UPN

Erriberako UPNkoek haserre hartu dute Ibarrolak UPN gidatzeko egindako iragarpena

  • Cristina Ibarrolak iragarri du UPNko lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztuko duela datorren apirilaren 28an alderdiak egingo duen kongresuan. Alderdiaren Erriberako lerroetan iragarpena ez bide da ongi hartu.


2024ko otsailaren 05an - 11:44

Cristina Ibarrolak Diario de Navarra-ren bidez iragarri du igande honetan UPNko lehendakari izateko pausoa emango duela. Egungo lehendakari Javier Esparzaren oniritziarekin hartu du erabakia Ibarrolak, horrek urtarrilaren 26an berriz ez zela aurkeztuko iragarri ondoren.

Hainbat arrazoirengatik, UPNren baitan egoera ez da samurra. Batetik, Esparzak hiru saio egin ditu Nafarroako Gobernuko lehendakaritzara iristeko, 2015ean, 2019an eta 2023an. UPNk hiruetan irabazi ditu hauteskundeak, baina ezin izan du gobernurik osatu.

Horrez gain, 2022an barne krisi handia izan zuen UPNk, Sergio Sayas eta Carlos García Adanero diputatuek Espainiako Kongresuan eztabaidatzen ari ziren PSOEren lan erreformaren aurka bozkatu zutenean, alderdiaren aginduen aurka eginda. Bi diputatuek PPn amaitu dute, eta PPk gora egin zuen 2023ko udal eta foru hauteskundeetan.

Baina Adanero-Sanz lurrikararen ondoren ere, UPNren baitan kritika handiak jaso ditu Esparzak. Ezagunenak Miguel Sanzek 2023ko udan egin zizkionak. “Politikan ahalik eta gehien batu behar da, ahalik eta gutxien urritu, zuhurtasunez handitu behar da, eta aurkaria zatitu”, adierazi zuen 1996 eta 2011 artean UPNko buru izan zenak. Esparzaren UPNk ez duela horietako ezer egiten azpimarratu zuen: “Aitzitik, PSN eta euskal nazionalismoa gero eta gehiago batzen ditugu”.

Erriberakoen haserrea, Toquero buru

Joan den abenduaren 16an UPNk urteko batzar politikoa egin zuen eta bertan argi ikusi ziren barne mailako desadostasunak. Diario de Navarra-ren hurrengo eguneko kronikaren arabera, Jose Antonio Rapún Arguedaseko alkateak UPNko Erriberako hainbat hautetsik abenduaren 13ko datarekin sinatutako idazkia irakurri zuen; militantzia gogogabetua zegoela adierazi zuen hark, eta UPNko zuzendaritzari leporatu zion barne mailako kritika eta autokritikarik gabeko kudeaketa egin izana.

Esparzak erantzun zien batuta egin behar zituztela UPNren kongresura arteko urratsak, baina leporatu zien abenduaren 13an egin izana Erriberako batzarra, hain zuzen ere, EH Bilduk Iruñeko zentsura mozioaren berri eman zuenean. Erriberako talde honen buruan Alejandro Toquero dago, Tuterako alkatea; iazko udal hauteskundeak gehiengo osoz irabazi zituen Erriberako hiriburuan eta azken hilabeteetan Esparza ordezkatzeko izenen artean indar handiarekin entzun da.

Ibarrola-Toquero

Ez dago argi Toquerok bere burua UPNko lehendakaritzara aurkeztuko duen, baina argi dago Cristina Ibarrolak harekin adostu gabeko mugimendua egin duela: bere zerrendan lehendakaritza orde bat eskaini dio. Diario de Navarra-ko elkarrizketaren bidez jakinarazi du bere hautagaitza Ibarrolak, eta Navarra.es eskuineko hedabidearen esanetan, Ibarrolak ordu batzuk lehenago eman zion elkarrizketaren berri Toquerori, gauerdian egindako telefono deia medio.

Hedabide horren esanetan, Erriberan haserre daude Esparzak eta Ibarrolak erabili dituzten moldeengatik. Hala ere, ez dago garbi beste hautagaitza bat aurkeztuko duten. UPNren kongresua apirilaren 28an izango da eta bi aste lehenagora arte aurkeztu daitezke hautagaitzak. Hala ere, astelehen honetan Diario de Noticias-ek dioenez, larunbatean Azkoieneko festetan bat egin zuten Ibarrolak eta Toquerok eta hizketan jardun zuten. Gauerdiko deia ondorengoa da.

Iruñeko alkatetza eta Nafarroako lehendakaritza

Foru Gobernuko lehendakaritza berreskuratzea da UPNren ametsa, baina PSNrekiko ETAren garaiko aliantza atzean geratu zenetik, helburu hori oso gaitza bihurtu zaio. Ibarrolak dagoeneko iragarri du ez duela Nafarroako Gobernuko lehendakaritzarako hautagai izan nahi eta iragarri du bere desioa Iruñeko alkatetza berreskuratzea dela. Orain arte, hala ere, UPNko burua beti izan da Nafarroako Gobernuko lehendakaria, eta horren erakusgarri dira Juan Cruz Allí, Miguel Sanz eta Yolanda Barcina.

Iragan abenduaren 28an utzi behar izan zuen Iruñeko alkatetza Ibarrolak, EH Bilduk eta PSNk gidatutako zentzura mozioaren ondoren Joseba Asironek aginte makila berreskuratu ondoren. Cristina Ibarrola Osasunbideko zuzendari-kudeatzailea izendatu zuten 2011n, Yolanda Barcina Foru Gobernuko lehendakaria zenean. Ondoren, 2019an Navarra Sumako diputatua izan zen, eta hor hasi zen publikoki apur bat nabarmentzen, pandemiaren garaian PSNko kontseilari Santos Induraini egindako kritikekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UPN
1936an fusilatutako trenbide-langileak irudikatzen dituen erraldoi bat zentsuratu du Zizur Zendeako eskuinak

Zizur Zendeako Udala (Nafarroa) UPNren hautagaitza batek gobernatzen du. 1936an Iruñean fusilatutako trenbidegileak ordezkatzen dituen Konpartsa Txikiko erraldoi baten presentziari betoa jarri dio.


Euskarazko kultura eskaintzak erdaldunak diskriminatzen dituela dio Eguesibarreko UPNko alkateak

Eguesibarreko EH Bilduk kritika egin zion UPNko udal gobernuari, Gabonetako programazioan euskarazko ekitaldi gutxi zirelako, eta Xuriñe Peña alkateak erantzun zion euskarazko ekitaldiak baztertzaileak direla euskaraz ez dakitenentzat.


Asiron hasi da udal taldea prestatzen eta UPN kalera doa

UPNk oso gogor erantzun dio PSNri Iruñeko Udaleko zentsura mozioa dela medio eta inoiz ez bezalako irainak zuzendu dizkie sozialistei. EH Bildu, aldiz, ostiral goizean hasi da biltzen oposizioko taldeekin, datorren udal taldea osatzeari begira.


2023-12-13 | ARGIA
Asiron alkate
Esparza (UPN): "Iruñea EH Bilduko terroristei entregatzea da falta zitzaien azkena"

UPNko presidente Javier Esparzak adierazpen gordinak egin ditu Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkate bihurtzeko zentsura mozioaren albistea jakin bezain pronto.


Eguneraketa berriak daude