Gaddafiren aktiboak desblokeatu dituzte munduko potentziek

  • Parisen bildutako potentziek Muamar al-Gaddafiren aktiboak –15.000 milioi dolar– desblokeatzea onartu dute. Trantsizioko Kontseilu Nazionalak Libia berreraiki nahi du diru horrekin, soldatak ordaindu eta herriak behar duen laguntza humanitarioa banatu. "Lapurtu zieten dirua itzuli nahi diegu libiarrei", adierazi zuen atzo Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak.

    Libiako gertaerak zuzenean jarraitzeko: BBC News Al-Jazeera, The Guardian eta Le Monde.


2011ko irailaren 02an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-04 14:21:26
Parisen bildutako zenbait politikari.

ABUZTUA

[Asteartea 30] Gaddafiren senideak estraditatzeko eskatuko diote Aljeriari. Muamar al-Gaddafiren emazte Safia eta hiru seme-alaba (Aixa, Hannibal eta Mohammed) Aljeriara heldu dira, herrialde horretako Atzerri Arazoetako Ministerioak jakinarazi duenez. Libiako Trantsizioko Kontseilu Nazionalak (NTC) "eraso" moduan hartu du Aljeriako Gobernuak Gaddafiren lau senideak onartu izana, eta lauak estraditatzeko eskatu dio. Aljeriako Gobernuak ez du NTC Libiako gobernu gisa onartzen, harremanetan dauden arren.

[Astelehena 29] Ur gabezia Tripolin. UNICEFek ohartarazi duenez, Libiako hiriburu Tripolik "aurrekaririk gabeko epidemia" jasan dezake, ur edangarria eskuratzeko aukera ezagatik. Arazoaren aurrean, NBE kalteak arintzeko ahaleginetan ari da. Azken egunotan, adibidez, botilako 23.000 litro ur banatu ditu Tripoliko bi ospitale handienetan. Orotara 5 milioi litro ur banatu nahi ditu UNICEFek datozen egunetan. UNICEFek azaldu du borrokak hasi zirenetik elektrizitate eta petrolio horniketan mozketak izan direla, eta horrek kalteak eragin dituela Libiako ur banatzaile handienaren (GMRA) sarean.

[Ostirala 26] Gaddafik borrokara deitu ditu berriro herritarrak. Muamar al-Gaddafi Libiako liderrak atzerritarren aurka borrokatzera deitu ditu herritarrak, audio mezu berri baten bitartez. "Libia libiar herriarena da", esan du Gaddafik, "ez inperialismoarena, ez Frantzia edo Sarkozyrena, ezta Italiarena ere". Hain justu, Italiako lehen ministro Silvio Berlusconik atzo iragarri zuenez, ENI petrolio konpainia italiarra eta Trantsizioko Kontseilu Nazionala akordio batera heldu dira, Gaddafiren aktiboen parte bat –350 milioi euro– desblokeatzeko. Bestalde, NATOk jakinarazi du errebeldeei Gaddafi aurkitzen laguntzen ari dela, espioitza gailuen bidez.

[Osteguna 25] Libiako berreraikuntza prestatzen ari da nazioarteko komunitatea. Muamar al-Gaddafiren jarraitzaileen eta errebeldeen arteko borrokek jarraitzen duten bitartean, Nazioarteko komunitatea Libiako trantsizioa eta berreraikuntza prestatzen ari da. Batetik, Frantziak eta Erresuma Batuak herrialdeari buruzko goi-bilera deitu dute irailaren hasierarako (Parisen egingo da). Bestetik, Gaddafiren aktiboak –1.000 milioi euro inguru– desblokeatzeko eskatuko diote AEBek NBEren Segurtasun Kontseiluari, libiarren "behar humanitarioak" asetzeko. Laguntza humanitariotik haratago, behin gerra amaituta berreraikuntza-kontratuak nola banatuko dituzten ikusi beharko da, analistek diotenez. Litekeena da errebeldeei lagundu dieten herrialdeek berreraikuntzaren irabaziak elkarbanatu nahi izatea, baita petrolioaren gaineko kontrola eta haren esportazioa ere.

[Asteazkena 24] Tripolitik alde egitea, "mugimendu taktikoa". Bart gauean, errebeldeek haren gotorlekua (Bab al-Azizya) hartu eta denbora gutxira, Muammar al-Gaddafi Libiako liderrak gotorlekutik alde  egin duela adierazi duen irrati batean, "mugimendu taktikoa" izan dela, eta borrokan jarrituko duela, "irabazi ala hil arte". Gaddafik gauza bera egiteko eskatu die libiarrei: "Libiar guztiek Tripolira joan behar dute, gizon gazteek, tribuetako gizonek, emakumeek... hiria garbitu behar dute, traidoreak menpean hartu". Bien bitartean, borrokek jarraitu egiten dute Libiako hainbat lekutan.

[Asteartea 23] Saif al-Islam jendaurrean azaldu da. Errebeldeek Muammar al-Gaddafiren hiru seme atxilotu zituztela iragarri zuten atzo. Iluntzean, ordea, horietako batek, Mohammedek, ihes egitea lortu zuela zabaldu zuen Al Jazeerak. Goizaldean, berriz, hiruetako beste bat, Saif al-Islam, jendaurrean azaldu da, eta esan du sekula ez dela atxiloturik egon.

[Astelehena 22] Gaddafiren azken eguna? Muammar al-Gaddafik Libiako buru bezala igaroko duen azken eguna izan daiteke gaurkoa. Errebeldeak, NATOko soldaduen laguntzarekin, Tripoli erdialdera sartu dira, eta Gaddafiren etxebizitza inguruan borrokan ari dira orain. Hainbat iturriren arabera, errebeldeek Gaddafiren hiru seme atxilotu dituzte: Saif al-Islam, gizateriaren aukako krimenengatik Nazioarteko Justizia Auzitegiak bilatzen zuena; Saadi eta Mohamed.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Muammar Gaddafi
2018-10-28 | Karlos Zurutuza
Etxe galdua

Gerra zibila bukatu eta zazpi urtera egoera oso larria da Libian. Estatua ez ezik, herria ere galdu dute libiarrek.


2013-06-21 | ARGIA
Gaddafik Sarkozy finantzatu zuela diote akusazio berriek

Muammar Gaddafi libiar agintari ohiak Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen hauteskunde kanpaina finantzatu zuen 2007an, elkarren arteko bileretan itzultzaile bezala aritu zen Moftah Missouri enbaxadore libiarrak jakinarazi duenez.


Zergatik egin dio eraso Frantziak Maliri?

Frantziako armadak Maliren kontrako erasoa hasi zuen joan den ostiralean. Interbentzio militarraren zergatia, Jean-Marc Ayrault lehen ministroaren esanetan, "mehatxu terrorista" geldiaraztea da. Baina, zein da erasoaren testuingurua?


2012-03-13
Gaddafik Sarkozyri 2007ko hauteskundeetarako 50 milioi euro eman zizkiola zabaldu dute

Mediapart egunkari digitalari filtratutako epaiketa prozesu bateko dokumentu sekretuaren arabera, Muammar al Gaddafi Libiako buruzagi ohiak Nicolas Sarkozyren 2007ko hauteskunde kanpaina diruz lagundu zuen. 


2012-03-07
Libia ekialdeak autonomia deklaratu du

Cyrenaicak, Libia ekialdeko eskualdeak, autonomia –hedabide batzuek "erdi-autonomia" terminoa erabili dute– deklaratu du, atzo Benghazi hirian egindako kongresu baten ostean. Tribuetako buruek eta milizietako komandante ugarik parte hartu zuten... [+]


Eguneraketa berriak daude