehien-gehienak fiskaltzak deituta. Astelehenekoarekin konparatuta azkar joan da dena, eta arras lasaiago. Haien guztien testigantzan zerbait azpimarratu behar bada zera da:... [+]


2025-05-19 | ARGIA
Aroztegiako epaiketari jarraipen berezia

Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia... [+]


Aroztegia auzia
Baztango lurren defentsa kriminalizatzeko saioa: Aroztegiako epaiketaren klabeak

Epaiketetan aldeen arteko akordio aukera iritsi daiteke ahozko auzia hasi baino minutu batzuk lehenago. Auzi honetan akusatuek publiko egin dituzte orain arte egondako negoziazio saioak, eta azkena aste honetakoa izan da, ezagutarazi den moduan porrot egin duena. Akordiorik egon... [+]


Aroztegia auziaren inguruko negoziazioak
Akusatuek ez dute Palacio de Arozteguiak eskatutako erantzukizun zibila onartu eta astelehenean epaiketa hasiko da

Hilabeteak dira jada fiskaltza, defentsa eta akusazio partikularra –Palacio de Arozteguia SM– epaiketa ez egiteko negoziatzen ari direla. Bazegoen oinarrizko akordio bat, baina Aroztegiko Elkartasun Komiteak prentsa ohar bidez iragarri du bertan behera gelditu dela.


Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua
Aroztegiako auzipetuen absoluzioa eta desobedientzia zibila aldarrikatu dituzte

Euskal Herriko hainbat arlotako 196 pertsona ezagunek Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua aurkeztu dute Iruñean astearte goizean. Errepresioa eta Aroztegiako proiektuak ordezkatzen duen garapen eredua salatu dituzte. Astelehenean hasiko den epaiketa salatzeko ekintzak... [+]


Aroztegiako auzipetuen aldeko kanpaldia Baztanen
“Ezin dugu onartu desobedientzia zibila egiteagatik talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatzea”

Aroztegiako hirigintza proiektuaren lanak eteteagatik Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Auzipetuei elkartasuna adierazi eta beren absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi zuten igandean Elizondoko plazan, larunbatera arte. Aroztegiko Elkartasun... [+]


Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazteko kanpaldia egingo dute maiatzaren 4tik 10era

Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Epaiketaren bezperan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak zazpi absoluzioa aldarrikatzeko kanpaldia antolatu du, maiatzaren 4tik 10era, Elizondoko Plazan. Askotariko egitaraua osatu dute egunotarako.


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
“Kartzelara bidaltzen bagaituzte ere, hemen egongo da herri bat erasoen kontra defendatzeko prest”

Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]


Eguneraketa berriak daude