CAN auziaz Enrique Goñik botatako perlak

  • Enrique Goñi CANeko zuzendari izandakoak atzo Nafarroako Parlamentuan emandako azalpenak harrigarritzat jo dituzte askok. Ikerketa batzorde batek deituta ez, bere kabuz hitz egin zuen: “Hona egia esatera etorri naiz”.  Hauek dira Enrique Goñiren esaldi gogoangarrienak:


2013ko otsailaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Enrique Goñi Nafarroako Parlamentuko Ekonomia Batzordean izan zen atzo hamar urtean lehen aldiz

“CAN ez da desagertu, existitzen da”

Nafarroako Kutxa CaixaBank-en %1,4 baino ez duen fundazio pribatu bihurtu da. 2002an 1.300 milioitik gorako ondasunak zituen, bada CaixaBank-ek irentsi eta gero 157 milioi besterik ez du.

“Banca Cívican sartu ez bagina, seguruena CAN ez litzateke bideragarria izango”

Banca Cívica 2010eko martxoan sortu zuten Nafarroako Kutxak, Caja Canarias-ek eta Caja Burgos-ek. CANen bidaideen egoera ekonomikoa ez zen batere ona antza, eta denbora gutxian taldearen baliabide ekonomikoak 3.900 milioi izatetik 2.400 milioi izatera igaro ziren. Bere egoera finantzarioa legeak dioen bezala ikuskatu gabe atera zen burtsara Banca Cívica eta %40 galdu zuen operazio horretan.

“Hedatzeko estrategiarekin asmatu genuen, lastima lehenago ez hasi izana”

CANek 2002tik 2009ra 255 bulego berri ireki zituen, horietatik zati handiena Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan.  Urte gutxian, hamabi aldiz biderkatu zuen higiezinetan eta bulegoetan egindako inbertsioa. Goñik atzoko agerraldia esan du CANen hedatzea beste kutxa batzuenaren antzekoa izan zela. Aitzitik, Lorenzo Riezu CANeko zuzendari ohiaren arabera, hedatze prozesua momentu desegokian hasi zuen CANek. Hau da, batzuk bueltan zetozenean abiatu zen Nafarroako Kutxa.

“Nafarroako Kutxari mesede egin nahi izan diogu”

Goñik agerraldi luzean askotan errepikatu duen ideia da. Nafarroako Kutxari, eta ondorioz, nafar guztiei mesede egiteko lanean jardun direla, kutxaren funtzio soziala kontuan izanik.

“Esan dezaket [indemnizazio] handiena ez nuela nik sinatu”

2011n Banca Cívicarekin adostutakoaren arabera bertoko presidenteek, Enrique Goñik eta Miguel Angel Pulidok,  1,8 milioi euro inguru jasoko lituzkete  indemnizazio moduan. Hortaz, lan kontratuaren blindajea urteko soldataren (900.000 euro) halako bi zen.

 “Guk ez genituen bidaiak oparitzen, inbertitu egiten genuen”

Kontuz! elkarteak duela hilabete agerian utzi zuen helikoptero bidaien eskandalua. Europako hainbat hiritara egindako bidaietan CANek helikopteroak alokatu zituen bere goi-kargu eta bezeroen gozamenerako. Goñik Parlamentuan azaldu du bidaia horiek egiten zituztela euren bezeroei erakusteko “erantzun azkarra” eman zezaketela.

“Handira jokatzen baduzu eta txikian esaten badizute partida lau erregetara dela…”

Konparazio horrekin azaldu du Goñik CANen hondoramena. Hainbat ordutako agerraldian behin eta berriz azpimarratu du inork aurreikusi ezin zuen “tsunami erregulatorio” bat gertatu zela azken urteetan. Hau da, kanpoko faktoreei egotzi die kutxaren porrota.

“Washingtongo bulegoaren kostua esaten dena baino zortzi  aldiz txikiagoa da”

Washingtongo gunerik esanguratsuenetako batean, Etxe Zuritik gertu, bulegoa ireki zuen CANek Iñaki Urdangarin gonbidatu zela. Atzo emandako datuen arabera, 245 metro koadroko bulegoa alokatzeak hilean 40.000 euro kosta du eta urtean 660.000 euro inguru –zenbait mediok 3,2 milioi euro kosta zuela publikatu zuten–. Inauguratu eta denbora dezentera, oraindik finantza erakunde gisa jarduteko baimena lortu gabe zuen. Goñik ez du argitu Urdangarini zenbat  ordaindu zioten.

“3,7 milioi euro baino dezente gutxiago jaso dut, baina jarri nahi duzuna”

Goñik uko egin dio bere soldataren inguruko informazio gehiago emateari. Manuel Lopez Merino CANeko lehen zuzendari izandakoak Diario de Noticias egunkarian idatzitako gutunean esan zuen 3,75 milioi euroko soldata jasotzen zuela Goñik eta 5 milioi euroko aseguru bat ere bazuela.

“Nafarroako Kutxaren misioa, gizarte ongintzarena, bermaturik dago”

2008an CANek 55 milioi bideratu zituen gizarte ongintzara, aurten 14 milioi euro bideratzea aurreikusi du. CaixaBank-ek diru kopuru jakin bat eman diezaioke CAN-i zeregin horretarako (2012an 16 milioi euro eman zizkion), baina hori ez dago Nafarroako Kutxako fundazioaren esku soilik.

Enrique Goñiren agerraldia:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Yolanda Barcina
2021-11-03 | Leire Artola Arin
Mugitu! mugimenduak Iruñerriko markesinetako publizitatea AHTren aurkako kartelengatik ordezkatu du

Salatu dute Espainiako Gobernuko aurrekontuen erdia baino gehiago trenaren lanetara bideratuko dela. Ekintzarekin gogorarazi nahi izan dute duela hamar urte AHTren aurka kexatzeko egindakoa: Yolanda Barcina orduko Nafarroako lehendakariari tartak bota zizkioten.


Barcina eta Sanz CANeko parlamentuko ikerketa batzordera deitu dituzte

Gobernua babesten duten lau alderdiek eskatu dute presidente ohien agerraldia batzordean.  Enrique Goñi Nafarroako Kutxako presidenteak bere burua eskaini du batzorde horretan agertzeko. Jose Antonio Sarria Enpresarien elkarteko presidentea, Jose Antonio Asiain Banka... [+]


2015-10-13 | ARGIA
Telefónicak Barcina fitxatu duela zabaldu dute

Telefónicak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia fitxatu duela zabaldu du Hispanidad.com webguneak.


Barcina, UPN-n ere ez dute nahi

Oraindik Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak UPNko lehendakaritza ere utziko duela zabaldu du gaur Diario de Navarrak.


"Iruñea After Barcina, Nola?" jaialdian, aldarrikapenak ospakizun

Iruñeko karrikak kolorez eta musikaz girotuko dituzte maiatzaren 28tik 31ra, Iruñea After Barcina, Nola? Fest jaialdiarekin. Egitarau oparoa prestatu dute astebururako, kontzertuak eta desfilea besteak beste.


Eguneraketa berriak daude