Euskal dantza eta musikaren etxea 2022rako nahi lukete lortu Uztaritzen

  • Herri Soinuk Uztaritzen egin gogo zuen egoitza zabalago bilakatu da, euskal dantza eta musikaren baliabide gune baten egitasmoa bilakatuz. Lurraldeko gaurko egoeraren azterketa egin dute.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2020ko otsailaren 14an - 13:12

Ohiko euskal dantzen eta musiken baliabide gune baten eraikitzeko asmoz lanean ari da Iturburua elkartea. Egoeraren azterketa batetik abiatu da. Urte batez Ipar Euskal Herrian gaindi, gisa batez edo bestez euskal dantza eta musikarekin ari diren elkarte eta eragileen itzulia egin du Peio Labeyrie elkarteko langileak, zenbat diren eta zer motatako jarduerak daramatzaten aztertzeko.

Egitasmoaren etorkia oroitarazi du lehenik. Elkarte bakar batek beretako zuen xedea bestelakotu baita azken urteetan, zabalago bilakatuz. “Herri Soinu elkarteak hasi zuen kultur etxe baten ukaiteko xedea, duela hamar bat urte, Uztaritzen. Azkenean, Hirigune Elkargoa muntatzearekin, egitasmo hori aldatu egin da. Eta 2015-2020 arteko lurralde hitzarmenean agertzen zen proiektu horren ardatza: proiektu egituratzaile bat sortzea euskal musika eta dantzarentzat”. Hiru elkarte agertu ziren egitasmo beraren inguruko xedeekin: Herri Soinu, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra (IDB) eta Johañe Etxebest dantza irakasleak zeramana Zuberoarako. Hiruez bat egin dute.

Ondoko bi urteetan zehaztu nahi dute kusku hori nola bete. “Aipatua izan da artxibategi handi baten beharra, adibidez. Gure arteek dituzten berezitasunak erakustea: duten zentzua, duten alde soziala, eta ez bakarrik artistikoa. Bestea da profesionalizazioak nola lagun dezakeen amateurra den mundu bat. Gehienak amateurrak gara, bai dantzan, bai musikan, eta hori da dugun indarra. Beste bide batzuk ere aipatu dira, gaur egun jendeari zabaldu nahi dizkiogunak”.

Definizio horren laguntzeko dute, hain zuzen, gaur egungo egoeraren bilketa egin. 8.000 lagunez goiti kontatu dituzte euskal dantza eta musikan ari direnak Ipar Euskal Herrian; berrehun bat elkartetako kide direnak. “Bederatzi mota agertzen dira eragile horietan: dantza taldeak, musika eskolak, txarangak, mutxikoak ikasteko elkarteak, errituak antolatzen dituztenak, errituak ez diren egitasmo kulturalak antolatzen dituzten elkarteak, dantza konpainiak, eta, azkenik, federazio eta erakundeak —EKE eta Sü Azia, adibidez—”. Musika sailean, konparazione, 600 ikasle inguru badira euskal ohidurazko musika ikasten dabiltzanak. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oro har musika ikasten ibiltzen diren ikasleetarik %15 ordezkatzen dute. Nahiz definizio zabala eman dioten tradiziozko musikari: “Hartu ditugu, noski, soinu tresna tradizionalak: txistua, gaita, trikitia, panderoa eta holakoak —erdiak, guti gorabehera—; eta, gero, esku soinua, biolina eta klarinetea, tradizioan sartuak baitira duela ehun urte edo. Kontsideratzen dugu holako musikari bat bilakatzen ahal dela musikari tradizionala”. Segur dena da hamazazpi musika eskolatan erakusten dutela tradiziozko musika. Orain arte halako kontaketarik ez zenez egin, xedea da bilakaera segitzea ikusteko jarraipen bat baden irakaspen horretan.

Zer errepertorio transmititu? Irakasleak nola formatu? Curriculum bat landu edo ez? Galdera horiek erantzutekoak dituzte oraino. “Helburua litzateke guk definitzea zer garen, zer diren gure lehentasunak, eta horri begira egituratze ofizialak asmatzea. Formakuntzaren aldetik, demagun, egokitzeko gure berezitasunei. Adibidez, kontserbatorioan departamentu berezi bat sortuz Landetan duten bezala”.

Irakaskuntzako beste adibidea eman du Labeyriek haurrei begira. Gazterik egiten baita eskoletan musikaren lehen dasta edo “atzartzea”, josteta kantuekin ohartu dira Euskal Herrikoek ez dutela baitezpada tokirik, ez bada axola hori duten eskoletan. “Aurkitu metodo guziak frantsesak dira; beraz, josteta kantuak frantsesez ikasten dituzte haurrek; badakigu badirela josteta kantuak euskaraz irakasten ahal direnak; berdintsuak. Hori nola sar dezakegu pedagogian? Gisa berean, ahozkotasunetik nola landu belarria? Tradizioz musika hola irakasten baitzen ere”.

Oinarrien beharra dantzan

Euskal Herriko soinu tresnak eta musikak musika eskoletan irakasten dira zenbait urte hauetan jada. Zerbait gisaz egituratu da hauen irakaskuntza ofiziokoen eskutik. Dantzan, berriz, herri mailakoa, taldekoa edo lagunartekoa gelditu da oraindik. “Dantza eta musika desberdindu dira musika tradizionala sartu delarik kontserbatorioetan eta irakaskuntza formal batean. Musika tradizionalak ukan du xantza irakaskuntza profesional batera pasatzeko, irakasle diplomadunekin”, dio Labeyriek. “Euskal dantzak ez du hori ukan, eta garen bezala egon gara”. Behar baten moduan ikusten du sail horretan Iturburuako eramaileak, pedagogia mota desberdin franko badirelako dantza irakasteko momentuan. “Pedagogia askok badute beren balioa, eta ez dugu nahi joan erratera: ‘Hola da eta hola egin behar duzu!’, baina ari den pertsona lagundu nahi dugu. Galdeginez zer behar duen eta zertan laguntzen ahal dugun”.

Bizkitartean, pedagogia komun baten solastatzeko beharra ikusten du. Dantza urrats baten adibidea emanez adierazi du: “Entrexantak egiteko metodo desberdinak. Herri bakoitzak pauso batzuetan badu bere berezitasuna. Hori atxikitzea guretzat biziki inportantea da, baina zer da garrantzitsua: haurrak ikastea berezitasun hori edo ikastea teknika? Nahi dugu proposatu leku bat horretaz eztabaidatzeko eta aterabide komun bat atzemateko”.

Herri dantza eta jakitate horien transmititzeko tresna izan nahi luke, bestalde, delako euskal dantza eta musiken etxe horrek. Horretarako, bilketa lanen elkarretaratzea eta ezagutaraztea litzateke erronketarik bat. “Helburua da biltzen dena eskuragarri izan dadila. Ohartu gara gure ikerketan, askotan, jendeek ez dakitela norengana itzuli”.

Funtsa, erranahia eta jatorriari buruzko ezjakintasuna zabaldua dela ere ohartu dira. “Alta, badira oinarri batzuk jakin behar direnak: egiten dugun dantza nondik heldu da? Zergatik egiten zen? Haurrek jakin behar dute dantzatzen dugun Aurreskua, Agurra deitzen dela, gipuzkoarra dela. Batzuek erraten dute: ‘Hau da dantza nazionala!’. Ez, ez da hori; hala bilakatu da!”.

2022ko edo, berantenez, 2023ko irekirik ikusi nahi lukete euskal dantzaren eta musikaren etxea edo baliabide gune hori. “Helburua da, bai, leku bat atzematea; edo hobeago oraino, pila bat leku, sarean antolatuak liratekeenak”, trenkatu du Peio Labeyriek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal dantza tradizionala
2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


2024-01-10 | dantzan.eus
Dantza, kantua eta jan-edana, kaskarotak martxan!

Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]


2023-12-22 | dantzan.eus
Filipe Oihanburu euskal dantzari eta koreografoa hil da

Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]


Eguneraketa berriak daude