Erromatar garaiko herri gutxitu bat

Antzinako Erromaren mapa bat. Irudia: Wikipedia

2024ko urtarrilaren 22an - 00:00

Gaur egungo munduko egoera politikoa analizatzeko ez dugu erromatar garaiko historia maiz erabiltzen. Antzinakoegia eta urrunegia ematen duelako izango dela pentsatzen dut. Are gehiago, gauzak hain ziren desberdinak artean, zaila egiten zaigu hango historiarekin enpatia izatea. Hala ere, ez harritu baten bati entzunez gero Estatu Batuetako goi mailako militar askoren mesanotxeetan erromatar garaian idatzitako gerrari buruzko liburuak izaten direla. Eredugarritzat izan dituzte betidanik erromatarrak. Horiek horrela, neuk ere antzeko ariketa egitea proposatzen dizuet, baina alderantziz: erromatarren aurkako herri disidente bati begiratzea. Zehatzago esanda, bretiarrei (bruttiak, latinez) erreparatu nahi nieke, eta guk ere bere historia legatu eta iradokizun gisa irakurtzea.

Gaur egungo Calabriako eskualdean bizi ziren bretiarrak, eta hango kolonia greziarren aurka borrokatzeagatik egin ziren ezagunak. Historiak dio k.a VIII. mendean hasi zirela greziarrak italiar penintsula kolonizatzen. Era berean, esan ohi da greziarren kolonizazioa baketsua izan zela ?badakizue, bakarrik ekonomia kontuetan ibiltzen omen ziren, merkataritza-trukeak, besterik ez...? baina ez, noski. Izan ere, besteren lurrean jartzen bazara bizitzen, modu batean edo bestean indarra erabili beharko duzu. Kolonizazio honen kontra egiteko, antza, italiar natibo errebeldeen taldeak batzen hasi ziren, basoko hainbat jende eta tribu elkartuz. Hala, antza denez, greziarren aurka eginez, bretiarren talde nortasuna finkatu zen eta, horrekin batera, baita bere lurraldearen mugak ere. K.a IV. mendean jada bere herri nortasuna finkatuta zegoela dakigu arkeologiari esker, berreskuraturiko ontzi batek esan digulako. Osko deritzon hizkuntza jada iraungian, hango herritar batek halaxe idatzi zuen ontzi haren azalean: "Breites esum", Breitarra naiz.

K.a 73 urtean, beste behin ere, armak hartu zituzten Erromaren aurka; Espartakoren ondoan jarri ziren, eta esklabo iheslari haren ondoan hil ziren bretiar borrokalari asko eta asko

Greziarren kontran ibili eta gero, iritsi zitzaien beste mehatxua: erromatarrak. K. a 270 urtean erori ziren erromatarren aurrean lehenengo aldiz. Momentu hartan, Sila izeneko basoaren parte handi bat galdu zuten, eta erromatar lur publiko bihurtu zen. Erromatarrak, hitzen erabilera zainduz, makillajearen adituak, bretiarren hiriei “aliatu” deitu zieten, baina, nekez izan liteke aliantza bat inposatua, eta halakoxea zen harreman hura. Besteak beste, bretiarrek debekatua zuten erromatarrekin ez beste inorekin aliantzarik egitea eta txanpon propiorik sortzea. Erromak emandako abantaila bakarra lege, magistratura eta ohitura tradizionalak gordetzea zen. Itxurazko autonomia hartan, garnizio erromatarrek dena erromatarren interesen arabera gauzatzen zela ziurtatzen zuten.

Handik urte batzuetara, erromatarrak Mediterraneoko beste indar handi baten kontra lehiatu ziren, kartaginesak. Gure bretiarrek kartagotarren alde egin zuten, erromatarren galerak euren askatasuna ekarriko ahal zuen, baina, berriro ere, galdu. Eta orduk hartan larriki zigortu zituzten: armak eramateko eskubidea kendu zitzaien, bretiarretako asko esklabo bihurtu zituzten, eta erromatar armadan legionario gisa aritzea debekatu zieten. Lurralde ia osoa konfiskatu zuten, erromatar lur publiko bihurtuz, eta lurralde horietan erromatarren koloniak jarri zituzten. Zehazki, soldadu erromatar beteranoentzat eta horien sendientzat hiru kolonia ezarri ziren. Lurraren mugan beste hiri bat eresortu zen, erromatar hiritarrekin, eta badirudi Octavio Augusto lehen enperadorearen arbaso batzuk bertakoak zirela.

K.a 89 urtean, Italiako herri guztiei hiritartasun erromatarra, pribilegio ugari ematen zituena, eskaini zitzaien; baina adituek ez dakite bretiarrak hiritar erromatar izatera iritsi ziren ala ez, horretarako herri bakoitzak hiritartasuna eskaera egin behar baitzuen, eta ez dago batere argi gisa horretan errenditzeko prest izan zirenik. Ez dago batere argi, besteak beste, K.a 73 urtean, beste behin ere, armak hartu zituzten-eta Erromaren aurka; Espartakoren ondoan jarri ziren, eta esklabo iheslari haren ondoan hil ziren bretiar borrokalari asko eta asko. Geroago, K.o 29an jada, Inperioaren goren aldian, Pax Romanaren baitan, Augusto enperadoreak beraien hiriburu Consentiari kolonia kategoria eman zion, eta horrekin batera erromatar hiritartasuna eman zien; erromatarren pribilegioak ematearekin batera, erabateko errendizioa ziurtatu zuen.

Izenak berak, erromatar garaiko herri honen egoera ulertzeko aztarna batzuk ere ematen dizkigu. Teoria batzuen arabera, latinez iritsi zaigun herri honen izena, bruttii, erromatarrek helburu iraingarriz egindako eraldaketa homofonetikoa da; damnatio memoriae moduko bat, alegia. Bretti errebeldeak, bruttii (latinez, zikin, edo koldar) agertarazi nahi izan zituzten historiaren aurrean.

 

 

 

Bretiar txanpon bat. Irudia: Wikipedia

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzinaroa
Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


Erromatar ardoa ez zein hain txarra

Antzinako erromatarrek edaten zuten ardoa gaizki egina, gorputzik gabea eta zapore desatseginekoa zela uste izan da. Baina Gante eta Varsoviako unibertsitateetako ikerlariek Antiquity-n argitaratu duten lanak uste hori  bertan behera uztea eragin du.

Antzinako... [+]


4.000 urteko ezpain-margoa

Paduako (Italia) unibertsitateko ikerlari talde batek Iranen 2001ean aurkitutako harrizko ontzi txiki bat aztertu du. Zehazki, flasko  barruan zeuden arrastoak aztertu dituzte, eta hainbat osagai dituela ikusi dute: hematita xehetua –kolore gorri biziko mineral... [+]


Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Wasabia papiroak garbitzeko

Kairoko Egiptoar Museoko Kontserbazio Zentroko ikerlariek egiaztatu berri dute Eutrema japonicum edo Cochlearia wasabi izeneko errefaua egokia eta eraginkorra dela papiroak garbitu eta kontserbatzeko. Hau da, nagusiki japoniar sukaldaritzan erabiltzen den wasabia baliatu dute,... [+]


Eguneraketa berriak daude