Espainiako Barne Ministerioak ez du informaziorik eman nahi Valentziako aktibismoan infiltratutako agenteaz


2023ko otsailaren 15an - 10:11
Azken eguneraketa: 2023-02-16 10:05:11
Marlaska, infiltratutako poliziaren inguruan egindako adierazpenetan. (Argazkia: EuropaPress)

Espainiako Barne Ministerioak eta Espainiako Poliziak ez dute informaziorik eman nahi izan bi urte Valentziako aktibismoan eman dituen poliziaren inguruan. Astelehenean egin zuen publiko albistea La Directak, eta Kataluniako astekariko kideek azaldu dute ez dutela galderen erantzunik jaso. Espainiako Barne Ministerioak idatziz adierazi du ez duela "ustezko gertaeren harira adierazpenik egingo" eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren Prentsa Kabineteak esan du kasuaren inguruko informaziorik ez duela.

Jada polizia infiltratuen hiru kasu eman ditu argitara La Directak, kazetariek egindako ikerketei esker. Lehenengoa iazko ekainean zabaldu zuen, independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduan infiltratutako Espainiako Poliziaren identitatea ezagutaraziz, eta aurtengo urtarrilean Bartzelonako mugimendu sozialetan eta Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen poliziarena.

Espainiako Barne Ministerioak adierazi du Estatuko Segurtasun Indarrek legea betetzen dutela uneoro, eta "profesionaltasun osoz" jokatzen dutela, konstituzioaren baloreak errespetatuz. Hala ere, Ramon Martinez Hernandez ezizenarekin Valentziako mugimenduetan infiltratutako polizia hainbat sabotaje ekintzen buru izan zen. Ekintza horiek legezkoak lirateke baldin eta polizia epailearen baimena duen infiltratutako agentea balitz. Orain arte, Barne Ministerioak adierazi du Bartzelonako mugimenduetako poliziek ez zutela epailearen baimenik behar, "inteligentzia agenteak" zirelako, ez infiltratutako agenteak.

Marlaskaren adierazpenak

Lehen infiltrazio kasua publiko egin ondoren, Grande-Marlaska ministroak onartu zuen "independentismoaren" barnean infiltratutako poliziak zeudela, eta  "inteligentzia agente" gisa definitu zituen. Bere arabera, polizia horien funtzioa da "ordenerako eta segurtasun publikorako informazioa biltzea gizabanako erradikalak edo legez kanpoko proiektu sezesionistekin konprimituta daudenak mugitzen diren inguruetan".

Kasu beraren harira, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuaren galderei erantzunez, Marlaskak adierazi zuen polizia-jarduera mota horiek "helburu berezietan" erabiltzen dituztela, "legez kontrako zigor-delituekin zerikusia izan dezaketen susmo sendoak dauden kasuetan", hain zuzen.

Urtarrilaren 30ean argitaratutako bigarren infiltrazio kasuaren aurrean, ministroak polizia hauen "izen ona" defendatu zuen. Bere hitzetan "ez dituzte ideologiak jazartzen, gertaerak baizik".

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako Polizia
2024-05-03 | Gedar
Infiltratutako beste polizia bat atzeman dute Madrilgo hainbat kolektibotan

Lucia Rodriguez polizia-agenteak hiru urtez egin zituen sator-lanak Distrito104 gazte-kolektibo antifaxistan eta Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduan, aurreko udazkenera arte.


Baimenik gabeko zortzi pistola, karabina bat, hainbat bala eta hegazkin bonba bat topatu zituen Ertzaintzak Lezamako Espainiako polizia ohiaren etxean

Ezker abertzaleko familia baten etxea tirokatzeagatik atxilotu zuten Espainiako polizia ohiak baimenik gabeko bederatzi arma, gerra materiala, ia lau kilo bolbora, 400 bala baino gehiago eta dozenaka arma erabilgaitz zituen etxean


Ezker Abertzaleko familia baten etxebizitza tirokatu zuen polizia nazional ohia epaituko dute ekainaren 11n

Polizia ohiak onartu zion Ertzaintzari berak egin zuela tiro eta agenteek legez kanpoko hainbat arma atzeman zizkioten etxean. Akusazio partikularrak 13 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatuko du armak eta lehergailuak gordetzeagatik eta kalteak eragiteagatik. Fiskaltzak,... [+]


Lesio larriak, talde kriminala izatea eta gorrotozko delituengatik ikertzen dituzte Indar Gorriko kideak

Asteazkenean atxilotutako Indar Gorriko 61 kideak libre utzi ditu Iruñeko Instrukzioko 4. epaitegiak, behin-behineko askatasunean eta kautelazko inongo neurririk gabe.


2024-02-08 | ARGIA
Aske utzi dute Iturmendin atxilotutako emakumea

Espainiako Poliziak joan den asteartean atxilotu zuen Iturmendin (Nafarroa) eta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Madrilera eraman zuten inkomunikatua.


Eguneraketa berriak daude