Euskal Konfederazioak Florence Lasserre diputatuaren jokamoldea salatu du

  •  

    Paul Molac diputatuak aurkeztutako lege proposamena –otsailaren 13an–  eztabaidatu eta bozkatua izan da Frantziako Legebiltzarrean. Euskal Konfederazioak Florence Lasserre diputatuak bozkaren ondoren plazaratu artikulua kritikatu du.


2020ko otsailaren 21an - 15:46
Florence Lasserre-David Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatua da Mugimendu Demokrataren izenean.

Euskal Konfederazioak dioenez, Ipar Euskal Herriko V. bozka-eremuko Florence Lasserre diputatu andereak Morbihaneko diputatu Paul Molacak Frantziako Legebiltzarrean lurralde hizkuntzei buruz aurkeztu lege proposamena onartua izan dela dio –otsailaren 13an– baita adierazi ere Lasserrek parte hartu ez duen “eztabaida sutsuan” aritu dela. Euskararen alde lan egiten duten elkarteak “ez dela egia”, salatu du fermuki.

Konfederazioak dioenez, zoritxarrez, bi bozengatik ez dute onartu murgiltze eredua aitortzen zuen emendakina. Iparraldean irakaskuntza elebidun publikoak, pribatuak eta ikastolek galde egiten duten murgiltze ereduaren aitorpen honetarako eskas ziren bi boz horien artean, Florence Lasserre diputatuarena, baita VI. bozka-eremuko Vincent Bru diputatuarena ere.

Hemen Florence Lasserrek –frantses hutsean– bere webgunean argitaratu testua.

Segidan, Euskal Konfederazioaren agiri osoa:  

E-mailez nasaiki zabaldu bere webguneko artikulu batean(1) Iparraldeko V. bozka-eremuko Florence Lasserre Diputatu Andereak aipatzen du Paul Molac Morbihaneko diputatuak frantses Legebiltzarrean lurralde hizkuntzei buruz pausatu lege proposamena onartua izan dela, otsailaren 13an, parte hartu ez duen “eztabaida sutsuen ondotik”. Maluruski parte hartu ez duen eztabaida sutsuen ondotik erranen genuke...

maluruski diogu 2 bozengatik bakarrik ez baitute onartu murgiltze eredua aitortzen zuen emendakina. Iparraldean irakaskuntza elebidun publikoak, pribatuak eta ikastolek galde egiten duten murgiltze ereduaren aitorpen honetarako eskas ziren bi boz horien artean, Florence Lasserre diputatuarena beraz baita VI. bozka-eremuko Vincent Bru diputatuarena ere. Azken hau Legebiltzarrean bazen ere eta bukaerako proposamena bozkatu badu ere, ez du eztabaidetan parte hartu. Zertarako balio du diputatuak hautatzea ez badute parte hartzen beren lurraldeari buruzko gaien inguruko eztabaidetan?

Egia bada ere bere artikuluan Lasserre Andereak idazten duela “lurralde kulturak deskubritzea ikasleentzat onuragarria dela” edota “lurralde hizkuntza bat menperatzeak pertsona adimentsuago egiten duela”, hemengo herritarrek nahi duten lurralde hizkuntzen aitorpen hastapenerako eztabaidetan parte hartzea eta emendakinak bozkatzea adimen seinale izango zen... Urrunago, Lasserre Andereak segitzen du “ghetto linguistikoak sortzeko arriskua” eta “kultur hestea eta kultur baztertzailea” aipatuz, lurralde hizkuntzen alde egitea iraganeko ideologia zaharkituekin bat egitea balitz bezala. Lurralde hizkuntzen aldeko borroka aipatzea “komunotarismoa” eta “kultur autoritarismoa” bezalako terminoak erabiliz, maltzurra eta arriskutsua da. Horrelako diskurtso bikoitza izateak (hemen diskurtso bat, Parisen beste bat) gure hizkuntzak transmititzeko eta biziarazteko daramagun lana kaltetzen du. Horrez gain, iragana/tradizioaren eta modernotasunaren arteko konparaketa egitea ere arrunt zaharkitua da, iraingarria ez errateko. Euskararen inguruko kultur dinamika aberatsaz batere ez ohartzearen kontu dela erranen dugu...

Lasserre Andereak idazten du ere “Estatuari ezin zaiola erreparazio historikoaren izenean lurralde hizkuntzen eta kulturen aldeko politikak xutik ezartzea galdetu”. Hori erranez France Insoumis-eko Bastien Lachaud diputatuaren mailan kokatzen da: honek Molacen lege proposamenaren inguruko eztabaidetan jarrera ultra-jakobinoa erakutsi zuen, Jean-Michel Blanquer hezkuntza ministroarekin batera, azken honek parte hartu zuelarik bakarrik segurtatzeko Modem eta La République en Marche taldeetako diputatuek ez zituztela lurralde hizkuntzen irakaskuntzaren aldeko emendakinak eta artikuluen alde bozkatuko. 

Hala ere, puntu batekin egiten dugu bat Diputatu Anderearekin: hizkuntzak ez dira mugimendu politikoen instrumentalizazioaren menpe izan behar. Horregatik hain zuen gomitatzen dugu bere hitzak berriz gogoetatzera, beste garai batzuetako konparaketak saihestera eta “kultur autoritarismoa”-rekin kasu egitera...

Baiona, 2020ko otsailaren 21a


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Europar Batasunean euskara, katalana eta galiziera ofizialtzearen erabakia atzeratu dute, eta Espainiako Kongresuan hasi dira erabiltzen

Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Euskara, ofiziala Europan eta Nafarroan ez?

Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.


Kontseilua: "Nafarroako Gobernu akordioa atzerapausoa da euskarari dagokionez"

Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.


Eguneraketa berriak daude