Hautagaitza bateratua aurkezteko konpromisoa hartu dute Frantziako ezkerreko alderdiek

  • Ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan eskuin muturrak garaipena lortu dezake, eta hori gertatzekotan Le Penen RN eta Macronen Renaissanceren arteko koalizio gobernua osa liteke. Arrisku errealaz kontziente, eskuin muturraren gorakada oztopatzeko hautagaitza bakarra adostearen alde agertu dira ezkerreko alderdiak. EH Bai aukera horren alde azaldu da. Hogei egun dauzkate programa adosteko.


2024ko ekainaren 11n - 13:25
Azken eguneraketa: 2024-06-13 11:30:56

Ezinezkoa edo konplikatua zirudiena gauzatu egin da: Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hautagaitza bakarra osatzeko engaiamendua hartu dute ezkerreko alderdiek. Europako Parlamenturako bozetan eskuin muturreko RN Batasun Nazionalak izandako garaipena dela eta, Legebiltzarra desegiteko erabakia hartu zuen ekainaren 9 gauean Emmanuel Macron presidenteak, bozketa berri batzuetara deituz ekainaren 30erako eta uztailaren 7rako. Eskuin muturraren garaipenaren eta beraz RN eta Macronen arteko koalizio gobernuaren arriskuaz kontziente, eskuin muturraren gorakada oztopatzeko hautagaitza bakarra adostu nahian bildu ziren biharamunean berean ezkerreko alderdiek eta egun osoko negoziaketaren ondotik eman zuten lorpenaren berri. Hauteskundeen lehen itzulirako hogei egun eskas dituztela, ezkerreko "fronte popular berri" baten osaketaren aldeko aldarria luzatu diete herritarrei. PCF Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista, Europa Ekologista eta Frantzia Intsumisoa alderdia adostu dira eta bat egin dute Plaza Publikoa, Génération.s [Belaunaldia.k] eta GRS Ezker Errepublikar eta Sozialista alderdiek ere. Lekuan leku, hautagaitza bateratuak aurkezteko deia luzatu diete beren militanteei.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, begi onez ikusi du erabakia EH Bai ezkerreko koalizio abertzaleak eta "desmartxa historiko" horren alde lan egiteko gogoa zabaldu du.

Hogei egun luze

Koalizio gobernu horren lehen 100 egunetarako programa adostu beharra dute orain, baina helmuga argiki markaturik dute: "Urgentzia demokratikoei, ekologikoei eta sozialei erantzutea eta bakearen alde gobernatzea dugu helburu".

Ezkerra zatiturik dabil Frantziako Estatuan, eta funtsean, Europako Parlamenturako bozen kanpainaren baitan agerian gelditu dira barne zatiketak. Hori horrela, nahiz eta berez elkarrekin aurkezteko konpromisoa hartu, hogei egun horietan adostu beharrezko programak sortuko ditu desadostasunak. Giro horren isla dugu, besteak beste, astearte goiz honetan Alderdi Sozialistako eurodiputatu Raphaël Glucksmannek jakitera eman izana ez duela sostengatuko "Frantzia Intsumisoa alderdiaren alde doan programa".

Bere aldetik, RN alderdia ere badabil bileraz bilera eskuineko beste alderdiekin. Reconquête [Birkonkista] alderdiko Marion Maréchal faxistarekin bildu ziren astelehenean Marine Le Pen eta Bardella. LR Errepublikarrak alderdiko ordezkariekin ere negoziatu nahi du eskuin muturrak eta bigarren itzulian elkar sostengatzeko aukera egingarritzat dauka Le Penek.

Batasunaren aldarria

RN alderdiko Jordan Bardellaren zerrendak botoen %31,8 lorturik "ezkerreko fronte popular" bat osatzeko deiak biderkatu ziren igande gauean berean, herritar, sindikatu, elkarte zein kolektibo ezkertiarren partetik. Besteak beste, 350 herritar ezagunek plazaratu zuten Le Monde egunkarian iritzi zutabea. Ondokoa irakurri zitekeen: "Ezkerreko indarren eta ekologisten batasunak bakarrik oztopatu dezake perspektiba ikaragarri hori [eskuin muturraren garaipena legebiltzarrean] eta ireki dezake bizi hobe baten aldeko itxaropena". François Ruffin ezker muturreko diputatu, langile eta kazetaria izan da batasunaren aldeko lehen deitzaileen artean:

 

2022ko hauteskundeetan, Macronen alderdia atera zen garaile, 577 aulkietarik 159 lortuta, eta ondoan zituen eskuin muturreko RNren 88 diputatuak, ezker muturreko Frantzia Intsumisoa alderdiko 74ak, eskuineko Errepublikarrak-eko 57ak, zentro-eskuineko Demokraten 50ak eta Horizontea zerrendako 30ak, Alderdi Sozialistako 27ak, ezker muturreko NUPESeko 22ak, zentroko independenteen taldeko 22ak eta 21 ekologistak (baita beste zazpi independente ere).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Hauteskundeak 2024
Ehunka lagun elkartu dira Baionan eskuin muturraren kontra

Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.


2024-06-13 | Euskal Irratiak
Mixel Esteban hautetsi ekologista
“Ekologia ez da modan, gure bozkak alderdi sozialistara joan dira”

Bigarrenetik seigarren postura erori da Berdeen alderdia Ipar Euskal Herrian, Europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 2019ko hauteskundeen datuekin alderatuta, 10.000 boz galdu dituzte; hots, %17tik %7ra pasa dira.


Etxebizitza merkantzia bihurtuta, ultraeskuinari atea ireki dio Europak

Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]


Eguneraketa berriak daude