Industria kimikoa EBk produktu toxiko oso kaltegarriak murriztu ez ditzan presionatzen ari da

  • Giza Biomonitorizazioaren Europako Ekimenak bost urte daramatza lanean eta bere baitan hartzen ditu 116 gobernu agentzia, laborategi eta unibertsitate. Bere proiektu garrantzitsuenean aztertzen ari dira europarren gernu eta odolean diren hamazortzi produktu kimiko toxikoren presentzia. EBk murriztu nahi ditu horiek eta lobby kimikoak kontrako norabidean presionatzen du.


2023ko uztailaren 13an - 14:02
Azken eguneraketa: 2023-07-17 13:16:09
Industria kimikoa Tarragonan.

Dagoeneko aztertu dituzte 28 herrialdetako 13.000 pertsonaren laginak eta ikerketak aurkitu duenez, "biztanleriaren zati handi batek hainbat substantzia arriskutsu jasan dezake, gaixotasun larriak eragiteraino”. Adibidez, herritar helduen %92etako laginetan bisfenol A agertu zen, ugalketan arazoak ekar ditzakeen endokrino toxikoa.

Hori dela eta, duela hiru urtetik hona Europan kontsumitzen diren produktuetako toxikotasuna ezabatzeko edo murrizteko plangintza handia jarri zuten abian EBko erakundeek. Horren arabera, esate baterako, espero zen 7.000 eta 12.000 substantzia arriskutsu artean debekatzea.

Aste honetan The Guardian-ek ezagutzera eman duen filtrazio baten arabera, aldiz, industria kimikoa gogor ari da presionatzen Europar Batasunean eta legediaren murrizketa aurreikusitakoa baino askoz txikiagoa litzateke. Substantzia kimikoak arautzen dituen EBko Reach Erregelamenduaz ari da filtratutako txostena, aurtengo urtarrilekoa da eta urte amaierarako jarri nahi dute martxan.

Zirriborroaren arabera, kontsumitzen diren produktu kimiko horietako askok minbizia, asma, obesitatea eta beste gaixotasun asko eragiten dituzte, eta debekatuz gero, besteak beste horien tratamenduetan 11.000 eta 31.000 milioi euro artean aurreztuko lirateke urtean. Produktu kimiko horien murrizketak, halaber, doikuntza-kostuak ekarriko lizkieke enpresa kimikoei, baina gaitzei aurre egiten gastatutakoa baino askoz gutxiago: 900 eta 2.700 milioi euro artean izango lirateke urtean.

Duela hiru urte Europako Batzordeko lehendakari exekutibo Frans Timmermansek agindu zuen substantzia arriskutsuak debekatu egingo zirela kontsumo produktuetan. Orain ordea, txosten horrek erakusten du debekuak produktu toxikoen %1etik %50ari bakarrik eragin diezaikeela. Marike Kolossa-Gehring doktorearen arabera, 2020an 34 milioi tona substantzia kartzinogeno, mutageno eta ugalketarako toxiko kontsumitu ziren Europan.

Industria kimikoak eta Europako Alderdi Popularrak (EAP) gogor presionatu dute Europako Batzordean, eta horrek batzordeko bi sailen arteko zatiketa ekarri du: Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak neurri irmoen aldeko presioa egin du, eta Barne Merkatuko Zuzendaritza Nagusiak galga jarri die murrizketei.

Joan den irailean, EAPk lehen aldiz proposatu zuen "araudi-moratoria bat, enpresentzako kostuak beharrik gabe handitzen dituzten ekintzak atzeratzeko". Ia aldi berean, BASF kimikari alemaniar erraldoiak Europako plantilla murriztuko zuela iragarri zuen eta horrek bazuela zerikusirik "gehiegizko erregulazioarekin".

Alemaniako VCI industriaren elkartearen esanetan, halaber, produktu kimikoak betiko debekatzeko proposamenak ondorio "kaltegarriak" izango lituzke Alemaniako industriarentzat: "EBn debekatzen den substantzia horietako bakoitzarekin, areagotu egiten da gure industriak gutxiago araututa dauden eskualdeetara emigratzeko arriskua". Iaz VCIk 150.000 euro baino gehiago eman zizkien Alemaniako Batasun Kristau-demokrata eta Batasun Sozialkristaua alderdiei, biak ere EAPko kideak.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industria kimikoa
Zein dira Esako potasa meatze erraldoiaren arriskuak?

Espainiako Gobernuak onartu duen Muga proiektuak 1.700 hektareako meatzea aurreikusten du Nafarroako Xabier eta Zaragozako Undués de Lerda udalerrien artean, Esako urtegitik oso gertu. Adituen ustez, besteak beste, inguruko erreka eta akuiferoak kutsatuko lituzke, lurra... [+]


2018-03-22 | ARGIA
Leherketa Txekiako planta kimiko batean, sei dira hildakoak

Sei lagun hil dira Txekiar Errepublikan, planta kimiko batean izandako leherketaren ondorioz, BBCn irakur daitekeenez.


2017-11-29 | ARGIA
Blogari bat espetxeratu dute Vietnamen, istripu kimiko baten berri emateagatik

22 urteko blogari bati zazpi urteko espetxe zigorra jarri diote iaz Vietnamgo kostaldea kutsatu zuen ihes kimiko baten berri emateagatik, Democracy Now-k jaso duenez.


2016-04-24 | Unai Brea
Kutsatzaile hormonalak
Berandu eta herren dator Europatik babesa

90eko hamarkadaren hasieratik dakigu inguratzen gaituzten konposatu kimiko sintetikoetako asko kutsatzaile hormonalak direla. Gure sistema endokrinoa engainatu eta gaitz ugari eragiten dute: ugalketari lotutako nahasmenak, minbiziak, diabetesa... Zientzialariek aspaldi alarma jo... [+]


2015-02-12 | Igor Agirre
Istripua izan da Kataluniako enpresa kimiko batean

Kataluniako Sima SA enpresa kimikoan istripua izan da. Leherketaren ondorioz, hodei toxikoa sortu da eta alerta egoeran aurkitzen dira Igualada, Vilanova del Cami, Odena eta Jorba herriak. Asteazkenetik ostegunerako gauean gertatu da ezbeharra eta hiru pertsona ospitalera eraman... [+]


Eguneraketa berriak daude