Etxe orratzak sutan

  • Muinoko tontorretik, landa zabalera. Kale estu eta motzetatik, etorbide zabal eta luzeetara. Etxe zahar eta txikietatik, etxe orratz amaigabeetara. Areto itxi eta gaztetxeetatik, aire zabaleko kirol gunera. 2020ko uztailaren 29a da eta mundu mailako pandemia bat behar izan dugu Gasteizko Salburua auzoan eskaintza kulturalaz gozatu ahal izateko. Batzuentzat COVID-19aren albo-kalteetako bat izango da, baina beste askorentzat aspaldiko amets betea.


2020ko irailaren 04an - 12:09
Argazkia: Izaki Gardenak

Izaki Gardenak taldea da gaurko zitaren protagonista nagusia, baina harekin batera normaltasun berriak ezartzen dituen osasun eta babes neurriek lagunduko dute. Berezia da gaurkoa, tokia ez da ohikoa, formatua ezezaguna eta egoera bitxia. Gasteizko periferiako auzo berrienetako futbol zelai publiko batean gaude, baina olana beltz batek inguratzen gaitu. Gonbidapenak agortuta daude, maskara derrigorrezkoa da eta ikusle bakoitzarentzat aulki bana dago.

Oskolei eta oskoletik ateratzeari zuzendutako diskoa da Gasteizko boskoteak gaurkoan aurkeztuko duena. Dena oskol izenburupean ezkutatzen da autoezagutzaren ideia, norberaren muga ezarriak edo askotan guk geuk geure buruari jartzen dizkiogunak uzteari buruz mintzo da diskoa. Bildumari izena ematen dion izenburu bera duen abestiak argi eta garbi azaltzen du barne bilaketa, abestiaren hasieratik bertatik: “Susmoa da, baina, agian, hanka sartzeek ez dute balio jada ikasteko ere”.

Azken diskoko abestiekin batera konfinamenduko hilabeteetan sorturiko bi abesti berri aurkeztu dituzte. Izan ere, Jon Basagurenen taldeak ekainaren 14an streaming bidezko zuzeneko emanaldia eskaini zuen Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, eta kontzertuaren aurreko astean egonaldia egin zuten han bertan. Oskol barruan emandako hilabete gogorretatik ateratako ondorioak eraberritzeko baliatu zituzten, oskola apurtzeko, bertatik ateratzeko, abesti berriei ere irteera emateko; gaurkoa izan da hori guztia plazara atera duten lehen aldia.

Udako ilunabar gorrixkarekin batera eman diote amaiera zuzeneko bereziari. Etxe orratzen artean ezkutatzen diren argi izpiekin batera agurtu dira taldekideak, baina Basagurenek haren gitarra eta ahots indartsuarekin eman dio amaiera gau-jaiari. Inolako tranparik gabe aditu dugu Amaieratik hasi diskoko Eguzki izpiak abestia. Zikoinen hegaldiekin batera heldu da udako iluntzea.

Argazkia: Izaki Gardenak

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude