Frantziako Estatuan eskuin muturra garaile, Bourbon palazioari so

  • Le Penen RN Batasun Nazionala atera da garaile Frantziako Estatuan, botoen %31,37 jasoz. Indarra galdu du Frantziako presidente Emmanuel Macronen alderdiak eta erantzun gisa Frantziako Legebiltzarra desegitea erabaki du. Hauteskunde berrietara deitu du Macronek: ekainaren 30ean iraganen da lehen itzulia, bigarrena uztailaren 7an.


2024ko ekainaren 10an - 12:28
Azken eguneraketa: 13:32

Aurreikusia zegoena baieztatu da: Le Penen RN Batasun Nazionala atera da garaile Frantziako Estatuan. Botoen %31,37 jaso du eskuin muturraren 28 urteko Jordan Bardella politikari gaztearen zerrendak, eta 30 aulki izanen ditu Bruselan. Kezkagarria da egoera, 7.765.562 bozkatzaile dituelako, aitzineko hauteskundeetatik ia 2.500.000 boto gehiago. Lurrikararen uhinak Frantziako Legebiltzarrera arte sentitu dira: Bourbon palazioa desegin du Emmanuel Macron presidenteak, hauteskunde berrietara deituta –ekainaren 30ean eta uztailaren 7an izanen dira–. Macronen Renaissance alderdia gelditu da bigarren, bost urtez pisu handia galduta: ia 1.500.000 boto gutiago eta botoen %14,60 jasorik, RNetik urrun geratu da. Badoa aitzina eskuin muturra Frantziako Estatuan, eta nagusitasuna geroz eta argiagoa uzten ari da: elkarrengandik hurbil-hurbil gelditu baziren 2019an Bardellaren zerrenda (%23,34) eta Macronen alderdiko Nathalie Loiseaurena (%22,42), aldi honetan 16,77 puntuko aldea bada bien artean.

Galtzaile handien zerrendan dira ekologistak ere: 2019an hirugarren kokatu eta 13 aulki lortu bazituen Europa Ekologia alderdiak (%13,48), aldi honetan 1.690.000 boto baino gehiago galdu ditu eta botoen %5,50 jasota seigarren kokatu da, zortzi aulki galduta. Errepublikarrak alderdi eskuindarrak botoak galdu baditu ere, hein berdintsuan gelditzen da, nahiz eta bi aulki galdu. Ezkerrak, ordea, gora egin du: Alderdi Sozialista indartu da ia bi milioi boto irabazita 2019az geroztik eta %6,19tik %13,83ra pasa da. Ezker muturreko Frantzia Intsumisoak ere milioi bat boto irabazi ditu. Horiek horrela, eskuin muturrak 30 eurodiputatu ditu Bruselan, Macronen alderdiak eta ezkerrak hamahiruna, ezker muturrak bederatzi, eskuinak sei, ekologistek bost eta Reconquete alderdi faxistak beste bost.

Legebiltzarraren desegitea

Emaitzen berri ukan bezain laster eman zuen Legebiltzarra desegiteko erabakiaren berri Macronek: "Ezin dezaket egin ezer pasa ez balitz bezala. (...) Burujabea den herriari eman diezaiogun hitza, ez da hori baino gauza errepublikarragorik". Frantziako Legebiltzarraren desegitearen berri ukan eta poza lehertu zen eskuin muturrekoen artean. Bourbon palazioan garaile ikusten dira eta kanpaina sutsua eramanen du horren alde Marine Le Penen alderdiak. Ezkerra kezkaturik agertu da, "suarekin jolas egitea" leporatuz Frantziako presidenteari. 2022an iragandako hauteskundeetan sekulako saltoa eman eta bigarren kokatu zen RN, 88 aulki lortuta. Eskuin muturraren garaipena oztopatzeko bidean, ezkerrak beharko luke baturik aurkeztu, eta hasiak dituzte elkarren arteko bilerak, gaurko egunean zatiturik izan arren, batasun hori lortzeko asmoz.

Bi itzulitara dira hauteskundeak eta bigarren itzulira pasako lirateke inskribatuen botoen %12,5 baino gehiago lortutakoak. Eskuin muturrari lehen itzulitik bidea moztu nahi bazaio, ezkerrak zatiketak gainditu beharko ditu, bigarrenerako kokalekua hartu ahal izateko RNari. Baliteke Macronen estrategi arriskutsua ondokoa izatea: ezkerrak batasuna ez duela adostuko eta kasu horretan ezkerreko botoak zatiturik eta eskuin muturra liratekeela bigarren itzulirako hautagaien artean. Panorama horretan, eskuin muturra oztopatzeko "bozka baliagarriari" esker Legebiltzarreko gehiengoa lortzea espero dezake Macronek –faxismoa oztopatzeko beste hautagaiaren alde bozkatzea, gustuko ukan edo ez–. Guzia da pario bat, pario arriskutsu bat.

2022ko hauteskundeetan, Macronen alderdia atera zen garaile, 577 aulkietarik 159 lortuta, eta ondoan zituen eskuin muturreko RNren 88 diputatuak, ezker muturreko Frantzia Intsumisoa alderdiko 74ak, eskuineko Errepublikarrak-eko 57ak, zentro-eskuineko Demokraten 50ak eta Horizontea zerrendako 30ak, Alderdi Sozialistako 27ak, ezker muturreko NUPESeko 22ak, zentroko independenteen taldeko 22ak eta 21 ekologistak (baita beste zazpi independente ere). Azken hauteskunde horietan batasunik ez zuen adostu ezkerrak, eskuin muturraren onerako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Hauteskundeak 2024
Ehunka lagun elkartu dira Baionan eskuin muturraren kontra

Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.


2024-06-13 | Euskal Irratiak
Mixel Esteban hautetsi ekologista
“Ekologia ez da modan, gure bozkak alderdi sozialistara joan dira”

Bigarrenetik seigarren postura erori da Berdeen alderdia Ipar Euskal Herrian, Europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 2019ko hauteskundeen datuekin alderatuta, 10.000 boz galdu dituzte; hots, %17tik %7ra pasa dira.


Etxebizitza merkantzia bihurtuta, ultraeskuinari atea ireki dio Europak

Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]


Eguneraketa berriak daude