Donostiako Kortxoenea gaztetxearen eraisketa bertan behera oraingoz

  • Behin-behingoz, Donostiako Kortxoenea gaztetxearen eraisketa geratu dute eta hondeamakina joan egin da. Goizean ate nagusia bota eta lurra zulatu dute.

Goizean eraikina hondatu duen hondeamakina eguerdian joan da. (Arg: Kortxoenea)

Gros auzoan jendea biltzen joan da eta eguerdi parterako, 60 pertsona inguruk bertara heltzeko errepidea moztu dute. Bazkaria prestatzeko eta auzoetatik materiala biltzeko lantaldeak prestatu berritan heldu da Udaleko oharra: Ez dago eraikina eraisteko baldintzarik, eta behin-behinean geratu egin dute. Jendeak bertan jarraitzen du, 17:00etan asanblada irekia egingo dute eta 19:00etan manifestazioa deitu dute gaztetxetik abiatuta.

Goizeko 8:30ak inguruan jakinarazi dute gaztetxeko kideek eraikina botatzen hasiak zirela langileak. Gaztetxearen proiektua babesten duten auzokideek eman dute abisua. Ordutik, jendeari dei egin diote bertaratzeko eta goiz osoan zehar jendea hurbiltzen joan da.

ARGIAk jakin ahal izan duenez, Donostiako Udalak uztailaren 14an eman zuen eraikina eraisteko baimena, baina baldintza batzuekin, horien artean, aurretik aparkalekua hustea edo segurtasun neurri batzuk hartzea. Eraisketa horiek bete gabe hasi dute, eta horregatik hainbatetan entzun dira "Eraisketa hau ilegala da" gisako oihuak.

Udaleko teknikari bat bertan izan da eta segurtasun neurriak betetzen ez zirela argudiatuta, lanak geratzeko agindu du Udalak behin behingoz.

Donostiako EH Bilduk ohar baten bidez gogor salatu du eraisketa. Bertan adierazi dutenez, aurreko legealdian ez zuten halako baimenik eman eta alternatibak bilatu zituzten bertako gazteekin. EAJ eta PSE-k gobernura heldu eta berehala baimena eman izana gaitzetsi dute.

Kalte material ugari

9:30 inguruan hondeamakinak atea bota eta lurrean zuloak egin ditu, kanpoko bigarren sarrerako pareta zulatzearekin batera.

Lehenik udaltzainak eta gero ertzainak azaldu dira gaztetxeko ingurura eta kanpoan bildu den jendeari ez diote pasatzen utzi. Eztabaida handiak izan dira eraikinaren jabearen abokatua eta gaztetxeko abokatuaren artean. Bigarren honek aurpegiratu dio legea hausten ari zirela eraikina baldintza horietan botaz.

Aitor Ibañez gaztetxeko asanbladako kideak honela kontatu du: "Telefonoz deitu didate eta korrika joan naiz giltzarekin, baina jadanik langileek zuloa eginda zuten. Udaltzainak etorri bitartean barrikada moduko bat jarri dut, baina etorri direnean hori ere bota dute eta azkenean handik kanpora bidali naute".

Ibañezekin egindako elkarrizketa ikus daiteke segidan.

Tentsio une batzuk izan dira gaztetxeko kideek langileei egiten ari zirena aurpegiratu dietenean. Beste langile batek adierazi die gazteei "ulertzen" dituela, baina haiek bere lana egiten besterik ez direla ari, eta egin behar dutela.

Gaztetxea botatzeko asmoaren berri izan eta berehala, albistea zeresana ematen hasi da sare sozialetan. Twitterren #KortxoeneaBizirik etiketapean bildutako mezuak ikus ditzakezue jarraian.

Ertzainek gaztetxeko sarrera itxi dute hondeamakina zulatze-lanetan ari zen bitartean. Hainbat lagun bildu dira eraikinaren inguruan protesta egiten. Urban 13 kolektiboko kideek breakdance erakustaldia egin dute bertan.

Bost urteko ibilbidea

Kortxoenea 2010ean okupatu zuten Groseko hainbat gaztek. Kortxo eta txapa fabrika zaharra Zurriola ikastolak erabili zuen aldi batez 1983an, baina gerora erabat utzia geratu zen.

Gazteek eraberritze lanak egin zituzten eta gune ugari sortu dituzte barruan; ekitaldi eta aktibitate asko antolatu dira bertan. Aurten bost urte bete dituela-eta, urteotan egindako lana biltzen duen dokumentala egiten ari dira gaztetxeko kideak. Gaztetxeak webgune dinamiko bat ere badu.

Proiektu urbanistikoa

Groseko Indianoene kaleko 16. zenbakian dagoen eraikina eraikuntza enpresa batek erosi zuen eta bertan proiektu urbanisitiko bat dauka aurreikusita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kortxoenea Bizirik
Kortxoenea gaztetxearen desalojoaren epaia
"Justizia espekulatzaileekin lerratu da beste behin"

Heldu da Kortxoeneak epaitegietan jarri zuen salaketaren epaia: Eraikuntza enpresa absolbituta. 2015eko azaroaren 3an Donostiako Gros auzoan zegoen Kortxoenea gaztetxea desalojatu zuten aurpegian estalita eta metalezko barrak zituzten hainbat pertsonak. Ondoren, eraikina eraitsi... [+]


Kortxoenea eraitsi zuen enpresaren aurkako epaiketa hasiko da astelehenean

Astelehenean hasiko da epaiketa Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraitsi zuen enpresaren aurka: Groseko Etxebizitzak SL. 11:30 izango da epaiketa eta gaztetxeko kideek dei egin diote jendeari epaiketara bertara ager daitezen.


2017-06-22 | Xalba Ramirez
Adarra Saria 2017
Ez da inoiz hilko

Micaela Chalmeta Bartzelonako Sants auzoko kooperatibista feministaren izena daraman Big Bandak beste maila batera igo ditu Fermin Muguruzaren ibilbide osoko kantuak. Victoria Eugenia jendez eta emozioz lepo izan da bart.


2017-06-22 | ARGIA
Gaztetxeei eta Le Bukowski aretoari eskaini die Adarra saria Muguruzak

Asteazkenean jaso zuen Fermin Muguruza musikari eta zinegile irundarrak Donostiako Udalak eman dion Adarra saria.


Eguneraketa berriak daude