Ez duzu maiteko baina berak zainduko zaitu

  • Udaberri usainean gara eta hasi zaizkigu iristen gibela garbitzeko tratamendu miragarriak, belardendako erakuslehioan edo sare sozialetan azken egunotan detox hitza da gehien irakurtzen dudana. Denak dira miragarriak, eraginkorrak eta azkarrak, osasuntsu bizitzeko promesa egiten dutenak. Ez dago halakorik ordea, ez da posible, ezin liteke. Gibela ez dugu epe motzean zikindu eta garbitu ere nekez egin liteke epe motzean. Ez komeni gainera, lehendik lan gainkarga duenari presakako garbiketak nekea eragingo diolako.

Negakina. Argazkia: Dani Blanco.

2024ko martxoaren 18an - 06:47

Atzerritik ekarritako sendabelarrak ere jartzen dira boladan detox hauetarako baina gibela garbitzen duen sendabelar andana daukagu gurean eta basatiak izaten dira askotan. Horietako bati begira jarriko gara, negakinari (Fumaria officinalis).

“Hori? Belar txar hori? Benetan ari al zara? Hori konejuak ere ez du-eta jaten!” esan zidan asaldatuta Aizpurutxoko gizonezko batek, baserritarra bera, lehortuta infusiotan hartzea komeni zitzaiola esan nionean. Hark ere atzerriko sendabelar bat, pilulatan ahal bada, hobetzat zeukan eta baratzean porru artean hazten zitzaion belar txarra erremedio bikaina zuela ikusaraztea asko kosta zitzaidan. Udaberria pasatakoan itzuli zen eta izenburua eman didan esaldia bota zidan: “Nik ez dut asko maite belar hori baina berak ni bai, zaindu nau”.

Berriki aritu naiz Europako Botiken Agentziaren (EMA) monografia bat irakurtzen, negakinari osorik eskainitako txostena. Datu jakingarriak irakur daitezke bertan. Askok uste dute erabilera herrikoi edo tradizionalaren iturrietatik bakarrik edaten dugula eta ez da hala, in vivo bezalaxe in vitro ikertzen dira hainbat sendabelar eta komeni da horiei buruz jakitea.

Monografian frogatutzat ematen da behazun xixku berria sorrarazten duela eta jario hau hobetuz xixku zaharra kanporatzen laguntzen duela, hortik gibelarentzat onura. Jaten hasi eta berehala sortzen den betetasun sentsazioa tratatzeko eraginkorra dela ikusi da eta bakterioen kontrako gaitasuna izateaz gain antioxidatzailea dela ere ikusi dute. Oro har digestio ezintasuna tratatzen du eta honek sortutako buruko mina ere bai. Ikerketa lerro gehiago ere badira baina momentuz ondorio garbirik gabeak.

Negakinaren txorten, hosto eta loreak lehortu eta udaberrian goizero baraurik gozagarririk gehitu gabeko infusio bat hartzea nahikoa genuke onura hauek izateko. Pertsonaren arabera bederatziurrena edo berrogeialdia egin liteke, hori bai, edozein epetan ari garela ere ondoeza sortzen badu, hartzeari utzi.

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ezin da erabili. Haur eta nerabeentzat ez da egokia. Behazunean harriak, lokaztutako behazun xixkua edo hodiak buxatuta baldin badaude ezin da erabili. Polipoak badaude edo gibeleko gaitz larria ezta ere. Gibelari lan eginarazten dion botika ia gehienekin ez da bateragarria, hartu aurretik medikuari galdetu badaezpada. Odolean globulu gorri gehiegi duenak gutxi eta epe motzean hartu behar du (hilean astebetean).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.


2024-05-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Dragoitxo arrunta eta klima aldaketa: etsaia lagun duzunean...

Euskal Herriko gune batzuetan bizilagun ezaguna dute jada dragoitxo arrunta. Nafarroa hegoaldean, esaterako, urteak daramatza (gutxienez 1980ko hamarkadatik) bertako hormetan eta etxe inguruetan gora eta behera, batez ere gau partean, argia duten inguruetan, jatena non... [+]


Itzaltzen ari zaigun argia

Urte batzuk ditugunok (nire kasuan, mordoska) sarritan entzun izan diegu gure guraso eta senitarteko helduenei garai bateko ikuskizun harrigarri baten berri. Ipuin baten gertatuko balitz bezala, larreak “argi txikiz” apaintzen zirela maiatza inguruko gau garbietan... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


Eguneraketa berriak daude