Euskal Herriko Mugimendu Feminista: "Greba orokorra feminista izango da"

  • Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Asteazkenean Bilbon egindako prentsaurrekoan beren aldarrikapenak zein diren zehaztu dituzte, greba deitu duen eta antolatuko duen orok bere egin ditzan.


2019ko abenduaren 18an - 13:59

Mugimendu Feministak asteazkenean Bilbon egindako prentsaurrekoan jakitera eman duenez, Euskal Herriko Eskubideen Kartak urtarrilaren 30ean deitu duen greba orokorrarekin bat egin du. Abenduaren 14an bildu ziren mugimendu feministako kideak grebaren bueltan gogoeta egitera, eta horren ondotik hartu dute deialdira atxikitzeko erabakia. “Greba orokorra feminista izango da”, adierazi dute irmoki.

Azken bi urteetan martxoaren 8ko greba egunetan mugimendu feministak egin duen indar erakustaldia errepikatzeko asmoa agertu dute. Horretara bidean, martxoaren 8an Euskal Herriko txoko ugaritatik jardun zuten sareek lanean jarraitzea ezinbestekotzat jo dute, “indarra, ahalmen mobilizatzailea eta eraldatzailea” erakutsi zutela iritzirik. Horrez gain, Euskal Herriko Eskubideen Kartako parte diren sindikatu eta eragileei eskatu diete mugimendu feministaren aldarrikapenak bere egin ditzaten, baita “herri eta hirietan sortuko diren greba batzordeei horiek lantzeko ardura mahaigaineratu” ere.

Hiru aldarrikapen nagusi aireratu dituzte, “azken greba feministetako irakaspenetan oinarrituz”: "Bizitza prekariorik ez"; "Indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitza anitzak"; eta "Arrazakeriarik eta gerrarik gabeko bizitzak".

Lehen aldarrikapenari lotuta, kapitalak bizitza forma ororen erreprodukzioa baliabide ekonomiko bilakatzen duela kontuan hartuta, exijitu dute “baliabide mugatuak dituen planeta honetan bizitzaren jasangarritasun kolektiboa bermatzea eta elkar menpekotasuna onartzea”.

Bigarren aldarrikapenarekin “sistemak inposatzen digun izateko eta sentitzeko moduen aurrean” emakume, bollera eta transak matxinatu egiten direla adierazi dute. Ulertzera eman dute horrek gizarteko erakunde guztien aurrean matxinatzea exijitzen duela, sistema heteropatriarkala horietan guztietan islatzen dela adieraziz.

Hirugarren aldarrikapenarekin kolonialismoa jarri dute jo puntuan, eta berorren aurrean gorputzen, lurraldearen eta lurraren defentsa aldarrikatu: “Gure lurraldeak zeharkatzen dituzten ofentsiba arrazista eta faxisten aurrean, ordena koloniala indartzen duten itunak ezabatzea exijitzen dugu, gure gorputzak eta lurraldeak espoliatzen eta suntsitzen dituztenak, bai iparralde zein hegoalde globalean. Bizitzako esparru guztietan herriei subiranotasuna itzultzea exijitzen dugu, horien biziraupenerako eta burujabetzarako”.

Greba orokor feministara bidean, zenbait egiteko

Mugimendu feministak greba orokorra feminista izango dela baieztatu du, baina xede horretara bidean gainontzekoak bidelagun behar dituela azpimarratuz. Hala bada, sindikatu eta eragileei, bai eta sortuko diren batzordeei, beren aldarrikapenak onartzea eskatu diete. Horrez gain, beste eskakizun batzuk ere egin dituzte: bizitzak erdigunean jartzea eta zaintzak kolektibizatzea.

Batetik, bizitzak erdigunean jartzearen garrantziaz mintzatu dira, “indarkeriari, berdintasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintza hierarkiari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei aurre egiteko”.

Bestetik, “zaintzen kudeaketaren ariketa kolektiboa” egitea proposatu dute, grebaren “prozesuan, edukietan eta egunean bertan mugimendu feministako kide diren emakumeengan eror ez dadin” zaintza lanen eginkizuna. “Badakigu denbora gutxi dugula grebaren antolaketa prozesuari arreta jarri eta hau zaintzeko, baina mahai gainean ditugun borrokak elikatzeko gure presentzia beharrezkoa dela uste dugu”, azaldu dute.

Urtarrilaren 18a, grebara dei egiteko eguna

Abenduaren 14ko asanbladan greba orokorrarekin bat egitea erabakitzeaz harago, zenbait kontu adosteko tarterik ere izan zutela jakinarazi dute. Greba eguna arteko prozesuari dagokionez, greba feministaren aldarrikapenak ikusaraztea eta feministek greba batzordeetan parte hartzea erabaki dute; ildo horretan, urtarrilaren 18a grebara dei eginez ekintzak burutzeko egun gisa finkatu dute.

Greba egunari dagokionez, ondokoak egitea proposatu dute: besoko morea janztea, amantalak leiho eta balkoietan zintzilikatuz emakumeek doan egiten dituzten lanak bistaratzea, eta greban egon ezingo diren emakumeen –presoak, etxeko langileak, zaintzaileak, indarkeria matxistak hildakoak…– presentzia sinbolikoki irudikatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: U-30 Greba Orokorra
2021-06-02 | ARGIA
2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira auzipetutako kidearen absoluzioa eskatu dute Gasteizen

Iazko urtarrileko greba orokorrean parte hartu zuen pertsona bat epaitu dute ostegunean Gasteizko Epaitegietan. Autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak leporatzen dizkiote, eta hemezortzi hilabeteko espetxe-zigorra eta kalte ordainak eskatu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen... [+]


Analisia:
Euskal blokeo politikoa gaindituko dugu

Atzean geratu diren politika sozial eta ekonomiko okerrak aztertuz, Espainiako Estatuak berriki abiatutako aldaketaren euskal deklinazio baten beharra aldarrikatu nahi dugu, egungo blokeo egoera Euskal Herrian ere gaindituz.


2020-02-09 | Juan Mari Arregi
Greba ez debaluatzea

Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du. Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera.


2020-02-07 | Topatu.eus
Gazte bat atxilotu dute Burlatan U30eko greba orokorreko piketeetan parte hartzeagatik

Hala salatu dute twitter bidez Burlatako hainbat eragilek. Burlatako greba komiteak deituta asanblada informatiboa egingo dute arratsaldean.


Eguneraketa berriak daude