Libiako amazigh herria: egunsentia gizon askeen mendietan

  • Gaddafiren errepresiopean lau hamarkada eman ostean, Libiako amazigh herriak berebiziko nortasun aldarrikapenari eutsi dio. Armekin ez ezik, egunkari, irratsaio eta abestiekin heldu diote iraultzari.

    “Libian gertatzen ari dena azaldu nahi diogu gure jendeari, eta gure hizkuntzaz”. Zalantzarik gabe, Muhamed Khalifaren erronka oso gertukoa gertatzen da gurean. Khalifa Mendietako Oihartzuna astekariaren erredaktore burua da. Kazetariak “amazigh” etniakoa dela dio, “berbere” hitzarekin ez duela lotzen, “inondik ere”. Hauxe, beraz, lehen ikasgaia: “amazigh”ek “gizon askea” esan nahi du.


2011ko irailaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

Naluten gaude, Libia mendebaldeko mendikatean. Gerra zibila joan zen otsailean piztu zenetik, gizonak besterik ez dira gelditu herri honetan. Borrokatzeko adinean daudenak, jakina. Euren familiak Tunisian babestu dira sei hilabetez, hain izan da handia tunisiarren eskuzabaltasuna krisi honetan. Zorionez, ia libiar errefuxiatu guztiak bueltan dira etxera dagoeneko.

“Libiako orainaz eta etorkizunaz mintzo gara, betiere iragana ahaztu gabe. Aste honetako edizioan, hain juxtu, hiru hitz oso garrantzitsu gogorarazten dizkiegu gure irakurleei: “tilele”, “agrauli” eta “tagraula”; “askatasuna”, “borrokalaria” eta “iraultza”, dio Khalifak, harro, inprimatzen dituzten 500 aleetako bat eskuan duela. Amazigh alfabetoa erakusten duen zutabeak beste titularren artean aurkitu du bere txokoa: “Tripoli errebeldeen esku”; “Iraultzaileak Sirtera bidean”…

Mendietako Oihartzuna Libiako Nafusa mendikatean argitaratu berri diren astekarietako bat da. Gaddafiren kontrako oldarraldia piztu zenez geroztik, herrialdeko amazigh herriak berebiziko kultur esnatzea bizi du. Tunisiako muga-igarobidea mendean hartzea ezinbestekoa izan da horretarako. Aldi berean, ezin ukatu orografia lagun izan dutela bertakoek.

Sei hilabeteotan, fronte ugaritan borrokatu dute Libiako amazighek: basamortuko lubakietan nahiz inprimategietan. Baita “aire”an ere: “Transmisore on bat edukiko bagenu, haraneko herri eta hirietara iritsiko ginateke erraz. Tamalez, 70 kilometroko erradioa besterik ez du hartzen gureak”, kexu da Tarik Yerro, Nalut Aske Irratiaren burua. Gainontzeko lankideak ez bezala, Yerro ez da iritsi berria irrati munduan. 2002az geroztik aritu da lanean, eraikin honetantxe. Egoera, baina, biziki aldatu omen da azken hilabeteotan: “Irratiaren eraikinak dituen lau geletatik bakarra baino ez zen erabiltzen lanerako. Gainontzeko hiruetan Gaddafiren polizia politikoa zegoen beti. Hamid nire lankidea zenak sekulako jipoia jasan zuen behin, gauden gela honetan, hain zuzen. Bere delitua, amazigh abesti bat txertatzea programazioan. Lehen hitz arrotzak entzun bezain laster, poliziek hura hartu, egurtu eta atxilotu zuten”, gogoratu du langile beteranoak, te eta datilen otordu aurrean. “Jainkoa lagun, hemen ez da horrelakorik gertatuko berriro ere”.

Nafusako ahotsik ezagunenetakoa da Muhamed Alirena, bera baita irratiko aurkezlea: “Atzerrian odontologia ikasten ari nintzela piztu zen oldarraldia. Ikasketak eten eta berehala bueltatu nintzen etxera nire herriari laguntzearren. Ez naiz gai arma bat maneiatzeko baina lagun batek esan zidan ahots bikaina neukala irratirako eta, tira, hemen nago gaur”, dio 21 urteko gazteak. Irratigintza eta bere dentista ikasketak partekatu nahiko lituzkeela dio, “dena bukatzen denean”.

Ordurako, amazigh telebista ez da gauza berria izango. Momentuz, albistegiak euren hizkuntzaz ikus ditzakete bertakoek egunero, 15:30etik 16:00tara. Gerra zibila piztu zenetik, Qatarrek era anitzeko laguntza eskaini die matxinoei: armak, dirua, errefuxiatu guneak Tunisian eta tamazight hizkuntzako telebista programak. Asmatu badaiteke ere, ikusteke dago oraindik arabiar emirerriak exijituko duen ordaina.

Larrialdi egoera

Esan ei da Nafusako amazighak eta arabiarrak elkarrekin mendetan bizi izan direla han. Edonola, Libia mendebaldeko mendikatean dauden hogei bat herrietatik, bakar batean topa daitezke talde bietako kideak. Rehibat herrian ez ezik, gainontzeko guztiak “etnia bakarrekoak” ditugu: amazightarrak ala arabiarrak.

“Amazighak ez gaituzte gogoko arabiarrok. Iritsi berriak garela diote, mendi hauetan mila urtetik gora eman baditugu ere”, zioen Saleh Gerhyan zintandarrak. Zintan da, hain juxtu, arabiarren herririk handiena Nafusa mendikatean.

“Arabiarrekin nahastu izan bagina gure hizkuntza galduta genukeen dagoeneko”, argudiatzen dute amazigh askok. Antza, hizkuntza da, eta ez besterik, milaka urte dituen herri honen nortasun ikur nagusia.

Amazighen herriak defentsa ikuspegia jarraituz eraiki ohi dira. Batzuk lur azpiko kobazulo sareetan “galtzen” dira, labirinto hauek baitira eguzkitik babesteko aterperik onena. Beste batzuk, ordea, mendi gaineko harresi gisa altxa dira, basamortuko mehatxuetatik urrun.

Nafusa ekialdeko muturrean, Jefren dugu haietako bat. Edonola, azken hilabeteotan nekez entzuten zen “gizon aske”en hizkuntza bere kale huts eta hautsietan. Bonbardatutako ospitalea eta nonahi ageri diren kraterrak dira Jefrenek jasan duen zigorraren lekuko mutu bezain esanguratsuak. Gerra hasi zenetik ia egunero erori dira Gaddafiren GRAD koheteak herri honetan. Hori gutxi ez eta behealdetik –basamortutik– iritsi ziren soldaduek izugarrizko basakeriari ekin zioten.

Denbora beharko da, oraindik ere, bertako umeak aske eta ardurarik gabe ibili ahal izateko belztutako kale hauetan. Bitartean, ireki berri den eskolan dihardute. Lau hamarkadez debekatutako euren ama hizkuntzaz jolasten, abesten eta, funtsean, ikasten. “46 ume dauzkagu eskola honetan. 11 boluntario gaude irakasle, denak emakumeak; gizonak gerran daude”, dio Sarah Hatem jefrendarrak. Emakume kementsu hau Tanit Elkarteko lehendakaria da. Amazigh jainkosaren izena duen taldea, herri honen kultura eta hizkuntza babesteko sortu berri direnetako beste bat baino ez da.

Horrelako ekimenek atxiloketa, tortura eta, agian, exekuzioa ere eragin zezaketen duela oso gutxira arte. Eskolan bertaratu den Madghis Buzakharrek ederki asko daki: “Joan zen abenduan Gaddafiren poliziak anaia eta biok atxilotu gintuen. Urteak eman ditugu gure kultura eta hizkuntza ikertzen eta agenteek ‘susmagarritzat’ jo zituzten etxean aurkitu zituzten liburuak”. Buzakhar anaiak “traizioa eta sedizioa” kargupean espetxeratu zituzten Tripolin. 70 egun atxilotuta eman ostean, aske gelditu ziren iraultzaren lehen egunetan.

“Zorte handia izan dugu. Izan ere, Biziarteko eta Heriotza-zigorra sailean sartu gintuzten. Anaia eta biok uste genuen aurki akabatuko gintuztela edo, zortea lagun, bizitza osoa emango genuela kartzelan”, dio 29 urteko gazteak eskolaren atarian. Baina ez dirudi eskarmentu gogorrak bere kemena apaldu duenik: “Tamazight-a hizkuntza ofiziala izateko borrokatu behar dugu aurki sinatuko den Konstituzio berrian. Bada garaia gureari eusteko”.

Naluten bueltan, lehen umeak ikus daitezke herriko plazan azken sei hilabeteotan. Herriak bost hilabete luze eman zituen Gaddafiren bonben azpian. Behealdetik, haranetik, egunero iristen ziren koheteak, eta abisatu gabe.

Momentuz hondakinak besterik ez daude jolasteko, baina haurrak pozik daude. Munduko edozein umek bezala, bertakoek ere gogoko dute “soldaduetara” jolastea. Agian areago, norberaren gurasoak protagonista izan direnean atzora arte.

Zorionez, benetako tiroketak eta leherketak bukatu dira. Isiltasuna da nagusi Naluteko antzinako harresian. UNESCOk egun erroldatutako gotorlekuak XI. mendeaz geroztik iraun du zutik, basamortutik etor zitekeen eraso orori so.

Arratsaldeko zazpiak. Eguzkia basamortuan ezkutatzen ari da, emeki, amazighen gotorlekua bere azken izpiaz laztanduz. Egun berri bat jaioko da ordu gutxiren buruan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Muammar Gaddafi
2018-10-28 | Karlos Zurutuza
Etxe galdua

Gerra zibila bukatu eta zazpi urtera egoera oso larria da Libian. Estatua ez ezik, herria ere galdu dute libiarrek.


2013-06-21 | ARGIA
Gaddafik Sarkozy finantzatu zuela diote akusazio berriek

Muammar Gaddafi libiar agintari ohiak Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen hauteskunde kanpaina finantzatu zuen 2007an, elkarren arteko bileretan itzultzaile bezala aritu zen Moftah Missouri enbaxadore libiarrak jakinarazi duenez.


Zergatik egin dio eraso Frantziak Maliri?

Frantziako armadak Maliren kontrako erasoa hasi zuen joan den ostiralean. Interbentzio militarraren zergatia, Jean-Marc Ayrault lehen ministroaren esanetan, "mehatxu terrorista" geldiaraztea da. Baina, zein da erasoaren testuingurua?


2012-03-13
Gaddafik Sarkozyri 2007ko hauteskundeetarako 50 milioi euro eman zizkiola zabaldu dute

Mediapart egunkari digitalari filtratutako epaiketa prozesu bateko dokumentu sekretuaren arabera, Muammar al Gaddafi Libiako buruzagi ohiak Nicolas Sarkozyren 2007ko hauteskunde kanpaina diruz lagundu zuen. 


2012-03-07
Libia ekialdeak autonomia deklaratu du

Cyrenaicak, Libia ekialdeko eskualdeak, autonomia –hedabide batzuek "erdi-autonomia" terminoa erabili dute– deklaratu du, atzo Benghazi hirian egindako kongresu baten ostean. Tribuetako buruek eta milizietako komandante ugarik parte hartu zuten... [+]


Eguneraketa berriak daude