ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 31

Etorkinak mugan kanporatzea onartu du Estrasburgok eta zigorra kendu dio Espainiari

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate
2020ko otsailaren 14a
Argazkia: RTVE

2017ko epaian jarritako zigorra kendu dio epaitegiak, beren burua identifikatzeko ardura etorkinengan jarriz. Salatzaileak Mali eta Boli Kostako bi gazte izan ziren, 2014an hesia pasatzen ahalegindu uziren 70 lagun horietako bi. Zigorra ezarri ziotenean ia aho batez onartu zuten espainiar Estatua erruduna zela, eta Ginebrako konbentzioak eta garai horretako Atzerritarren Legea hautsi zituztela. 

Lege hauen arabera, muga gurutzatzen duten etorkinek identifikatuak izateko eta itzultzaile baten zerbitzuak izateko eskubidea dute.  2014ko abuztuan, ordea, 70 lagun inguru geratu ziren Melillako hesiaren gainean ordu luzez, eta jaitsiarazi zituztenean mugaren beste aldera eraman zituzten, identifikazio edo itzultzaileen zerbitzuetarako eskubiderik gabe.

Espainiak ere, atzera                            

Mugako kanporaketen aurka azaldu zen Pedro Sanchez 2017an. Oposizioan zegoenean, behintzat. Askotan mintzatu izan da kanporatze horien aurka, giza eskubideak errespetatzen ez zituela argudiatuz.

Guztiz jarrera kontrakoa azaltzen zuen orduan gobernuan zegoen Alderdi Popularrak. Haien arabera, kanporaketa horiek ez ziren Espainiako lurraldean egin, atzerritarrak ez baitziren Polizia kontrolera iritsi; eta beraz, hori oraindik ez zen Espainia.

2018an, ordea, Pedro Sanchez jada Espainiako gobernuan zegoela, aurretiaz gaitzetsi zituen kanporaketak defendatzera pasa zen, aurreko gobernuak erabilitako argudio berdinak erabiliz; atzerritarrak ez ziren polizia kontrolera iritsi, beraz, ez ziren Espainiako Estatura sartu.

“Giza Eskubideen” Auzitegia

2017an sendoa izan zen Estrasburgoko zigorra, legea eta Giza Eskubideak errespetatzen ez zituela argudio nagusitzat hartuz. Orain, atzera egin du.  Espainian sartzeko modu legalak badaudela, eta atzerritarrek eskuragarri dituztela izan da argudio nagusia. Horren adibide nagusitzat jarri ditu Melillako mugako asilo bulegoak.

Laster heldu dira erreakzioak, auzitegiaren epaia “gaitzesgarri eta onartezin” bezala deskribatu dutenak. ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisarioak kasua aztertzen ari dela jakinarazi du.  Izan ere, pertsona horiek beraien eskubideak kontuan hartu gabe kanporatzea legearen kontrakoa dela adierazi du gobernuz kanpoko erakundeak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Polizia kontrolak  |  Espainia  |  Guardia Zibila

Polizia kontrolak kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude