Argindarra moztu dio Elizari lotutako Berakah programak familia pobretu bati Gasteizen

  • Hamar egun daramatza familiak argindarrik gabe, estatu mailan indarrean dagoen moratoria urratuz, Auzoan Bizi etxebizitza sareak salatu duenez. Berakahren antzeko jarrerak “ohikoak” direla ziurtatu dute.


2022ko apirilaren 01an - 18:35
Ostiral goizean eman dute prentsaurrekoa. Argazkia: @AuzoanBizi

Berakah programak hainbat ekimen eta azpiegitura ditu Gasteizko alde Zaharrean, tartean etxebizitzak. Horietako batean urte bete daramate bizitzen Chanila, Robenson eta bi adingabek osatzen duten familia. Auzoan Bizik prentsaurrekoan azaldu duenaren arabera, urtarrilean Berakahk “kolpez” familiari ezarritako baldintzak aldatu dizkio, eta argindarraren ordainketa “informazioa ezkutatuz” exijitu dio, “hala nola ordaindu beharreko kopurua WhatsApp bidez jakinaraztea, faktura ofizialik ez izatea...”.

Familiak uneoro ordainketak egiteko prestutasuna izan duela azaldu du etxebizitza sareak, baina “betiere beren izenean dagoen agiri ofizial bat badago”. Jarrera horren ondorioz Berakahk familia “azken hilabeteetan hainbatetan mehatxatu” duela ziurtatu dute, hamar egun direla argindarra moztu dion arte. Azpimarratu dute egindakoa legez kanpokoa dela, “urratu” egiten duelako indarrean dagoen oinarrizko hornidurak eteteko debekua. Etxebizitzan bi adingabe egoteak gertaera larriagotzen duela salatu du Auzoan Bizik, eta jakinarazi du argindarrik bizi beharren ondorioz asteazken goizaldean sutea piztu zela etxean: “Zorionez ez zen tragedian amaitu".

Berakahri eta erakundeei interpelazioa

Chanilak eta Robensonek argindarra berrezartzeko bide guztiak “agortu” dituztela azaldu dute ostiraleko prentsaurrekoan. Familia Berakah programarekin, Gasteizko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin eta Poliziarekin harremanetan jarri da, baina, “horietako batek ere ez du arazoa konpontzeko interesik erakutsi, eta adierazi diete ezin dutela ezer egin”.

Auzoan Bizik Berakahri exijitu dio argia “berehala” berrezar diezaiola familiari. Gasteizko Udalari aldiz, eskatu diote “legez kanpoko baldintzek” dirauten bitartean beste etxebizitza bat eskain diezaiela Chanila, Robenson eta beren seme-alabei. “Inor ez argindarrik gabe”, aldarrikatu du auzo sareak.

“Ez da kasu isolatua”

“Berakahrengandik antzeko jarrerak ikusi ditugu, eta ohikoak dira oinarrizko eskubideen aurka dituzten praktikak, bereziki klase-baldintzek eta atzerritarren legeak gehien kolpatzen dituztenen aurka”, salatu du Auzoan Bizik. Gogoratu dute Alde Zaharreko lau parrokien artean bultzatutako ekimena dela programa, “ustez” pertsona behartsuenei laguntza emateko. Berahka 2006an jaio zen, lokal eta etxebizitza ugari kudeatzen ditu auzoan, eta ehunka dira beren etxebizitza, elikadura edo aisialdi programetara jotzen duten Gasteiztar pobretuak. Auzoko eta hiriko eliz kristauaren sustengua izateaz gain, hainbat baliabide jasotzen ditu erakunde publikoetatik, hala nola Vital Fundaziotik edo Gasteizko Udaletxetik. Hain zuzen ere, Auzoan Bizik kritikatu du Gasteizko Udalak Berakahren jarduera baliatzen duela “auzokide horiekiko dituen erantzukizunak” ez betetzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bazterkeria
Manu Agirre. Ume itsuekin akordatzen?
"Gu ez gara Euskal Herri politiko eta instituzionalean bizi"

Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]


Unibertsitateko ikasleak, bazterkeria arriskuan dauden haurren bidelagun

Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37... [+]


2022-10-17 | Lide Iraola
Galtzak janzteagatik Basauriko sokatira txapelketatik kanpo utzi dutela salatu du emakume batek

Sokatirarako jantzi ofizialei buruzko arauek diote emakumeek gona jantzi behar dutela, eta gizonek prakak. Emakumeak hori amaitzeko eskaera egina zuen, baina aurten ez diote utzi galtzekin lehiatzen. Eztabaida "luze" joango dela erantzun diote.


Magdalena Piñeyro. Lodi matxinoa
"Ardura indibidualetik atera behar dugu, eta lodifobia arlo kolektiboan kokatu"

2013an, Magdalena Piñeyrok Stop Gordofobia (Stop Lodifobia) ataria sortu zuen beste kide batekin batera: garai hartan, jende gutxik zekien zapalkuntza horri buruzko ezer. Plataformak lan handia egin zuen terminoa Espainiako Estatuan zabaltzeko, eta, hamar urte geroago,... [+]


Andrea Momoitio. Memoria historiko feminista
"Putentzat eta eroentzat ez da demokraziarik izan"

1977ko azaroaren 9an, María Isabel Velasco Gutierrezen gorpua aurkitu zuten Basauriko presondegiko ziega batean, kiskalita. 23 urte zituen. Istripua, arduragabekeria edo hilketa izan ote zen argitzeko dago oraindik. Velascoren kideek
–Bilboko Gorte kaleko... [+]


Eguneraketa berriak daude