Maiatzaren 5ean egin zuen bere lehenbiziko agerraldi publikoa Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, momentuz lau herrialdeetako sei sindikatuk osatzen dutena. Sarearen eta bere zergatien berri eman zuten bertan eta, nagusiki, Espainiako Etxebizitza Lege berriaren inguruko irakurketa plazaratzeko baliatu zuten prentsaurrekoa. Sindikatuak oso kritikoak dira PSOEk, Podemosek, ERCk eta EH Bilduk adostutako legearekin. Gabeziak seinalatzearekin batera alde positibo batzuk onartu dizkiote, baina azpimarratu dute legeak berak ez duela zehazten tresnarik alde horiek garatuko direla ziurtatzeko. “Kutsu elektorala” hartu diote lege berria orain onartzeari, eta iritzi diote pobretuak pobretzen eta jabedunak aberasten jarraituko duela. Sareko kide Maite Martínez Etxebarria eta Ane Salvador Errastirekin hitz egin dugu labur behin prentsaurrekoa amaituta.
2022ko urrian topaketa batzuk egin dituzue (hemen irakurri daiteke topaketen kronika), baina gaurkoa da zuen lehenbiziko agerraldi publikoa Hego Euskal Herriko etxebizitza sindikatuen sare gisa. Zergatik sortu duzue sarea?
Maite Martínez: Badira ia hiru urte Euskal Herriko toki ezberdinetan etxebizitza sindikatuek sortzen hasi ginela, eta oinarrizko ideietako bat da etxebizitzaren arazoa konpondu nahi badugu herri bakoitzak ezin duela bere aldetik soilik aritu. Eta, are gehiago, nahi badugu kapitalismoaren aurkako borroka indartsu bat egin, etxebizitzatik eta lokaletik harago joan behar dugula.
Ane Salvador: Beti esaten dugu lan lokala egiten dugula, hori ezinbestekoa dela, baina gure planteamendua ez dela lokalista, ulertzen dugulako hori muga bat izan daitekeela. Gure marko geografiko eta politikoa Euskal Herria da, momentuz Hego Euskal Herriko sarea osatu dugu.
Ipar Euskal Herrian, aspalditik eta bereziki azken hilabeteetan, etxebizitzaren inguruko hainbat herri ekimen indartsu piztu dira. Baduzue harremanik beraiekin?
A.S: Horretan ari gara.
Urte batzuk jada etxebizitza sindikatuak sortzen hasi zirela Euskal Herrian. Egin duzue sarean orain arteko bidearen baloraziorik?
A.S: Hiru urteko ibilbideak baieztatu digu etxebizitzaren aldeko borroka arrakala bat dela, aukera bat gure auzo, herri eta lurraldeetan klase borroka hauspotu eta territorializatzeko; behar materialei erantzutea bide interesgarria dela komunitate politiko bat eraiki eta borroka pizteko. Uste dugu frogatu dela hipotesi horrek Euskal Herrian ere funtzionatzen duela.
"Behar materialei erantzutea bide interesgarria dela komunitate politiko bat eraiki eta borroka pizteko"
Agerraldian Espainiako Etxebizitza Legea berriaren balorazioa egin duzue nagusiki. Zer esan ugari ematen ari da legea, zuek alde positiboak zein negatiboak zerrendatu dituzue, negatiboak gehiago agian.
M.M: Alde positibotik hasita, bat da etxe-agentziei ordaindu beharreko ordainsariak, orain arte maizterrak ordaindu behar zituenak, etxebizitzaren jabeak ordaindu beharko dituela.
A.S: 2022ko lege aurreproiektuarekin alderatuta, aurrerakuntzak dira muga batzuk jartzen zaizkiola higiezinen negozioari. Etxegabetze irekiak, hau da data eta ordurik gabe jartzen diren kaleratzeak, debekatzen dira. Hori elkartasuna eta herri erantzuna ekiditeko egiten zen, eta lege honen arabera legez kanpokoa izango da. Jabe handien kontzeptua aldatzen da ere: orain arte hamar etxebizitza baino gehiago dituena zen jabe handia, orain 5 baino gehiago dituena. Baina onura horiek ere mugak dituzte.
Zeintzuk dira muga horiek?
A.S: Legeak ez duela tresna zehatzik jasotzen bermatuko dutenak puntu horiek beteko direla. Eta ez direla zehazten zigorrik edo ondoriorik horiek ez betetzekotan. Dagoeneko bi etxebizitza lege ditugu indarrean Euskal Herrian, bietan jasotzen da etxebizitza eskubidea dela eta bermatu egingo dela, baina ez da betetzen tresna konkreturik ez delako garatzen. Ezerezean geratzen diren asmo oneko adierazpenak dira gehienez ere.
M.M: Aurrerapen txikiak ekarri ditzakete puntu positibo horiek, baina edonola ere gure helburuetatik oso urrun geratzen dira: etxebizitza ezin da merkantzia bat izan.
Alde negatibora joz, zeintzuk dira zuen ustez legearen gabezi nagusiak?
M.M: Lehena alokairuen erregularizazioarena. Oso aipatua ari da izaten, baina mezu faltsua da: legeak ez dio sabairik jartzen alokairuen prezioari. Urtetan hainbat etxebizitza sindikatuk eta mugimenduk aldarrikatu dute hori izan daitekeela moduetako bat apaltzeko langile klaseak alokairuarekin bizi duen tragedia. Baina legeak ez dio sabaia jartzen alokairuaren prezioari, prezioaren igoerari baizik: datorren urteareko %2ko igoera baimentzen du gehienez ere, eta bi urte barrurako %3koa.
A.S: Hurrengo bi urteetarako bai, baina hortik aurrera igoeraren muga hori definitu gabe dago. Garai batean, zeinean langileen soldata erreala behera eta behera ari den egiten: hau da, arazoaren muina mantendu eta bere larritasuna esponentzialki handituko da.
"Legeak ez dio sabaia jartzen alokairuaren prezioari, prezioaren igoerari baizik"
Prentsaurrekoan, gabezien artean legeak jorratzen ez dituen hainbat puntu ere azaldu dituzue. Zer jaso beharko luke legeak, kanpoan utzi duena?
M.M: Turismoaren industria deitu dugun hori. Airbnb, hotelak, etxebizitza turistikoak, funts putreak... horiek dira espekulazioaren agente nagusienetakoak, eta legean aipatu ere ez dira egiten. Erantzule nagusiak legeak ezartzen dituen balizko mugetatik kanpo geratzen dira beste behin ere. Bestalde, legeak aipatzen du 100.000 etxebizitza berri eraikiko direla; ordea, ez dio aipamenik egiten etxebizitza hutsen kopuruari: 4 milioi estatuan, 275.000 hego Euskal Herrian. Zer gertatzen da etxebizitza huts horiekin? Ez da inoiz neurririk hartuko? Gehiago eraikitzea ez da irtenbidea.
A.S: Legeak gune tentsionatuak eta ez-tentsionatuak desberdintzen ditu uneoro, baina ez du neurririk aurreikusten "tentsio" horiek sortzen dituzten eragile horiek kontrolatzeko. Maitek dioenarekin lotuz, arazoa ez da etxebizitza falta, baizik eta jabetzaren banaketa eta metaketa kapitalista.
Papergabetuen egoera azpimarratu duzue ere
M.M: Legeak ekarri ditzakeen onura txiki horiek ere ez diete eragingo paperik gabe bizi diren pertsona pobretuei, eskubiderik gabeko pertsonak direlako. Ikusezintasunera kondenatuta jarraituko dute.
A.S: Etxebizitza sindikatuetan hori egunero ikusten dugu: gure asanbladetara etortzen diren pertsonetako asko ez dira existitzen legearen begietara. Pertsona horien etxegabetzeak, asko eta asko legez kanpokoak, Etxebizitza Lege berriak ez ditu aipatu ere egiten, ikusezintasunean sakonduz.
"Legeak ekarri ditzakeen onura txiki horiek ere ez diete eragingo paperik gabe bizi diren pertsona pobretuei"
Gaurko agerraldiaren ostean, sare bezala baduzue hurrengo pausurik aurreikusita?
M.M: Alde batetik, prentsaurrekoa Etxebizitza Legearen inguruko kanpaina txiki baten lehen urratsa da, hemendik aurrera kartel eta bideo batzuk kaleratzen joango gara gure posizioa eta borroka ikustarazteko. Bestetik, aurreko urtean Hego Euskal Herri mailako topaketa batzuk egin genituen, eta aurten errepikatuko ditugu, udazken partean. Bitartean gure formakuntza, oinarri politikoak eta saretzea lantzen jarraitzen dugu.
A.S: Eraikuntza prozesuan gaude.
* Agerraldiko testua osorik irakurri dezakezu hemen:
Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.
Pentsioak osatzeko 145.000 sinadura bildu dituen herri ekinaldi legegilea eztabaidatzeari ezezkoa eman ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua oso gogor agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin eta "bi aldiz engainatuta" sentitu direla azaldu du. EH Bilduk eta... [+]
Bertigo baten ostean, etengabeko txistu bat entzuten hasi zen Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, Gipuzkoa, 1972) bertsolaria, bertso-eskolako irakaslea eta gai-jartzailea. Tinnitus edo akufeno deitzen zaie Irazuk entzuten dituen zaratei. Horrek egunerokoan daukan inpaktuaz... [+]
Maiatzean 145.142 sinadura aurkeztu zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean, pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko proposamen baten alde. Pentsioak jasotzen dituzten pertsonentzako babesa “dagoeneko sisteman txertatuta”... [+]
Agerraldia deitu zuen Laudioko mugimendu feministak igandean, Odoloste eguneko goizaldean Txosnagunean gertatutakoa salatzeko.
Baionako ospitalean unitate berritzaile bat ideki da: kardio-ginekologia unitatea, menopausian diren emazteei zuzendua. Gai hau, askotan tabu edo bazterrean utzia, osasun arazoak eragin ditzake bizitzako etapa horretan.
Irailaren 10a izanen dute protestarako lehen hitzordua. 2018 urteko Jaka Horien mugimenduaren segipen gisa ikusten dute anitzek deia, nahiz eta alderdi politikoak eta sindikatuak dinamikari lotu izanak ezberdintzen dituen biak. François Bayrouren austeritate politikaren... [+]
Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Ibilaldiaren helburuak dira, alde batetik, Euskal Herrian kausa palestinarra babesteko sarea ikusaraztea eta aktibatzea, eta, bestetik, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeak salatzea, hala nola CAF, Teva, Carrefour, Zara eta Bardeako tiro poligonoa. Euskal... [+]
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]
Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene... 70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]