Finalaren kronika: Reta, pankartak, galderak, gazi-gozoak...

  • Bazoaz finalera? Ordenagailurik gabe, lasai, entzun finala, gozatu, idatzi bihotzetik. Andereñoa zara? Koadernoa eta bolaluma saioko oharrak hartzeko gura dudala ez dut zertan esan estankoan, ezta?


2016ko abenduaren 19an - 08:30

Apostua Retan? Etxahun Lekue: 1,85€. Jone Uria: 3 €. Lehen bertsozaleak Alde Zaharrean (poteoan?). Gu dirua ateratzera. Gabon-kantuan koruak. Kaferik? Eta txupitoa. Petardo-traka. Ez dira, ba, korukoak: tronpeta eta guzti  zapi horiz jantzitako gazte oldea. Xabat Galletebeitia: 51 €. Lasai doa Ibon Claudio Gallastegi kalean gora. Ene, berandu? Ezpa! 16:00etan geratu gara. Txapelketako saioetan ordu erdi lehenago, eta luze egiten da! Gaur ere luze joko du 17:00ak arte… Ibon Ajuriagogeaskoa: 17 €. Karrera garaiko bertso-entrenamenduak datozkit gogora. Belaunaldi horrek ere merezi du txapela, ezta? Gazteagoek ere bai, kontxo. Emakumeak gogor datoz. Beinke! Ibilaldiko errifak nahi? 1,5 €. Non jarriko gara? Gradetan, erdialdean? Baimenduak bakarrik? Tirozu, laster palkoa handiagoa izango da entzule arruntentzako eremua baino... Albo batera? Esan dut nik ba hobe zela ordu laurden lehenago etortzea...

"Aupa Mauriziak, gozatu!" dio kartelak. Bai, gero! Natural, irizpide berekin neurtuta, halaxe iritsi badira final batera, zergatik ez dira hautatzen, natural-natural, neska-mutilak erdiz erdi gainerako saioetan? Onintza Enbeitaren jaka Xabat Galletabeitiaren jarraitzaileen lepokoaren kolorekoa da: horiak suerte ona dakar antzezlekuan, ezta? Onintza Enbeita 11 €.

"Lehenengo muxua, lehenengo esaldia, lehenengo hilekoa, lehenengo bertso afaria, Miribillako lehenengo oholtza handia, esperientziaren faltan ausardia, ez dezazuen ahaztu gure lehenengo aldia" (Nerea Ibarzabalen hasierako agurra. Eta ez, ez dugu ahaztuko!). Nerea Ibarzabal: 101 €. 

Handira: Gerra Zibileko hildakoen aztarnategian Onintza eta Xabat. "Bidali, itzali, kixkali, estali". Berba errimadun guztiak aditz izateak eragingo ote du? "Beta"? Meh! "Kolpeta"? Hiztegian badator? Beñat eta Ibon. Panpinak eta baloiak. Kale. Pena. Miren eta Etxahun. Batua eta bizkaiera nahastea zigortuko diete? Nerea eta Jone. Nerea, freskuraz! Ondo, Jone, zer da ba ona bertso-puntuak josten...

Txikira: Xabat eta Beñat. Urrezko ezteiak, hegaldi pribatua, Bilbo, lañoa, errezoa… zenbat helduleku… denak aipatu behar dituzte? Pilotuak bizarra duela eta… San Pedro ez da izango, ezta? Beñaten barruko plazagizona aterata: haginak "klaka-klaka" eta "abionetaren zarata". Hirugarrenean abionetak eta bertsoak behera egin du, ba! Onintzak tinko bere rolari: Ibon ez da benetako Olentzero, eta txistu jo diote Iboni: ama, zergatik esan du Olentzero aita eta ama direna? Ez da erantzuten ibili, ezta? Etxahun eta Nerea ostera, bai, eta nor bere rolean ondo sartuta, ala? Baina… Berriro "bertute" errima? Miren Amuriza 3 €. Azken bertsoan ez du ezer bota Jonek, zer uste duzu? Plus eta minus apuntatu duzu?

Puntuari erantzuten nor ikusi dudan ondoen? Koadernoan hauxe daukat apuntatuta: Ibon eta Miren.

Hamarrekora: Onintza eta Ugartetxea korrikaren lekukoarekin. Ez zaizu iruditu gaitik aterata bota diola ileordearena? Niri bai. Ba, niri ez, ze Onintzak bota dio berak egiten duena errepikatzeko… Tira… Euskaltegiaren eta euskararen ingurukoa zen gaia, ordea: zergatik egin salto fikziotik errealitatera? Xabat eta Ibon, ondo, akats barik, nabarmendu barik. Gazi-gozo. Miren eta Nerea Bolibiara doaz bisitan. "Bikotea garela esango duzu, ezta?". Ederra! Zer lanketa egin duten neskok gaien tratamendurako ere, ezta? "Gora Andikonako sorgiñe, gogor Miren!" (pankartak dioen moduan)  Nereak ere ona, ona, baina... Ai! Trabatu egin da… aaaai! Mihia trabatu zaio, ez burua! Eta irri hala ere! "Aupa, Nerea! Herrixe irrIBARZABALaz!" (pankartak hau ere) "Gora Bollibia!" bota du azken puntua. Hori da hori freskotasuna, hori da hori irribarrea, geratuta ere bertsoaldi ederra! Etxahun eta Jone erditze-ikastaroan. "Damutu, agurtu, apurtu, ezagutu, bildurtu"… Etxahun! Bazara, ba, aditzak baino gehiago errimatzeko gai!  Noiz ekin behar diozu? Epidurala eskatzeko, bestela... Atzera eginez gero, ez luke plazagizonak paper beretik kantatuko, ezta? Ondo Jone erantzuten, ironiaz: "erditze natural bat baino ez zait falta!" "Kaka, hanka", "prest egon gabe ere etorriko da ta"...

Bakarka: Komunean egon naiz, zelan egon da Onintza? Ondo, akats barik, Ondarroako etxegabetuei kantatu die. Gai zaila da Xabatena? Ekarri du berera, baina… grrr… zer da ba "malkotan blaiz"? Beñatek segurura jo du, ala? Berera ekarri du: baserria eta umorea. Zergatik luzatu? Zenbat errima ote dira nahiko bakarkakoan? Ez zaizula gustatu nola jorratu duen Ibonek gaia? A, ba niri bai. Miren: “belaunaldi artean eraiki genduan zubi hura orain ia lekuz aldatu dela dirudi”, ondo, “lehen amak zaintzen ninduen, neskatila guri-guri”, ondo, "urduri, mugi", ondo, "urduri"... Poto?! Bai! Joder! Niri gustatu zaizkit poto eta guzti, ba. Zuri? México lindo y querido doinua… moldatua da? Watssapa joka. Bertso school watssap taldea: 110 mezu! Errimak botatzen ez dabiltza, ba! Asko kentzen du potoak? "Harako hura ez bazara"... Ixo! Entzun: "astora, gora, aproba, deitora"... Zer da "deitora"? Isilduko zara? Shhhh! Entzun Etxahun: "herioren aldetik?" Irrist egin dio, ezta?

Nork egingo du aurrera? Inguruan ez da inor ezer argi esateko gai. Luze dabil hau jotzen. Luzegi. Kanpora? Erretzera? Seiko txapelketa ez ote da hobe?

Xabat komandantez jantzita pankartan: "Amets egitea libre bada bizitzan, txapeldun izatea ezin da amets bat izan". Baina… potoa! Eta… azkenean… "Lekuek txapela, txapelak bere lekue" (pankartak iragarria hau ere). Zorionak Etxahun! Esperientziak jantzi dizu txapela.

Niri? Ba… luzeegi jo duela, irudipen gazi-gozoz atera naiz. Arriagako eta Euskaldunako final haietaz akordatzen zara? Ez al gara zahartzen ari?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
2023-12-18 | Bertsozale.eus
Nerea Ibarzabal Salegik irabazi du 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Bertsozalez lepo egon da Bilbao Arena: 4.400dik gora zale egon dira bertan. Ibarzabalekin batera, Jone Uria Albizurik kantatu du buruz burukoan.

2023-12-11 | Bertsozale.eus
Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako kide izan zen Iturriza, 1980ko hamarkadan. Aurten, elkartearen 40. urteurrenaren baitan, sorrerako kideen beharrari aitortza egin gura dio; 2023ko irabazleari jantziko dio txapela.

2023-11-27 | Bertsozale.eus
Nerea Ibarzabalek irabazi du Lemoako finalaurrekoa eta osatu da finala
Hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatu da larunbatean Lemoan; sarrera guztiak agortuta egon dira astebetean

2023-11-20 | Bertsozale.eus
Jone Uriak irabazi du Santurtziko finalaurrekoa
Santurtziko Serantes kultur aretoan jokatu da bigarren finalaurrekoa, eta, irabaztearekin batera, algortarra finalera sailkatu da. Azken finalaurrekoa Lemoan jokatuko da, azaroaren 25ean.

2023-11-13 | Bertsozale.eus
Xabat Galletebeitia da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalista
Berrizko Olakueta frontoian jokatu da lehen finalaurrekoa, eta bertan irabaztearekin bat, lekeitiarra finalera sailkatu da. Hurrengo finalaurrekoa Santurtzin jokatuko da, azaroaren 18an.

Eguneraketa berriak daude