Euskaraldia 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da

  • Hirugarren edizioa izango da 2022koa eta belarriprestak, ahobiziak eta ariguneak izango dira protagonista. Herri batzordeak prestaketa lanetan hasiko dira.


2021eko azaroaren 22an - 11:13
Azken eguneraketa: 12:14
Euskaraldiaren aurkezpena Iruñean egin zuten azaroaren 20an. Argazkia: Euskaraldia.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamabost egunetan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala egingo da 2022ko hondarrean. ‘Hitzez ekiteko garaia’ leloa aukeratu dute antolatzaileek. Pandemiak bigarren edizioa erabat baldintzatu zuen, harreman sozialak oso mugatuta egon baitziren. Hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu dute, “hitza baita hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia”.

Aurreko bi edizioetan bezala, belarriprest eta ahobizi rolak izango dira eta bi rolei proposamenak egingo zaizkie hizkuntza portaerak errazago burutu ditzaten. Antolatzaileen lehentasuna izango da herritarrek ohiturak aldatzeko tresna eraginkorragoak eskura izatea.

Ariguneak finkatzeko urtea izatea nahi dute antolatzaileek. 2020ko edizioan nahi baino entitate gutxiagotara heldu zirela adierazi dute, pandemia tarteko, eta hirugarren edizioa ariguneak zabaltzeko eta haietan sakontzeko urtea izatea nahi dute.

2022ko Euskaraldia aurkeztuta, tokian tokiko batzordeak ere martxan jarriko dira herrietako dinamikak hirugarren aldiz aktibatzeko.

Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzaileak, 2020ko edizio mugatua gogoan, kalea irabaztearen garrantzia azpimarratu du: “Kalea berreskuratzea beharrezkoa da euskararentzat eta euskaldunontzat. Azken urte eta erdi honetan gizarteak jasan duen kolpeari buelta eman behar diogu eta datorren urtean horretarako tresnak izango ditugu. Inoiz baino beharrezkoago da hitzez, ekinez, kalea irabaztea”.

 


Eguneraketa berriak daude