Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

  • Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.


2024ko maiatzaren 14an - 10:01
Argazkia: honeyfromspain.com

Haritza (Quercus robur) eta artea (Quercus ilex) dira gurean gozo gehien sortzen duten zuhaitzak eta hara zer lanak ematen dizkieten erleei. Eztia loreetan bildutako nektarrarekin egiten dute erleek. Lore sasoi nagusia udaberria da; egutegiari ezikusiarena egin eta uda erdian eguna dezente moztu den arte luzatzen dena. Hor buru-hegal aritzen dira eultzeko erreserbak besteak beste eztiz osatzen.

Uda erditik atzera, beste abaraskako eztia izan ohi da. Loreak bakandu ez ezik ia desagertu dira eta hurrengo negu amaierako sasoi berria urrun dago, oso urrun! Tarte hori laburtu eta goxatuko duen ihintza etorriko da. Uda erdian hasten dira ihintz handiak; eguna dezente laburtu da, tenperaturak beherako joera ez du utziko eta hezetasuna ugaritu egingo da. Emaitza ihintz latzak, eta haien eraginez hezeberak diren landareen sufrimendua: tomateak (Solanum lycopersicum), mahatsondoak (Vitis vinifera) eta abar.

Erleen uda eta udazken ataria goxatuko duena beste ihintz bat izango da, ordea. Ezti ihintza. Haritzak eta arteak sasoi horretan zenbaezina den intsektu mordoaren bisita izango dute. Bisitak ez dira onez-onezkoak. Zorri, kotxinila eta abar jatera datoz eta han, hemen, harago, ziztada eta koskadizo ugari egingo dizkiete. Intsektua elikatu denean hor uzten du zauria, eta hura jario eta jario, zuhaitzak izerdia dario nonahitik. Ba erleek izerdi hori jasoko dute. Izerdi hori hostoetan-eta geratzen denean, gozoa denez, lika antzeko ispilu bat sortzen du, ihintza balitz bezala, eta gozoa denez “ezti ihintza” esaten zaio. Janaria sortzeko lehengai nektarra erabili beharrean ezti ihintza erabiliko dute, eta harekin eultzean ez dute eztia egingo, ihintz eztia egingo dute. Ezti ihintzez ihintz eztia egingo dute.

Ihintz eztia ez da ezti arrunta bezalakoa. Ilunagoa da eta biziagoa, indartsuagoa; osagaietan ere zuhaitz horien loreen eztia baino aberatsagoa omen da: aminoazido eta mineral gehiago ditu.

Uda amaieran, Curculio elephas izeneko gurgurioak ezkurrei erasotzen die; ezkurrari eusten dion ezkur-azalean arrautza jarri eta handik sortzen den harrak zulatu egingo du. Zauri horretatik ere jarioa dario, ezti ihintza, eta erleek ederki jasoko dute. Intsektu koskarik gabe, eguraldi gorabeherak tarteko ezkurra bera eta azalaren arteko haustura bati egozten diote zenbaitzuek jarioa. Batera edo bestera, ezkur eztitsua. Eta ihintz ezti gehiago negurako.

Erleak lagundu nahi dituzula? Bai, loreak jarri, noski, baina ezkurrak erein. Agendan jaso datorren negurako lana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-06-17 | Jakoba Errekondo
Udaberria jan dezagun mikatzetik

Arabako Errioxako udaberriak ez dauzkat ahazteko. Urte dezentetan harrapatu ditut sasoi horretako loraldi betean hango mahastiak eta harrigarria da; laburra da paisaia berria, baina iraupen motz horretan begien sabaia erretzen du eta ordura artekoak ahantzarazten.


2024-06-17 | Nagore Zaldua
Itsas dortokak lozorrotik esnatu ote dira euskal kostaldean?

Udako solstizioa gerturatzen ari den honetan, euskal kostaldean itsas dortokak ikusteko aukerak ugaritu dira. Gure uretan ezagunena Egiazko kareta (Caretta caretta) da. Ale helduen oskolaren batezbesteko tamaina, 120 cm-ko luzera zuzenera eta 200 kg-ko pisura irits daiteke... [+]


2024-06-17 | Garazi Zabaleta
Lurbizi
Lurraren bankua sortzen, nekazaritzarako oinarrizko baliabidea bermatzekoa

Oiartzunen nekazaritza bultzatzeko eta elikadura burujabetzarako bidean pausoak emateko sortu zen Lurbizi egitasmoa, 2016 urte inguruan. “Herritar talde batek denbora zeraman herrian nekazaritzaren eta lehen sektorearen egoera kaxkarraz hausnartzen”, adierazi du Ibon... [+]


2024-06-11 | Jakoba Errekondo
Azpiak egitea

Baratzea laster izango da bere onenean. Udazalea bazara. Neguko baratzea ere eder askoa da, bere unibertso urdinarekin: porruak (Allium porrum), azatarrek (Brassica spp.) eta abarrek osatzen dutena. Jendeak, baina, udako baratze koloretsua nahiago izaten du; tomate (Solanum... [+]


2024-06-10 | Jakoba Errekondo
Azpiak egitea

Baratzea laster izango da bere onenean. Udazalea bazara. Neguko baratzea ere eder askoa da, bere unibertso urdinarekin: porruak (Allium porrum), azatarrek (Brassica spp.) eta abarrek osatzen dutena. Jendeak, baina, udako baratze koloretsua nahiago izaten du; tomate (Solanum... [+]


Eguneraketa berriak daude