Euskaraz bizi, eskubidea eta erronka, baita espetxean ere

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azken sei urteotan euskaltegietan lan egiten dugun hainbat irakasle abentura eder baten partaide izan gara. Azken Korrikan milaka eta milaka herritar euskaltzalerekin batera lau haizetara aldarrikatu genuen bezala, harro eta herri.

Sakabanaketa bere gordinkeria osoan zegoen indarrean, eta ehunka euskal herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea erabat kolpatua zuten: deserria zitzaien inposatua, euskal preso politiko izateagatik.

Deserriak hamaika zauri eragiten du, denak mingarri. Presoari berari eragindakoez gain, senide eta lagunen sufrikarioa dugu azpimarratzekoa. Eta dispertsioak ekarritako heriotza ekidingarri horiek guztiak gogoratu behar, lehenik eta behin, barruko zein kanpoko: inposatutako bidaia luzeetan gertaturikoak, arreta mediku egokiaren faltak eragindakoak, isolamendu eta bakartzea muga-mugaraino eraman izanaren ondoriozkoak...

Mintzoa ere lapurtu nahi izan die urrutiratze eta sakabanaketa politika horrek: hitza, euskara, hizkuntza. Zauri latza, alajainkoa! Zauri horren sendagarri izan nahian, duela sei urte zenbait irakasle hasi ginen urrutiko espetxe haietan ziren presoekin elkarlanean; hasieran EGA titulua eskuratu nahi zutenei laguntze aldera. Lehen urrats hartatik sortu zen azken urteotan euskaltegietako irakasle talde honek garatu duen ibilbidea.

Ezina ekinez egina. Esaldi iradokitzaile hori oinarri, deserriratze hark zekarren eskubide ukazio larriari aurre egin nahi izan genion. Euskal preso politikoak, beste euskal herritar guztiak bezalaxe, euskaraz bizi eta euskaraz ikasteko eskubidearen jabe ziren. Badira. Eta eskubideak defendatu beharrekoak dira, gauzatzekoak, beti.

Herritar orori eta preso guzti-guztiei zor diegu euskaraz bizitzeko aukera. Euskara ikasteko eskubidea bermatuta. Espetxeak euskara behar du eta euskarak espetxeetako biztanleen ekarpena ere bai

Hainbat arlotan nozitzen zuten ukazio gordina: unibertsitatean euskaraz ikasteko aukerarik ez, posta  edota telefono bidezko komunikazioetan erdaraz aritzeko inposizioa... Euskara hobetzeko edo euskaraz bizi ahal izateko ikastea bera ere, ezinezko. 2019-2020 ikasturtean 43 irakasle aritu ginen eskubide ukazio horri zirrikitu sendagarri bat ireki nahian. Posta bidezko tutoretzen bidez, lagunentzat beharko liratekeen bisita batzuk eskuratuta... Beste horrenbeste presorekin ibilbide polita garatu genuen sakabanaketak iraun zuen azken urteetan, emaitza dotoreak lortuta. Zailtasun guztien gainetik, euskara, deserriaren aurkako sendagai, Euskal Herriarekiko lotura zilbor.

Eta sakabanaketa amaituta, zorionez, aro berri bat ireki zen, honetan ere bai. Eta zera ikusi ahal izan dugu: Euskal Herrian bertan kokatuta ere, espetxea deserriratze sistema bat badela, berez. Eta ikusi, euskara ikasteko eskubidea bermatzeko, preso diren pertsona guztiei dagokien eskubidea bermatzeko, asko falta dela. Gure ekarpentxoa egin nahi izan dugu horretan ere. Presoek euskaraz ikasteko eta euskaraz bizitzeko duten eskubide hori gauzatu ahal izateko aukera egiazkorik izan dezaten, berdintasunean, inolako diskriminaziorik pairatu gabe.

Hasieratik bertatik planteatu genien administrazioko arduradunei espetxeetan euskara ikasteko moldeak ofiziala behar duela izan, kalean eskaintzen diren aukera berdinak eskainita, euskaltegien bidez garatzen den metodologia eta bitarteko egokiak bermatuta.

Hori ailegatu bitartean, iazko eta azken ikasturte honetan, ahalegin betean aritu gara. Euskal preso politikoekin abiatutako bidea preso guztientzako aukera bilakatu nahian. Zaballan egin genuen ahaleginarekin urratu genuen bidea: 106 presok euskara ikasteko euren borondatea adierazi eta matrikulatu ziren. Denari ezin erantzun eta emaitza azkarragoa ekar zezaketen mailei eskaini behar izan genien lehentasuna. Basaurin eta Martutenen ere ireki zitzaigun aukera. Ez, zoritxarrez, Iruñean; are gutxiago Lannemezanen.

Ibilbide honetako emaitzak oparoak izan dira. 2022-2023 ikasturtean, euskara ikasten aritu dira 62 ikasle Zaballan, 33 Martutenen eta 24 Basaurin. Sekulako ahalegina egin dute eta emaitzak ere bikainak. Horrelaxe aitortu izan digute HABEko arduradunek ere. Ahalegin horretan laguntzaile ibili garen 33 irakasleok gure poza eta esker ona adierazi nahi diegu ikasleei lehenbizi, baita bide honetan lagundu diguten guzti-guztiei ere. Klaseak bideratzeaz gain, presoekin batera hainbat jarduera ere bideratu edo partekatu ahal izan dugu: hitzaldiak, kantaldiak, antzerki jardunak, ikastaro bereziak...

Gu abiatu orduko, Zaballan Bertso Eskola zoragarria bazebilen lanean, aitzindari. Haien laguntza ezinbestekoa jaso genuen lehen sarbidea errazteko. Bihoakie hemendik gure esker ona. Beste hainbat kultur eragile ere hortxe izan ditugu, bidaide. Beti bezala, euskal kultur sortzaileak eskuzabal eta miresgarri.

Izan ere, horixe da, ziurrenik, konturik garrantzitsuena: euskara, espetxean ere, elkarbizitza hobetzeko bitarteko eraginkorra dela, oso; euskarak erakutsi duela, espetxean ere, pertsona guztien garapenerako ateak irekitzen dituela; euskara, beraz, izan daitekeela espetxea errotik aldatzeko funtsezko indar eragilea, berebiziko ahalmen askatzailea duena. Begi-bistan ageri izan zaigu hori guztia Zaballan, Basaurin eta Martutenen garatutako esperientzia emankor honetan.

Aurtengo ikasturterako agindu ziguten ikasketa prozesuari molde ofizialez eta osotasunez ekingo ziotela instituzioek, espetxe administrazioak eta HABEk elkarlanean. Urrian izan behar zuena orain gauzatu da, azkenean. Eta dagoeneko ikasten ari diren presoen jardunak babes ofizial osoa du. Dagoeneko, borondate hutsez aritutako irakasleok lekukoa eman diegu euskaltegiei, beraiek gara dezaten abiatutakoa. Urrats funtsezkoa da, bere txikitasunean. Batez ere, datorren ikasturtean, Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan euskara ikasteko aukera osoa izango delakoan, eskubide-berdintasuna aitortuta eta diskriminaziorik gabe.

Urrats berriak, urrats gehiago behar dira, jakina, espetxeetan euskaraz bizitzeko aukera erreala eta kalitatezkoa izan dadin, espetxea, berez, deserriratze sistema bat baita. Ahalegin handia egin beharko dugu euskara eta euskal kultura protagonistak izan daitezen preso diren pertsonen  etxeratzea azkarragoa eta sendoagoa izan dadin. Denon artean espetxe zigortzaile ereduari uko egin eta bestelako moldez heldu diezaiogun euskal herritar horien guztien premiei.

“Euskara dugu gure lurralde libre bakarra” zioen Sarrionandiak. Askatasunean eta elkarbizitza oparoan bizitzen ikasteko ardatz eraginkorra izan daiteke. Halakoxea da. Egunero ikusten dugu euskaltegietan. Ageri-agerian ikusi dugu espetxeetan ere. Dei berezia egin nahi diogu, beraz, euskal jendarteari, oro har, eta bereziki euskaltegiei zein euskal kulturaren sustatzaile orori, adi egon daitezen eta datorren ikasturteari begira, matrikulazio garaian, espetxeak ere gogoan izan ditzaten.

Eta hauteskunde kanpainan egonik, nola ez, eskaera zehatza alderdi politiko guztiei: hausnarketa bat eta proposamen bat. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu beharra dago herritar guzti-guztientzat, inolako diskriminaziorik gabe. Hori egia izan dadin, hizkuntz politika eraginkorrak, ausartak, behar ditugu. Euskal herritarron eta gure erakunde demokratikoen erabakien errespetua oinarri, nola ez. Eta arlo guztietan aukera berriak ireki behar dira. Erronka horietakoa dugu espetxeetan euskara klaseak era duin eta egokian antolatzea. Eta hortik hasita, gure arloan hain garrantzitsuak izan diren Barnetegiak gogoan, egungo espetxe eredua gaindituko duten “kanpotegiak” pentsatzen eta antolatzen hastea.

Ibilbide hau ahalbidetzeko euskaltegietako hainbat eta hainbat irakaslek diru ekarpen eskuzabala egin dute. Eta ibili gara gure poltsak saltzen, manifetan pankarta aireratzen... orain, agurtzeko unean, bildu ditugun bitarteko xume horiekin zer egin erabakitzeko unean, Harrera elkarteari bideratuko dizkiogu gure azken hondarrak.

Basauriko gure ikasle batek idatzi zigun Korrikan:

Ttipi ttapa, ttipi ttapa...

zuek gabe ezingo zen izan,

ezin izango zen,

ezingo izango zen,

ezingo izengo zengo...

bakoitzak bere moduan,

denok ZANGO OZEN!

Bada, horixe! Zoragarria izan dela. Konpromisoak ematen duen satisfaziotik adierazi nahi dizuegu, ikasleoi bereziki, merezi izan duela, beti merezi baitu ekitea eskubideak hedatzeko, zabaltzeko, finkatzeko. Deserri nagusia bukatu da, zorionez, baina euskal presoak etxean nahi eta behar ditugu; euskaltegietan ikasle-irakasle, beti ere euskaraz bizitzeko ahaleginean eragile.

Herritar orori eta preso guzti-guztiei zor diegu euskaraz bizitzeko aukera. Euskara ikasteko eskubidea bermatuta. Espetxeak euskara behar du eta euskarak espetxeetako biztanleen ekarpena ere bai.

Mila-mila esker abentura honetako  bidelagun izan zareten guztiei.

Adiorik ez!

Harresirik gabeko mundua amets, zirrikituak eraiki, euskaratik eta euskaraz!

Presoen Euskara Irakasleen Taldea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Euskadi nazioa da

2025eko Aberri Egunean, Imanol Pradales lehendakari jaunak “Euskadi Nazioa da” eta “hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin, ez izan zalantzarik”, ozenki esan zituen.

Euskalduna naizen aldetik,... [+]


Arabako Herri Unibertsitatea: Krisi eko-sozialaren inguruko laborategi bizia abian da

Noizbehinka aipatu ohi da zientzia, edo hobe esanda akademia, gizartetik urrunegi dagoela. Gauzak honela, aditu eta arituen arteko distantzia ahalik eta txikien izatea da jasangarritasunaren zientziaren zioetako bat. Jasangarritasunaren arloan aritzen garen zientzialariok... [+]


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


2025-06-02 | Behe Banda
barra warroak
Politikoa ez den poesia idazteko

Zein da otordu egoki baten proportzioa. Nondik dator egunero ahora eramaten dudan ogia. Zergatik ez dut goserik. Nork erabakitzen du zu ez zarela ni, gu ez garela berdinak. Nola egiten da janaria. Non altxatzen dira dorre garaiak eta non harresi mortalak. Nork jaten du eskuekin... [+]


2025-05-28 | Joan Mari Beloki
Istanbul II

Europako lau presidente gudazaleek (Emmanuel Macron, Keir Starmer, Friedrich Merz eta Donald Tusk), maiatzaren 10ean 30 egunetako su-etena exijitu zioten Vladimir Putini. Errusiako presidentearen erantzuna: “Maiatzaren 15ean has gaitezen bakea negoziatzen... [+]


40 minutu Iratxerekin

Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpen hau onartu du: "Iratxe Sorzabal zaintzeaz arduratzen ziren funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkioten deklaratzera behartzeko, eta horrek zera dakar, haren oinarrizko giza eskubideak nabarmen... [+]


Itzali sistema, piztu alternatibak

Energia eta telekomunikazio burujabe eta iraunkorraren aldeko manifestu kolektiboa.


2025-05-19 | Behe Banda
barra warroak
Zeri Kantatzen Diogun

Israelgo Estatuaren aldeko funts batek Espainiar Estatuko makrojaialdi gehienak erosi ditu. To. Hondartza ondoan noria eta guzti duen jaialdia zein hardcoreta tatuajedunak joaten direna, 1.400 miloi euroko trukea, Palestinako kolonia israeldarretan etxebizitzak eraikitzeko... [+]


Gorrotoa, arrazakeria eta xenofobia postontzietan banatuz

Gasteizko Arana auzoan Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa birgaitzeko lanak hasi ondoren, bizilagun okupatuak eta kezkatuak garen aldetik eta Euskal Herria benetako harrera- herria izan dadin, berriz ere publikoki posizionatu beharra ikusi dugu. Beste behin ere lengoaia... [+]


Zure onurarako da

Ikusiz zenbat psikologok, medikuk, terapeutak… metodo mirakuluak partekatzen dizkiguten, pentsa daiteke haurren heziketa nazioarteko kezka dela eta denok adituak bilakatu garela.


Soluzioa ez da teknikoa, soziala da; Arnaldo Otegiri erantzuna

Azken asteotan, energia berriztagarriei buruzko eztabaida komunikabideetan zabaldu da. Euskal Herrian, lehenik eta behin, Aritz Otxandianok jasandako erasoaren kasu mediatikoa izan genuen, berak energia berriztagarrien aldeko jarrerari egotzi ziona; handik egun gutxira,... [+]


GFAren Lurralde Oreka Berdeko Departamenduaren konpromiso eza

Izenak, berez, ez du izana gordetzen. Papera ez da nahikoa, nahiz eta paperak denari eusten dion. Busti arte. Halaxe gertatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamenduarekin. Izan ere, izenak gorde beharko lukeen izanari uko egin dio; besteak beste, 2023ko... [+]


Gerra inperialistari gerra

Badira aste batzuk Europar Batasuneko presidente den Ursula von der Leyenek zortziehun mila milioi euroko gastu militarraren beharraren berri eman zuela. Gastu hori Europak jasaten duen mehatxu militar bati aurre egiteko omen da, eta mehatxu horri batasunez erantzun beharra... [+]


Itzalaldia

Ez dakit itzalaldiak itsutu gaituen edo itsu gaudelako itzali garen. Edozein kasutan, itzalaldia ez da gaur hasi eta bukatu den gertaera histerikoa –barkatu, historikoa–. Aspaldian hasi zela uste dut eta, zoritxarrez, ez zen San Prudentzio egunean amaitu.


Eguneraketa berriak daude