Emakumeen osasunaren aldeko protesta egin dute Barakaldon

  • Maiatzaren 28an Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna da. Ezkerraldea eta Meatzaldeako emakumeen 18 eragilek deituta, Barakaldoko osasun zentroaren aurrean kontzentrazioa egin dute. Osakidetzak ginekologiako aldian behingo errebisiorik ez duela bermatzen salatu dute eta osasun langileentzat formazio feminista eskatu.


2017ko maiatzaren 26an - 11:31

"Emakumeek baditugu kexatzeko hamaika arrazoi osasuntsu" lemapean egin dute elkarretaratzea. Baladre prekarietatea, pobrezia eta bazterkeriaren aurkako koordinadorak bere webgunean adierazi ditu ekintzaren arrazoiak: Osakidetzan, "sintomarik" ez duten emakumeek ez dute aldian behingo errebisio ginekologikorik jasotzen. "Horrek kezka sortzen digu emakumeen osasunaren inguruan, gastu sozialean murrizketak aurrera doazen garai hauetan, batez ere, Osakidetzan". Datu bat ere eman dute: "EAEk Osasunean egiten duen gastu publikoa Barne Produktu Gordinaren %5,4koa da, Europako bataz-bestekoa baino askoz txikiagoa eta baita Espainiako estatukoa baino txikiagoa ere, estatuan BPGren %6,4koa baita".

Argazkia: Ecuador Etxea.

Info7 irratian Jon Mikel Fernandezek Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeko Karmele Osaitari egin dio elkarrizketa (entzun, hemen, osorik, gazteleraz). Azpimarratu du osasun publikoak ginekologia errebisioak sintomarik ez dutenei ez eskaintzeak ekarri duela baliabide ekonomikoak dituzten emakumeek medikuntza pribatura jotzea errebisio hauek egiteko eta salatu du: "Pobrezia jasaten dugun emakumeok geratuko gara emakumeon espezialitateetako osasun arretarik gabe, eta hori ezin dugu onartu".

Argazkia: Ecuador Etxea.

Formazio feminista eskatu dute Osakidetzako langileentzat

Osakidetzako langileek formazio feminista jasotzeak emakumeak hobeto artatzen lagunduko lukeela adierazi dute, adibidez, sexualitateari buruzko galderak egitean umiliatuak edo lotsatuak sentitu ez daitezen. Galderak eredu "heterosexualean" egiten direla adierazi du Osaitak, eta sexualitatea bere zabalean ulertzeko beharra dagoela, "mentalitate irekiarekin, dauden praktika ezberdin guztiak barne bilduz". "Emakumeen estigma sexuala" gainditzeko ere eskatu dute Baladre webguneko idatzian.

Argazkia: Ecuador Etxea.

Aniztasun funtzionaldun emakumeen eskubideak murriztuta

Aniztasun funtzionala ez dela gaixotasuna adierazi dute Baladreren webgunean, eta osasun sistemak hauen ezaugarriei ere erantzuna eman behar diela. Eskubideak urratzen zaizkiela adierazi dute eraikinak ez direlako guztiontzat irisgarriak. Explorazioak egiteko kontsultetan, mobiliarioan eta ekipamenduan egokitzapenak falta direla salatu dute.

Argazkia: Ecuador Etxea.

Aldarrikapen zehatzak

Bost aldarrikapen zehatz hauek gizarteratu dituzte, Barakaldoko osasun egoitzaren aurreko kontzentrazioaren bidez:

- Errebisio ginekologikoak izatea, aldian behingoak, prebentziozkoak, eta osoak.

- Irismena antisorgailuetara eta haurdunaldia borondatez etetera, libre eta doan.

- Aniztasun funtzionala duten emakumeak kalitatez artatzeko zerbitzuak egokitzea eta irisgarriak izatea eta pertsonala formatua izatea.

- Informazio, heziketa eta formazio feminista zabaltzea sexualitateaz (menopausia, harreman afektibo-sexualak, sexu eta ugalketa osasuna...)

- Formazio feminista neska eta emakumeak artatzen dituzten profesionalentzat.

 

Kontzentrazioa deitu duten eragileak

- Alaiak emakumeen elkartea.

- Neba-Neba emakumeen elkartea.

- Bagabiltza.

- Mamarigako Emakumeen Kultur Zentroa.

- Gorantza, Osasunaren aldeko Santurtziko emakumeak

- Fekoor Berdintasunerako Emakumeen Komisioa

- Iretargi Barakaldoko Emakume Gazteak

- Portugaleteko Bilgune Feminista

- Marimatraka Santurtziko Talde Feminista

- Amaris Trapagarango Emakume Taldea

- Andere Bidatz Portugaleteko Talde Feminista

- Argitan, Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxea

- Emakumeen Kultur Elkarteak: Sanfuentes, Gallarta, Emelka, Muzkiz, Zierbana eta Portugaleteko Las Amigas.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prebentzioa
Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.


Suizidioaz egoki informatzeak bizitzak salba ditzake

Suizidioaz informatzeak lagundu diezaieke pentsamendu suizida duten pertsonei, baina horretarako egoki informatzea funtsezkoa da, tabu honen inguruan dauden uste okerrak, estereotipoak eta sentsazionalismoa saihestuz, eta arrisku faktoreak, prebentzio neurriak eta dauden... [+]


2022-03-23 | ARGIA
Bidelagun fundazioa sortu du ELAk lan istripuak murrizteko

Espezializazioa eta berrikuntza juridikoan oinarrituko da fundazioa eta horiek tresna izango dira 'enpresentzat garestiagoa izan daitezen istripuak edo gaixotasunak prebentzio neurriak baino'. Hego Euskal Herriko enpresetan urtean 40.000 istripu gertatzen dira eta... [+]


2020-12-31 | Ander Perez
Miriam Arregi. Iruñeko auzoetako prebentzio zerbitzuak, arriskuan
"Administrazioak baliabide asko dauzka, baina ez du auzoek dutena, jendea babesteko hurbiltasuna"

Azken bi hamarkadetan, Iruñeko zortzi auzotan, elkarteek eskaini dituzte haur eta nerabeentzako Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuak (PEKZ), udalarekin sinatutako kontratu baten bitartez. Orain, eredu komunitario hori bertan behera utzi du Navarra Sumaren udal... [+]


Navarra Sumak Iruñeko auzoetako 8 prebentzio-taldeak kentzea erabaki du

Erabakia prentsaurrekoan azaldu baino ordu eta erdi lehenago jakinarazi die Iruñeko Udalak elkarteei ez dizkietela kontratuak luzatuko. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zien elkarteei udako jarduerak baliogabetzeko udalak hartutako... [+]


Eguneraketa berriak daude