Fouz, García eta Quiroga, duela 50 urte Iparraldean desagertu ziren hiru galiziarrak

  • Ostiral honetan bete dira 50 urte José Humberto Fouz, Jorge Juan García eta Fernando Quiroga Donibane Lohizunen desagertu zirenetik. Irunen bizi ziren jatorri galiziarreko herritarrak ziren.


2023ko martxoaren 24an - 12:11
Azken eguneraketa: 2023-03-25 08:33:04
José Humberto Fouz, Jorge Juan García eta Fernando Quiroga.

Gertaeren garaian asko idatzi zen Espainiako hedabide frankistetan, gerora noizean behin ere agertu da kasua, baina hamarkadetan nahiko oharkabean iragan da. Urteurren egunotan berriz azaleratu da. Gaur bertan, ostiralean, desagertuei omenaldia egingo diete Gasteizen Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioak. Quiroga aduana agentzia bateko langilea zen Irunen, Eskobedo garraio enpresa batean ari zen, eta García langabetua zen.

Oro har ez dago argi zer gertatu zen eta nola. Bertsio hedatuenean, 1973ko martxoaren 24an hirurak joan ziren Donibane Lohizunera Last tango in Paris (Azken tangoa Parisen) ikustera, frankismoaren zentsurak Espainian debekatzen zuen filma. Itzuleran, taberna batera sartu ziren eta han euskal errefuxiaturen batzuk espainiartzat hartu omen zituzten, liskarren bat izan eta hil zituzten.

Poliziak edo zelatariak izan zitezkeela eta, nonbaitera eraman zituzten, torturatu eta hil. Hori da gertaerez garaian zabaldu zena, eta hori da gaur egun ere hedabide gehienetan ontzat jotzen dena. ETAk hildako biktima izaera ere aitortzen zaie, nahiz eta erakunde armatuak inoiz ez zituen bere gain hartu gazteen desagerpena eta hilketa.

Instituzioek ETAren biktimatzat jotzen dituzte, baina 2018an EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen katedrak Jaurlaritzarentzat egindako txostenean zera aitortzen da: “Iturri judizialak edo hemeroteka bilduta, gertaeren kontakizunari buruzko oso hipotesi ahula egiten da (...) Prentsan agertutako informazioen artean kontraesan nabarmenak zeuden, eta aipatutakoei ez zitzaien koherentziazko bultzadarik eman (...) Desagerpena eman zenetik, nabarmena eta bereziki deigarria da ikerketa ofiziala egiteko dagoen interes eza”.

Euskal Herrian izandako pertsona desagertuez idatzitako Objetos Perdidos (Objektu galduak. Txalaparta) liburuan kasua gertutik jarraitu du Iñaki Egaña historialariak ere. Eta gauza bera egiten du Emilio Lopez Adan Beltza historialariak, Borroka armatua Euskadin. 1967-2011 liburu mardulean.

Funtsean, eta ETAk hilketak bere gain hartu ez baditu ere, bi hipotesi nagusi daude, eta bietan errudunak dira ETA edo euskal errefuxiatuen ingurunea. Batean, ETAk edo haren bueltakoek hiru gazteak nahastu zituzten poliziekin, hil eta desagerrarazi. Bestean, egiazki polizia edo zelatariak ziren, erakunde armatuak deskubritu egin zituen, eta hil eta desagerrarazi. Saez de Santamaría Guardia Zibileko jenerala zenak, esaterako, publikoki aitortu zuen Espainiako Poliziaren zelatariak zirela Diego Carcedo kazetari espainiarrak idatzitako haren biografian.

ETAren ikuspuntua

Gara-ko zuzendari Iñaki Sotok ETAko zuzendaritzari 2018an egindako elkarrizketan –ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa (Txalaparta. Gara)– auzi honi buruz galdetzen die etakideei, eta funtsean, haiek diote ez dutela daturik esateko ETA izan zela, baina ez dituzte horretarako aukerak guztiz ixten. “ETAk ez du bere gain hartu. Baina ez dugu guztiz ukatuko gertaera ilun eta tamalgarri hura gerta zitekeenik”. ETAko zuzendaritzako kideen erranetan, bake prozesu zintzo batean erakundeak ere egin zezakeen ikerketa ahalegin handiagoa ETAren historian arakatzeko, besteak beste, “gorpuak aurkitzeko. Inork ez baitu jarri zalantzan hilda daudela”.

Tortura salaketak tartean

Auziak korapilo ugari ditu, baina egiaztatutako datu gutxi. Saez de Santamaría jeneral espainiarra aipatu dugu, baina hor dira baita Polizia edo Espainiako zerbitzu sekretuen iturrietatik edaten zuen Alfredo Semprún kazetariaren kontakizunak ere, horietako batzuk aski deliragarriak (Carrero Blanco atzerriko Fronte Iraultzaile batek hil zuela, edo Federiko Krutwig Alemaniako SSetako polizia zela). Eta badira, halaber, ETAn Polizia espainiarraren sator gisa aritu zen Mikel Lejarza El Lobo, GALen aritutako José Amedo polizia edo birgizarteratze programetan aritu zen Juan Manuel Soares Gamboa etakide ohiaren esanak.

Kontakizun horietatik atera zen hil aurretik hiru galiziarrak bortizki torturatu zituztela, haietako bati begiak bihurkin batekin atera zizkiotela esate baterako. Lopez Adanek ez dio sinesgarritasunik ematen tortura salaketa horiei, garai haietan bai ETA, bai orduko beste erakunde armatu garaikide batzuk tortura erabiltzearen aurkakoak zirelako. Aipatu behar da Lopez Adan etakide eta erakunde armatuko zuzendaritzako kidea ere izan zela gertaeren aurreko hamarkadan. ETAk galiziar eta espainiar izate hutsagatik hil zituela ere aipatu zen, bai hedabideetan, baita itxuraz Espainiako polizi indarrek han-hemenka barreiatutako idazkietan ere.

Egañaren ustez, gazte galiziarrak errefuxiatu talderen batek desagerrarazi zituen, baina ez zehatz-mehatz ETAk aginduta. Lopez Adanek bere liburuan dioenez, “garaiko ingurunean sinesgarri izan daiteke hiru pertsonen susmoa hartuta, militante talde bat bere kabuz aritzea, beroan bat hil eta gero, estaltzeko, beste biak akabatzea”. Eta kasuari buruzko konklusio gisa honakoa zehazten du: “Erreibindikatu gabe eta froga materialik gabeko gertakaria da. Balizko biktimak errepresioan inplikatu gabeak ziren. Militanteen aldetik, izatekotan autodefentsarako ekintza oker bat izan zen, oso gaizki eramana, eta geroko komunikazioa oso gaizki kudeatua”. Bere ustez, familiek merezi dute egia jakitea, baina “oro har, Erakundeak hautatu du bere ekintzaileei babesa ematea, biktima inozenteen edo ekintza gehiegizkoen familiei ekar zekiekeen minaren gainetik”.

Egunotan, hainbat hedabidetan agertu da Marta Rodríguez Fouz, desagertutako Humbertoren iloba, eta berak ez du uste gorpuak agertuko direnik. El Correo egunkarian egindako elkarrizketako bere hitzak berdin izan daitezke Euskal Herrian ezagunak diren beste desagertu batzuen senideenak: “Dagoeneko ez gara ari jazarpen judizialaz, zer gertatu zen jakiteko eskubidea dugu, egia jakiteko eskubidea”.

Ostiral honetan hiru desagertuei Gasteizen egindako omenaldia. (Arg.: @Fundacion_Buesa )

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desagertuak
Oraindik desagertuak

Iñaki Egañak idatzi berri duen Objetos perdidos. Desapariciones forzadas en el contexto vasco (1956-2010) (Objektu galduak. Indarrezko desagerpenak euskal testuinguruan, 1956-2010) liburuan (Txalaparta, 2021) oinarrituta dago erreportaje hau. Makina bat aldiz hitz... [+]


2021-03-24 | ARGIA
Jaurlaritzak Naparra auziari buruzko dokumentazio eguneratua eman dio sendiari, desagerpenetik 41 urtera

Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagerpenaren inguruko informazio eguneratuaz txostena osatu du EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak. Dokumentuaren funtsa ikerketa eragingarria bultatzea da, eta Eneko Etxeberria Alvarez Naparraren anaiak jaso du... [+]


Jon Alonso, "Naparra. Kasu irekia" liburuaren egilea
"Familia beti José Miguel bila, hori etengabeko tortura da"

Naparra. Kasu irekia (Elkar) liburua idatzi du Jon Alonsok (Iruñea, 1958) José Miguel Etxeberria Naparra-ren desagerketaren auzia ikertuz. 1980an desagertu zen iruindarra eta familiak oraindik bila jarraitzen du. Liburuak ez du kasua argitzeko aztarna berririk... [+]


'Naparra' berriz bilatuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Joxe Migel Etxeberria 1980an ikusi zuten azken aldiz, Ziburun. Bahiketa Batallon Vasco Españolek aldarrikatu zuen. 2016an, Landetan egindako bilaketa lanek ez zuten emaitzarik eman. Asteartean prentsaurrekoa emango dute Donostian Iñigo... [+]


'Naparra' non dagoen zehazten duen idazkia eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Mont de Marsanetik (Landak) gertuko harizti batean bilatu zituzten Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpuzkiak apirilaren 4an, baina ez zuten ezer aurkitu. Naparra han lurperatu zutela esan zuen estatu terrorismoari lotutako iturria bilatzeko agindua eman du orain Ismael... [+]


Eguneraketa berriak daude