EAEko Osasun Saila mediku euskaldun bila

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea bezala delakoan dago sailburu jauna. Baina, badaezpada, errua beti beste norbaitena da.

Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak ez dio baimentzen Hego Euskal Herriari (halako batean zazpi herrialdeez oroituko gara) egoiliar sare propioa eratzea, norbere irizpide, kupo, kantitate eta baldintzekin. Gainera, esparru berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Deustuko Unibertsitatean, Nafarroako Unibertsitate Klinikan, ezin euskaraz ikasi. Ezta Euskal Herriko Unibertsitatean ere (ezin osorik euskaraz bukatu). Unibertsitateko sail ezberdinetan ustelkeria da nagusi, eta nekez irakasten da euskaraz. Denak sailburu gaixoaren euskaltzaletasunaren aurka.

Medikuez gain langile gehiago ere badirelako, bertan lanean ari diren horiek, jatorria dena delakoa dutela, ez ote dute euskara ikasteko eskubiderik? Zer baldintza daude egun benetan langile horiek kalitatezko arreta bat ez emateko aitzakia gisa erabiltzeko?

Zer hizkuntzatan egiten da lan Osakidetzan? Zer hizkuntzatan funtzionatzen dute bertako langileek idatziz eta esparru formaletan? Zenbat txosten kliniko edo bilakaera orri idazten dira euskara hutsean? Zer hizkuntzatan egiten da planifikazioa eta estrategien diseinua? Zer hizkuntzatan jarduten da sailburua / zuzendaritza gehienak dauden batzarretan? Denok dakigu erantzuna. Sailburu jaunak egoki azpimarratzen du norberaren hizkuntzan arreta jasotzeak dakarren kalitate jauzi positiboa. Hala ere, paziente euskaldunekiko utzikeria da nagusi Osakidetzan. Botere harremanak, ustelkeria, ikasle, langile eta paziente euskaldunekiko mespretxua.

Zer hizkuntzatan egiten da lan Osakidetzan? Zer hizkuntzatan funtzionatzen dute bertako langileek idatziz eta esparru formaletan? Zenbat txosten kliniko edo bilakaera orri idazten dira euskara hutsean? (...) Denok dakigu erantzuna

Osakidetzaren euskara planen konpromisoetatik haratago omen gaude. Fundazio ezagun bati esker, konpromiso horiek bete izanaren ziurtagiriak ordainduta, zer egin betetzen ez diren planekin? Karteldegiaz eta itxurakeriaz gain ez dago inongo aurrerapauso esanguratsurik. Euskarazko lan ingurune bat ezarri edo sortu ezean, nekez normalizatuko da euskarazko arreta, hizkuntza eskakizun edo euskara planik onenekin ere.

Osakidetzaren barruko euskara zerbitzuko kideek zenbait langileren proposamen eta iniziatibak mantsotu edo zuzenean aurka jotzen dute. Ez digute euskaraz lan egiten uzten, ez digute euskaraz ikasten, gaixotzen, bizitzen eta hiltzen uzten. Onartu beharra dago, zuzendaritzako kide sentitzea eta lan menpekotasun zuzena izateak ez duela konfrontazioa errazten. Hala ere, euskara zerbitzua egun euskarazko arretaren normalizaziorako oztopo izatea paradoxikoa iruditu dakigukeen arren, bertako langileen tokian jarri behar da. Lantokian eroso, konfort esparruan, inorekin talkarik izan gabe, eta lanpostu seguruarekin egotea lasaia da gero, egunerokotasunean zuzendaritzarekin, zerbitzuburuekin, sindikatu euskarafoboekin ika-mikan ibiltzea baino. Diru publikoaren kontura euskaratik bizitzea, gainerakoei euskaraz bizitzea erraztea baino politagoa eta, batez ere, epe luzera ekonomikoki errentagarriagoa da itxuraz.

Laster dator Euskaraldia. Laster ariguneak osasun lantokietako kafetegietan, bazterreko txokoetan, lan esparruetatik kanpo, kalitatezko (euskarazko) arretaren normalizaziotik kanpo. Laster datoz prentsaurreko eta agerraldiak, laster irribarreak eta txapak. Diru publikoarekin ordaindutako kanpaina hauek kontzientziaren bat lasaituko dute agian, euskara teknikariren baten agenda pixka bat beteko dute, baina ez dute aurrerapausorik suposatuko. Saia gaitezen faltsukeria horren atzean ezkutatzen diren txapadun politikari, sasi-teknikari, ordezkari sindikal euskarafobo, eta abar luze horiei aurre egin, antolatu, eta euskaraz bizitzeko hautua egiten.

Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeña, Aintzat mugimenduko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude