Dilma Ferreira Silva aktibista hil dute Brasilen

  • Brasilgo iparraldean dagoen Pará estatuan hilketa bortitz bat gertatu zen joan den astean. Dilma Ferreira Silva, presek kaltetutako pertsonen mugimenduko koordinatzailea eta beste bi pertsona hil zituzten. Albisteak berriz ere lehen lerrora ekarri du Brasilen mota horretako azpiegiturek milaka herritarrei eragiten dizkieten kalteak.


2019ko martxoaren 26an - 17:09
Dilma Ferreira (eskuinean) Brasilgo presidente ohi Dilma Rouseffekin batera (argazkia: Leandro Silva / MAB).

Dilma Ferreira Silva hil zuten joan den ostiralean, Claudionor Costa da Silva bere senarrarekin eta honen laguna zen Hilton Lopesekin batera. Hilketa Ferreiraren etxean bertan gertatu zen. Tucuruí  enpresa hidroelektrikoak kaltetutako pertsonetako bat zen Ferreira eta presak eskualdean kaltetutako pertsonen mugimenduaren koordinazioaz arduratzen zen.

Lekuan bertan jasotako informazioen arabera, joan den osteguneko 21: 00ak aldera bost pertsona heldu ziren Ferreiraren etxera. Handik gutxira, auzotarrek musika oso altu entzun zuten. Gau osoan iraun zuen zaratak eta arraroa egin zitzaien, ez baitzen bikotearen ohitura.

Biharamun goizean, eskola-autobusa Ferreiraren bila joan zen, komunitateko eskolako monitore gisa lan egiten baitzuen. Hara iristean, etxe osoa hankaz gora aurkitu zuten eta hiru gorpu, lotuta, ahoa estalita eta hilda.

Oraindik ez dakite zerk eragin duen krimena, izan ere, eskualdeko ekintzaileen aurkako mehatxuen historia luzea bada ere, presaren aurkako mugimenduak ez zuen Ferreirak jasotako mehatxuen berririk. Bizi ziren eremua okupazioaren bidez lortu zen, baina Brasilgo landa-garapenerako ministerioak araututa zegoen jada. Poliziak hilketa "exekuziotzat" jo du. Susmagarririk ez dute atxilotu.

Brasilgo nekazari txikiengandik gertuen dagoen Lurreko Batzorde Pastoralak (CPT, portugesezko sigletan) jasotako datuen arabera, Ferreira da 2019an Amazonian hil duten lurraren eskubidearen aldeko lehen aktibista.

Emakume borrokalaria

Tucuruiko urtegia eraikitzeak kaltetu zituen Ferreira eta haren familia. Brasilgo hirugarren hidroelektrikorik handiena da, 1984an inauguratua, diktadura militarraren garaian. Ia 40.000 pertsonari eragin diete hura martxan jartzeko fase ezberdinek.

Amazoniako energia-ereduak eragindako suntsipenaren kasu adierazgarri bihurtu zen Tucuruí. 2010eko Giza Eskubideen Kontseilu Nazionalaren txostenean agerian geratu zenez, Brasilen presak eraikitzean giza eskubideen urraketa sistematikoak gertatzen dira. "Zentral hidroelektrikoak, ateak ireki zituenean, dena eraman zuen", esan zuen Dilma Ferreirak 2011. urtean Amazonia.org atariak egindako elkarrizketa batean.

Tucuruik aberastasun handia sortzen duen bitartean, kaltetutako familia askok ez dute energia elektrikorik ere. Kalteturiko gehienek ez dute inolako aitorpenik eta kalte-ordainik jaso, eta 30 urte baino gehiago daramatzate borrokan. Testuinguru horretan sartu zen Dilma Ferreira Silva presak eragindako familiak antolatzeko mugimenduan.

Mugimenduko eskualdeko koordinatzailea zen 2005etik. 2011n, Presek Kaltetutako Emakumeen Topaketan parte hartu zuen eta 500 pertsona baino gehiago bildu zituen Brasilian.

Joan den ostiralean hasi zen Euskal Herriko hainbat herritan ospatuko den Ekozinemaldia eta ekintzailearen aldeko elkarretaratzea egin zuten.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Eguneraketa berriak daude