Greenpeaceko kideak Frantziako zentral nuklear batean sartu dira arriskuaz ohartarazteko

  • Greenpeace talde ekologistako 29 aktibista atxilotu dituzte, atzo goizaldean Frantzia hegoaldeko Tricastin-eko zentral nuklearrean sartzeagatik. 05:20ean sartu ziren, hiru lekutatik, eta zentralaren arriskua salatu eta berau ixteko beharra aldarrikatu zuten.


2013ko uztailaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hainbat irudi proiektatu zituzten zentralean: hala nola, pitzadurak erreaktorean edota François Hollanderen irudia, "Hondamendiaren presidentea?" hitzez lagunduta. Sophia Majnoni Greenpeaceko ekintzen arduradunak azaldu duenez, "arazorik gabe" iritsi ziren "zona nuklearrera". Hondamendirik gerta ez dadin, "esku hartu dezala" eskatu dio Hollanderi.

Zentrala kudeatzen duen Electricité de France enpresa elektrikoak azpimarratu du ekologistek ez zutela lortu lekurik garrantzitsuenetan sartzea.

Tricastin Frantziako zentral nuklearrik "arriskutsuenetakoa" dela nabarmendu dute Greenpeacekoek, eta Fessenheimekoa ixtea bezain funtsezkoa dela hura ere gelditzea. Izan ere, Fessenheimekoa (herrialdeko zaharrena) ixteko asmoa du Hollandek, baina ez besterik.

Gertatutakoaren harira, Frantziako presidenteak labur azaldu du herrialdeak garrantzi handia ematen diola "segurtasun nuklearrari".

Gaur egun, 59 zentral nuklear ditu Franziak eta beste bat ari da eraikitzen. Energia nuklearrarekiko menpekotasun handiena duen herrialdea da munduan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Greenpeace
Eguneraketa berriak daude