Espainiako Gobernuak ez ditu GALen krimenak estatu terrorismo gisa errekonozituko

  • Espainiako Gobernuak gerra zikinari lotutako atentatuei buruzko datu zehatzak ematea saihestu du behin eta berriz. Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko txostenen arabera, kasuen % 37 gutxienez biktimentzat inolako erantzun formalik gabe itxi ziren.

     


2020ko abuztuaren 14an - 12:22
Monbar Hoteleko sarraskia.

Pedro Sánchezen gobernuak GALen krimenen inguruan duen jarreraz oraindik zalantzarik balego, exekutiboak argi eta garbi azaldu du bere posizioa egunotan: "Espainian ez dago estatu-terrorismorik". Hala, oraindik argitzeke dauden hamaika kasuren erantzuleak zigorgabe geratuko dira, eta krimen horien biktimak, berriz, aitortza ofizialaren faltan.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak “mapa bat” osatu nahi zuen Tripe A, Batallón Vasco Español eta GALek egindako atentatuekin. Horretarako, krimen horien erantzule den Espainiako Estatuaren kolaborazioa eskatu du. Idatzizko galdera bidez, Iñarrituk BVEk eta GALek eragindako atentatuei buruz gobernuari aldez aurretik egindako informazio-eskaera bat aipatzen zuen. Hain zuzen ere, krimenen kopurua eta prozedura judizial horien egoera ezagutu nahi zuen, baita auzitegiek kondenatu zituztenek benetan betetako espetxealdiaren berri izateko ere.

Maiatzaren 21an jaso zuen lehen erantzuna: "Ustezko errudunak aurkitu eta atxilotzeko delituak ikertzea Estatuko Segurtasun Indarrei esleitutako eginkizunetako bat da”. Ondoren, "delitu izan daitezkeen gertakari guztiak argitzeko beharrezkoak diren ikerketa guztiak egin dira eta egiten jarraituko dira", zehaztu zuen. Dokumentu hartan, Espainiako Gobernuak ez zien erantzun Iñarrituk egindako galderei, hark datu zehatzak eskatu baitzituen. Hori dela eta, diputatua berriz saiatu zen informazio-eskaera egiten.

Bere galderan, Iñarrituk eskatu zuen gobernuak argitu zezala ea bere esku zeuden "neurri egokiak hartzea" aurreikusten zuen, "estatuaren terrorismoak egindako atentatu guztiak argitzeko". Orduan iritsi zen Espainiako Gobernuaren erantzuna, bi lerro eskasekoa, estatu terrorismoa dagoela ukatzera mugatzen dena.

Eusko Jaurlaritzak 2014an aurkeztutako txosten batean dokumentatu zuenez, GALek (gutxienez 27 ekintza armaturen egilea) erregistratutako atentatuen %37 argitu gabe geratu ziren, eta BVEren eta talde sateliteen atentatuen %20, berriz, besterik gabe "artxibatu" egin ziren. Txosten ofizial horren arabera, argitu gabeko krimenak % 23koak ziren. Guzti horiei, gainera, Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan uniformedun guardia zibilek, Polizia Armatuko agenteek eta Espainiako poliziek euren funtzio ofizialak betetzen ari zirela hil zituzten pertsonak gehitu dakizkieke.

GALen krimenengatik emandako epaiek argi utzi dute Felipe Gonzalezen gobernuko kideen inplikazioa atentatu horietan. Besteak beste, Jose Barrionuevo Barne ministro ohia, Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkari ohia, Julian Sancristobal gobernadore zibil ohia eta Miguel Planchuelo Bilboko Poliziako buru ohia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu terrorismoa
2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


Poliziaren beste 66 biktima aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak

Tartean, Joxi Zabala aitortu dute biktima gisa eta Joxean Lasa aitortzea ere ez dute baztertzen. Astelehen honetan, hilak 30, aurkeztuko dute Balorazio Batzordearen txostena.


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


40. urteurrena
Salatu dute Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela “terrorismoaren biktima” gisa aitortu

Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketaren 40. urteurrenaren harira oroimen ekitaldia burutu dute Busoten, Alacanten, euren gorpuak ezkutatu zituzten tokian. Lore eskaintza handi batekin oroitu dituzte bi tolosarrak.


Eguneraketa berriak daude