Euskalgintzaren Kontseiluak “oso larritzat” jo du PAI programa eredu bihurtzeko hartutako erabakia

  • Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa egingo du larunbatean, maiatzaren 7an. Nafarroako Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzeko hartutako erabakia oso larritzat jo du, eta egoerak okerrera egin duela salatu du. Herritarren 500 eskaera gehiago erregistratuko dituztela aurreratu dute, eta elkarte berrien eta Nafarroako 28 udaletako euskara-teknikarien atxikimenduak ere jaso dituzte.

Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

2022ko maiatzaren 04an - 17:26

Larunbat honetan, maiatzak 7, manifestazioa hasiko den tokian bertan egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, hainbat bazkiderekin batera, larunbaterako manifestaziorako deialdia. Bertan izan dira Paul Bilbao idazkari nagusia eta Kontseilua osatzen duten erakundeen zenbait ordezkari, besteak beste, AEK, IKA, Sortzen, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz eta Emun, bai eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia ere.

PAI eredua: gutxiagotze-estrategiaren beste katebegi bat

Lehenik eta behin, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok erreferentzia egin dio aurreko ostegunean Nafarroako Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzeko hartutako erabakiari: "Oso larria iruditu zaigu. Hain zuzen ere, Nafarroako berezko hizkuntza ezagutzeko herritarren eskubidea bermatzeari begira botere publikoek betebehar zehatza dute, gaur egun Nafarroako Gobernuak betetzen ez duena. Hori nafarren arteko berdintasunaren aurkako kolpe bat da. Izan ere, egungo hezkuntza-ereduak milaka haur eta gazteri ukatzen dio euskara ezagutzeko eskubidea, eta euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten ditu. Horren aurrean, ingelesa ezagutzeko balizko eskubidea erdigunean jartzea zitala da. Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete".

Bilbaok gogoan izan du PAI delakoa abian jarri zenean Gobernuko orduko lehendakariak argi esan zuela horren helburu nagusia: "Oihartzun handia izan zuten orduko lehendakari Barcina andreak telebista bateko elkarrizketan esandakoek: PAI programaren bidez euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditu nahi zuela". Are gehiago, berezko hizkuntzak dituzten beste lurralde batzuetan ere, Valentzian edota Balear Uharteetan esaterako, helburu bera betetzeko abian jarri zituzten antzeko irakastereduak: "Argi geratu da PAIrena bezalako ereduak ezarri nahi izan diren lurraldeetan, hizkuntza gutxituaren irakaskuntzari aurre egiteko estrategiaren baitan kokatu izan dela, eta Nafarroan ere horrela izan zen, eta horrela da" gaineratu du.

Bestalde, Kontseiluko eledunak interesen araberako abiadura erabiltzen dela salatu du: "Euskara merezimendu gisa arautzeko dekretua prestatzeko urteak behar izan dituzte, baina PAI eredu bihurtzeko prozesua di-da batean jarri dute abian. Hor ere ikusten dugu, intentzionalitate maltzurra erakusten dutela zenbait alderdik, bereziki euskararen kontrako neurriak jokoan daudenean" azaldu du.

Atzerapausoei aurre egin beharra

Horrekin batera, Kontseiluko idazkari nagusiak gogoan izan du zein izan zen maiatzaren 7ko manifestazioa antolatzeko lehen arrazoi nagusia: "Nafarroako Gobernuak euskara eta euskaldunak zokoratuko dituen araudia onartu nahi du. Ondorioz, UPNren garaiko politiketara itzuli nahi du, eta epaitegiek onetsitako neurriak ere ezabatu nahi ditu". Hartara, Bilbaok azaldu du, beste behin, Gobernuak onartu nahi duen dekretua hainbat atzerapauso ekartzeaz gain, UPNren politikek baino atzerago agiten duela zenbait puntutan. Helburu bakarra du Gobernuak: "euskara bera eta euskarari lotutako komunitatea zokoratu nahi dituzte, lurraldean inolako estatusik ez duen hizkuntza bat gainean jarriz".

Halaber, Bilbaok gogoratu du denak ez duela balio, baldin eta herritarrak gutxietsiko badira: "euskara eta euskal hiztunen komunitatea desagerrarazteko erabakiek babes parlamentarioa izateak ez du esan nahi erabaki demokratikoak direnik".

Atxikimendu gehiago

Azken egunotan manifestazioari begirako atxikimendu gehiago heldu direla azaldu du Kontseiluko eledunak: "Batetik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek dekretua aldatzeko eskaerak bidaltzen dizkigutela Nafarroa osotik. Une honetan, Gobernuari helarazteko bostehun eskaera berri dugu. Bigarrenik, askotariko eragileen atxikimenduak iristen ari dira, besteak beste, Duguna Dantza Taldea, Nafarroako Pentsiodunak Martxan, Eskubide Sozialen Karta, EHGAM, Pantailak Euskaraz, Sasoia Elkartea... Azkenik, aipatzeko modukoa da Nafarroako 28 udal euskara teknikarik ere agertu diotela atxikimendua mobilizazioari. Horri gehitu behar diogu duela zenbait aste euskal gehiengo sindikalak ere kalera ateratzeko deia egin zuela".

Halere, Bilbaok argitu nahi izan du zeinek bere erantzukizuna duela atzerapauso hauei guztiei aurre egiteko. Horregatik, "alderdi politikoei ere eskaera zuzena egin nahi diegu: desadostasunaren aitzakia ezin da erabili horrelako erabakiak onartzeko. Bada garaia presio handiagoa egiteko, euskararen gaia erdigunean jarri eta estutzeko. Izan ere, hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin dezakete euskararen normalizazio-prozesuan" esanez bukatu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
2024-05-10 | ARGIA
Euskarazko haur eskolak aldarrikatuko dituzte Iruñean maiatzaren 16ko manifestazioan

Iruñeko Euskalgintza plataforman bildutako eragileek egin dute deialdia. Hiriburuan dauden hamasei haur eskoletatik batean eskaintzen da euskarazko murgiltze eredua. Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diote auzo bakoitzean murgiltze ereduko haur... [+]


Mingainak astindu ditu Iruñeak

Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


Eguneraketa berriak daude