George Abdalla libaniarra Europako preso zaharrenetakoa da, 1984tik darama preso Frantziako espetxeetan eta apirilaren 2a haren askatasunaren aldeko nazioarteko eguna izendatu dute.
Abdallah Frantzian atxilotu zuten 1984an eta Parisko Auzitegi antiterroristak 1987an bizi osorako espetxealdira kondenatu zuen. Frantziako espetxeetan bada segurtasunekoa izeneko epe bat, zeina gainditu ondoren presoa kalera atera daitekeen baldintzapeko askatasunean. Abdallak 1999an bete zuen epe hori, baina Frantziako agintariek beti bilatu dituzte aitzakiak ez kaleratzeko. 2012tik Frantziako justiziak dagoeneko bi aldiz eman du hura askatzeko baimena, baina Barne Ministeriotik beti oztopatu dute haren askatasuna, azkenekoa joan den azaroaren 10ean. Libano prest agertu da presoa hartzeko.
Libanoko iparraldean jaio zen Georges Ibrahim Abdallah 1951n, familia kristau batean. Oso gazterik sartu zen Palestinaren Askapenerako Fronte Popularrean (FPLP frantses sigletan). 1982an Israelek Libano inbaditu zuen, eta Bakea Galilean operazioak eragin zituen 25.000 heriotza, 45.000 zauritu, Beirut suntsitzea, Sabra eta Xatila errefuxiatu kanpamenduetako sarraskiak, eta abar. Palestina eta Libanoko gerrillariek mundu osora zabaldu nahi izan zuten erantzuna. Frantziaren kasuan, Libanoko Indar Armatu Iraultzaileek (FARL frantsesez) bi hilketa oso berezi egin zituzten: Charles Ray AEBek Frantziako enbaxadan zeukaten arduradun militarra eta Yakov Barsimantov Israelgo zerbitzu sekretuen –Mossad delakoaren– Frantziako arduraduna.
Erredakziora bidalitako agirian, Amnista eta Askatasuna mugimendutik presoarekiko elkartasuna adierazi dute eta haren askatasuna eskatu: "Gure elkartasun borrokalaria Georges Abdallah-rekiko eta beren herrien askapenaren alde eta zapalkuntza eta klase-esplotazioaren aurka borrokatzen duten preso politikoekiko".
