EGA versus PISA

  • Bizkaiko egunkari salduenak euskararen aurkako titularra eman zuen argitara aurrekoan, nola ez, EGA aitzakia hartuta. Ez da lehenengo aldia azterketa famatua erabiltzen duena erasorako; jada urteroko klasikoa bihurtzen ari da.

Arkaitz Zarraga @azarramendi
2017ko martxoaren 17a

Seguru nago euskaltzale askoren amorrua bikoitza izan dela: El Correo-rekikoa eta EGArekikoa. Baina, egia esateko, ez du beste munduko oihartzunik izan oraingoan.

Egun bi pasatu dira, eta PISAko emaitzen inguruko eztabaida berriro jarri zaigu mahaigainean. Euskararen sustapena gustuko ez dutenak berriz ere irten dira egur-banatzaile lanetan. Baina kasu honetan beste leku batzuetatik ere etorri dira kritikak, galderak… ikuspegi eta jatorri askotarikoak gainera.

Euskaltegietako langileok inbidiaz ikusten dugu irakaskuntzaren inguruko kezka zabala: eztabaidak irratian, sailburuaren agerraldia, oposizioaren kezkak eta galderak, adituen iritziak…

Baina inbidiaz gaude beste hainbat gauzarengatik ere. Euskaltegietan, irakaskuntza arautuan ez bezala, ebaluazioak erabat baldintzatzen du irakasteko modua. Langileon prestakuntza inolako irizpide argirik gabe eta baliabide urriekin burutzen da. Unibertsitateetan ere ez zaigu kasu handirik egiten; ez dago ez prestakuntzarik, ez ikerketarik, ez dibulgaziorik…

Euskaltegietako antolaketa modua ere bitxia da. Publiko-pribatu dikotomia hori ez da irakaskuntzakoaren parekoa, eta horren inguruko eztabaida ere ez da parametro berdinetan gertatzen Euskal Herriko eragileen artean. Gainera, gure sektore honetan era guztietako lan-baldintzak daude, baita esplotazio egoera gogorrak ere.

PISAk sortu duen zurrunbiloaren ondorioz, irakaskuntzan hasi dira arduradunak bitartekoak, diagnostikoak, plan bereziak iragartzen. Susmoa dut EGAren aurkako artikuluan agertutako kezkak ez duela maila bereko erantzuna izango. Orain arte, kritiken aurrean guk azterketa gehiago jarri ditugu: azkena A1 eta A2rako! Ikasleak motibatzeko!

Benetan EBPNn edo Kontseiluaren Bai Euskarari plan estrategikoan bultzatu nahi ziren plangintza guztiak gauzatu nahi baditugu, Euskalduntze Alfabetatzeak berebiziko garrantzia izan beharko du. Euskaltegiak plangintzetan txertatu beharko dira, lantoki, kiroldegi, administrazio edota eskolako gurasoen edo beste edozein esparruko erabileran eragina izateko.

Benetan jendartea euskaldundu nahi badugu, ezinbestekoa izango da arlo horietan guztietan euskara indartzea. Urrats sendoak emateko neurri egokiak hartu beharko dira, hau da, plangintzak nonahi sortu beharko ditugu.

Horretarako, Curriculum berria tresna egokia izan daiteke. Metodologia egokia marrazten du tokian tokiko errealitatera egokitzeko, eta ebaluazio sistema hobe baterako aukerak ere ematen ditu. Baina susmoa dut momentuz EAEko euskaltegi gehienetan apur bat aztoratuta gabiltzala curriculum horren egokitzapenarekin, gero eta ugariagoa den burokraziarekin; eta aurrerantzean zuzendu eta kudeatu beharko ditugun azterketei begira.

Aurreko Curriculuma, 1999koa da, plangintza handien garaikoa. Baina gure metodologiak eta joan den mendekoak ez dira funtsean aldatu. Metodologia berri hori aplikatzeko eta euskaltegiak benetan gizartean eraginkorrak izan daitezen, beharrezkoak dira hausnarketa sakona, ausardia handia, eta erabaki irmoa; eta, jakina, bitartekoak.

Eta bitarteko horiek ez ditzagun gastuen aldean jarri. Argi eta garbi inbertsioa da! Orain dela gutxi albiste izan zen euskararen munduaren pisua BPGren % 4,2 dela. Har dezagun, bada, industria hori ere bultzatzeko erabakia; egin dezagun industria birmoldaketa sakona.

Bidegurutzean gaude, eta norabide egokia hartzeko hizkuntza politika hausnartua eta ausarta beharko dugu. Baina, batez ere , politika beregaina beharko dugu. Ezin dugu onartu euskararen aurka dauden zenbait komunikabidek gidatzea gure politika. Horrek ez du esan nahi prozesu honetan bazter utzi behar ditugunik. Baina, mesedez, behinik behin, ez diezaiegun euskararen sustapenagatik diru gehien haiei eman!

 

Arkaitz Zarraga, Hizkuntza irakaslea da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: LOMCE legea  |  Hezkuntza

LOMCE legea kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude