"Deportatuok ez genuen erabaki Aljeria edo Venezuelara joatea, eta Euskal Errepublika eraikitzeko aukera badugu, itzuliko gara"

  • Koldo Zurimendi (Amurrio, 1959) erbestean eman ditu azken hamarkadak, errefuxiatu eta deportatu moduan. Ibilbide horretan Iparraldean, Algerian eta Venezuelan egon da. Kanpoan 30 urte baino gehiago egon ostean itzuli da Amurriora.

Koldo Zurimendi Amurrioko parkean. Argazkia: Aiaraldea.eus

2019ko urriaren 17an - 12:02

Nola topatu duzu herria itzultzean?

Oro har ondo aurkitu dut. Ez nuen espero horrela haztea eta urrun dauden auzuneak batzea. Ni San Josekoa naiz eta bere garaian uste genuen ez ginela herriaren parte. Gaur egun dena dago askoz integratuagoa. Jakina, ezberdintasunak daude oraindik, hirigintzak ezin baititu orekatu ezberdintasun sozialak.

Hala ere, adibidez, parkea oso garrantzitsua da. Topagunea da mundu inpertsonal honetan eta ikusten dut harremanetarako lekuak daudela.

Oso deigarria iruditu zait eta ondo baloratzen dut urbanismoak jende nagusiaren edo gabeziak dituzten herritarren beharrak aintzat hartzen dituela.

Eta jendearen aldetik?

Jende askoren argazkia nuen buruan, aldatu gabe. Beste kasu batzuetan, ikusita nola aldatu den nire gorputza, imajinatzen nuen nola aldatu zitekeen eurena. Oro har, zailtasunak izan ditut nire oroimena eguneratzeko.

Erbestean bizi izan naizenez, saiatu naiz etengabe Amurrio buruan ez izaten, bestela oso zaila da aurrera egitea. Nire oroimen horiek guztiak berriro berpiztu ditut eta egungo errealitatearekin lotu.

Esan behar dut atentzioa eman didala euskararen erabilera kalean. Ez dut esango jendetsua denik, baina garrantzitsua da. Nik herria utzi nuenean ez zen ia hitz egiten. Hori ezuste polita izan da. Gogoratzen dut duela 35 urte euskara ezin zela hain modu askean erabili. Adibidez, Tolosako lagun bat zegoen Amurrion euskaraz egiten zuena eta denek “El vasco” izendatzen zuten. Horrez gain, behin baino gehiagotan joan ginen euskara irakasleen bila eta batzuek ez zuten etorri nahi.

Zergatik erabaki duzu orain itzultzea?

Lehenik eta behin, gu ohitu ginen pentsatzera ez ginela itzuliko, baina bueltatzeko gogoa genuen, baldintzek ahalbidetuz gero. Nik duela pare bat urte berreskuratu nuen pasaportea, ez baineukan ezer. Hortaz, ezin nintzen Venezuelatik atera.

Guk, deportatuok, ez genuen erabaki Aljeria edo Venezuelara joatea. Guk gure lan politikoagatik joan behar izan ginen eta Euskal Herriko errepublika eraikitzeko aukera badugu, itzuliko gara. Ez bakarrik nahiagatik, betebeharra ere bada.

Gure ekintzekin eta horien ondorioekin bizi izan gara bizitza osoan eta berriro itzuliko naiz Amurriora 60 urterekin. Zerotik abiatu behar dut hemen; kanpoan egon naiz, ez daukat ezer... Venezuelan bizitzea zaila da, baina hemen egitea ere ez da erraza izango.

Egia esanda, ez naiz guztiz hutsetik abiatuko, lagun eta senideen laguntza izango baitut. Baina nire adineko jendeak lortu dituen hainbat kontu bete beharko ditut. Hala ere, seme-alabek inguruko babesa izango dute eta lasaiago egongo naiz.

Izan ere, nik familia daukat Venezuelan. Nire emaztea bertakoa da, baita nire seme-alabak ere. Guztiak daude hezita Venezuelan bizitzeko, baina egoerak okerrera egin du eta arazoa ez da bakarrik ekonomikoa. Segurtasuna ere ardura da, eta pentsaezina da nire alabak Caracasen lasaiki paseatzea, hemen egiten duen moduan.

Nik ezin ditut nire seme-alabak etxean itxi, ikastetxera joan behar dute eta beste hainbat kontu egin, eta etengabeko larritasuna da hori. Venezuela birrintzen ari da Estatu Batuak, eta horrek, derrigorrez, nire seme-alaben etorkizunean eragina izango du.

Horrek guztiak ez du kentzen maitasun ikaragarria diogula Venezuelari. Maitasun eta anaitasun une izugarriak bizi izan ditugu eta askotan sentitu genuen eraldaketari ekarpena egiteko geundela han, herriaren mesederako. Venezuelan jarraitu beharko banu, nire bizitzak zentzua izango luke berdin ere.

Duela 35 urte errefuxiatu bilakatu zinen, nola gertatu zen hori?

Zorionekoa izan nintzen. Nire inguruan kolpe asko eman zituzten eta lagun baten aitak esan zidan zer gertatu zitzaion. Horregatik aukera izan nuen ihes egiteko.

Bolada batean errefuxiatu izan nintzen klandestinitatean, ezin nintzen kalera atera eta ia bakarrik nengoen. Garai oso zaila zen eta GAL talde armatua aktibo zegon. Oso gogorra izan zen, baina denbora izan nuen frantsesa ikasteko.

Gero Frantziako zenbait departamentutan egoteko dokumentazioa eman zidan estatuak. Hori bai, debekatuak nituen Euskal Herriarekin edo Estatu Espainiarrekin muga egiten zuten lurraldeak. Gauzak horrela, Poitiersen bizi izan nintzen. Hiri kosmopolita eta unibertsitarioa zen. Oinarri moduan balio izan zuen deportaziorako.

Nola izan zen deportazioa?

1987ko urriaren 3an, nire urtebetetzearen ajean, hain zuzen, sarekada egin zuten Frantzian eta jende pilo atxilotu zuten. Nire taldea Aljeriara bidali zuten.

Euskal errefuxiatu politikook ez genuen estatus legalik, ez digute aitorpenik ematen, eta nahiz eta horrela jarraitu, azpi-estatusa egokitu zitzaidan: deportatua. Guztiz babesik gabe utzi gintuzten.

Aljerian 2 urtez egon ginen. Nik ez dut esango hitz txar bakarra ere ez Aljeriako herritarren edo gobernuaren aurka. Elkartasun oroimen oso atseginak ditugu, baina mugitzeko gaitasuna oso mugatua genuen, etxebizitza, lana eta abar eduki arren.

Horrela egon ginen egoerak okerrera egin arte. Estatu Espainiarra presionatua zegoen gasa dela medio, besteak beste, eta alde anitzeko akordioa egon zen. Deportatu batzuk Cabo Verdera bidali zituzten, beste batzuk Dominikar Errepublikara eta talde handiena Venezuelara.

Zer nolako eragina izan zuten mugimendu horiek guztiek zuregan?

Txarto heldu nintzen Venezuelara. Elkartasuna adierazten zigun herrialde batean egonik, uste nuen babestuta geundela etsaiaren aurka, baina ez zen horrela izan eta Estatu Espainiarraren borondatera mugitu gintuzten. Segurtasun eta ziurtasun faltari lotutako pentsamenduak sortu zizkidan horrek eta apur bat deprimiturik ibili nintzen.

Adibide bat jartzearren, gure ondasun guztiak motxila batean eramaten genituen; arropa eta gutxi gehiago. Venezuelan lana lortu arren, denbora luzez ez nuen motxila desegin, ezinbestekoa zena hartzen nuen soilik, uste bainuen une batetik bestera berriro mugituko gintuztela.

Hori bai, bizitzak bere bidea egiten du eta Euskal Herriko deportatuok familia edo antzeko zerbait sortu genuen. Gure borroka politikoaren eraginak atzerrian batu gintuen. Hortaz, aurrera egin beharra zegoen, kideak laguntzeko eta gainontzekoentzat zama ez izateko.

Horrela joan nintzen ulertzen eta barneratzen gizarte berrian nengoela eta han bizitzeko egokitu behar nintzela.

Nola baloratzen duzu egin duzun ibilbidea?

Duela 40 urte hasi nintzen politikan eta, zehazki, egokitzat jotzen nuena egin nuen. Baldintza oso prekariotan egin nuen, dena baitzegoen egiteke.

Egun ardurak banatuagoak daude: pentsioen borroka, emakumeena, auzoena, euskararena... Une horretan Amurrio lokartuta zegoen eta piztu behar zen. Herria berriro eraiki beharra zegoen, baina ez bakarrik etxeak eginda. Pentsamendua aldatu beharra zegoen. Beste batzuek baloratu behar dute zein neurrian nik egindakoa izan zen egun dagoenaren hazia. Edonola ere, orain espero dut hazi horien fruituaz gozatzea.

Ni hasi nintzen lanean nire auzoan, bertako gazte eta umeekin, kirol eta mendiko esparruetan. Nik ez nien inoiz hitz egin politikari buruz. Nire asmoa zen gizaki ahaldunduak haztea, etorkizunera begira zezaten.

Horrek oso harro sentiarazten nau. Orain ikusten ditut eta pozten nau gurasoak izateak eta gehienek drogekin harremanik ez izateak. Zentzua ematen dio egindakoari eta sufritutakoa arintzen du. Garai horretan heroinaren arazoa oso larria zen eta horri aurre egiteko gazteak bideratu behar ziren etorkizunera, itxaropena eman behar zitzaien eta trebatu pertsona gisa.

Orain garai ezberdinak datoz, egituratu beharko gara berriro helburuak betetzeko. Hasteko, banatu diren lagunak eta kideak batu behar dira, nahiz eta ezberdin pentsatu. Desadostasun politikoak ezin dira erori esparru pertsonalean eta batasuna ezinbestekoa da.

Gure borrokaren liburua itxi behar dugu, eta horretarako berebizikoa da jende orok parte hartzea; errefuxiatuek, presoek eta deportatuek. Lehentasuna izan behar da.

Azken 40 urteetan gertatutakoak ahalbidetu du gaur egungo egoera. Gernikako Estatutua ez da garatu eta antzinako kontraboterea ez da existitzen. Balantzan pisu gehiago jartzeko jendea behar dugu eta horretan guztiak gara garrantzitsuak, gure historia burujabetasunez idazteko.

Haziak jarri ditugu horretarako eta zaindu behar dira. Elkarrekin egin behar dugu bidea, estatua desegiten ari baita. Lau hauteskunde izan ditugu oso denbora gutxian eta hori ez da kontu pertsonalen ondorioz bakarrik, baizik eta sistemak kale egiten duelako. Grezia, Espainia, Italia eta Portugal oso konprometituak daude eta zailtasunak dituzte estatuak egituratzeko. Ez da bakarrik Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias ez direla moldatzen, mundua aldatzen ari da eta okerrera egingo du.

Esan bezala, gure historiako atal bat bukatu da eta berria idatzi behar dugu guztion artean. Borroka ezberdina izango da, baina argi izan behar dugu kapitalismoak aurrera egiten duela. Guk hitz egiten dugun bitartean, gutxi batzuek dirutza irabazten dute eta sistematik kanpo gero eta jende gehiago egongo da. Gure borrokan, ordea, inor ez dago soberan. Testuinguru horretan euskaldunak gure etorkizunaren jabeak izan beharko gara eta 15 urtetan dena ikaragarri aldatu daiteke.

Venezuela, edonola ere, munduko berrietan etengabe dagoen herrialdea da.

Bai, lehenengo 10 urteak eman nituen IV. Errepublikan. Gobernu neoliberalak ziren eta krisi ekonomikoa handia zen. Gero Chavez Komandantearen etorrera bizi izan nuen eta 20 urteko Iraultza Bolibarriarra.

Bi aroak bizi izan ditut eta ikasi dut borondate politiko eta ideologikoa egonez gero, aldatzeko ezinezkoak diren egoerak eraldatu daitezkeela: inklusioa eta trebakuntza ematen txiroei, ahalduntzen...

Chavezekin ikusi nuen Venezuelak hobera egiten zuela, herrialdeak duen aberastasun ikaragarria hobeto banatzen zela... Testuinguru horretan gu gehiago identifikatu eta integratu ginen. Une horretan barneratu nuen agian Venezuelan igaroko nuela nire bizitza osoa.

Dokumentazioaren aldetik egoera prekarioan jarraitu genuen, nahiz eta zerbait izan, baina beti faltatzen zitzaigun paperen bat. Poliziak identifikatzen gintuen bakoitzean hamaika azalpen eman behar genituen eta, azkenean, gu identifikatzen ginen bakarrik poliziaren aurrean.

Mendebaldeko hedabidetan asko kritikatu da Venezuelako Gobernua, zuk nola bizi izan dituzu Chavezen legealdiak?

Ikusi genuen ongizate gizarteko sistema esanguratsua lortzen zela. Halaber, esperimentatu dugu horrelako sistema “sozialista” batek -nahiz eta sozialismora ez den heldu- inperialismoaren amorrua erakartzen duela.

Etengabeko jarduera egon da gobernua eta estatuko azpiegiturak sabotatzeko. Arazo bat dagoen bakoitzean zabaltzen dute gobernuak ez duela gaitasunik edo sozialismoak ez duela balio.

Ezberdintasun handia egon zen gobernu neoliberalen eta chavisten artean?

Bai. Lehenik eta behin, Chavismoak inklusiorako ahalegina egin zuen. Lehen txiroek uste zuten hauteskundeek ez zutela zerikusirik eurekin. Bozkalekuak dirudunen auzoetan zeuden bakarrik, auzo lauetan.

Caracasen jendetza pilatzen da. Gobernu neoliberalen garaian askok jo zuten hirira abeltzaintza edo nekazaritza utzita, petrolioaren gorakadaren ondorioz. Caracas portura lotutako ekonomia bilakatu zen; petrolioa ateratzen zen eta elikagaiak, makinak... itzultzen ziren.

Ekoizteari utzi zioten eta Venezuelako barne ekonomia erabat aldatu zen. Lehen elikagaiak esportatzen zituen eta orain kontrakoa gertatzen da. Hori dela eta, Caracaseko mendietara joan zen jende pilo bizitzera. Inguruko mendietan egiten zituzten euren etxe prekarioak.

Horrek kontraesan izugarriak sortu zituen. Ingurune lauetan herritar dirudunak bizi ziren eta erakusten zuten gaitasun ekonomikoa zutela, gainera. Inguruetan, aldiz, klase apalak zeuden. Venezuelarrak lasaiak eta abegikorrak badira ere, gatazka giroa sortzen zuen horrek, kontraesanak oso bistakoak baitziren. Chavismoak ezinegon hori gorpuztu zuen.

Berez, Chavez gobernura heldu baino lehen, ekonomiak sortzen zuen aberastasuna gutxi batzuen artean banatzen zen; lana oso prekarioa zen, babesik gabe, kalean...

Aldiz, Errepublika Bolibarriarak aurrekontuak klase sozial guztien artean banatu zituen. Bere inbertsioak bideratu ziren, lehenik eta behin, periferiara, txiroen artera. Horri esker, gehiengoaren mesederako aldaketak egin dira modu baketsuan. Chavismoaren sorreragatik izan ez balitz, ziurrenik altxamendu bortitza gertatuko litzateke Venezuelan.

Klase sozialen arteko talkak gertatzen hasi ziren. Adibidez, gu heldu ginenean 80. hamarkadan, altxamendua egon zen, prezioen igoeragatik. 3.000 hildako egon ziren aste bakarrean, poliziaren eta militarren errepresioaren emaitza. Garai horretan biztanleriaren %30ak soilik bozkatzen zuen.

Chavezen politikak 2009. urtera arte oso arrakastatsuak izan ziren; herritar ugariren babesa eskuratu eta pobrezia tasa murriztu zuten.

Nazioartean ere Chavezek geopolitika berria sortu zuen, energia ardatz hartuta. Brasil, Ekuador, edota Argentinarekin antolatu zen. Aliantza horiek erori dira denboraren poderioz, Brasilen Bolsonaro baita presidente, adibidez.

Edonola ere, Estatu Batuek esku hartu dute; Venezuela, euren ustez, eredu txarra baita inguruko herrientzat.

Nola geratu da Venezuela Hugo Chavezen heriotzaren ostean?

Komandantearen heriotzaren ondoren, Madurok hartu zuen lekukoa eta Chavezen aurka antolatutako mugimendu guztiak bere aurka jo du. Neurria eman du, baina ez du atsedenik izan hasieratik. Batzuetan Chavismoaren inguruan dauden sektore batzuek laga dute.

Zergatik irabazi zuen eskuinak Asamblea Nacional-a? Milioika chavista ez zirelako bozkatzera joan.

Estatu Batuek Venezuelako oposizioaren laguntza izan dute, guztiz aberrigabea baita. Gehienek nazionalitate bikoitza dute eta nahiago dute estatua pikutara joatea eurek ez badute agintzen. Guaido da horren adibide. Inolako botererik gabe sinatzen ari da Estatu Batuei aktibo guztiak ematen dizkioten dokumentuak.

Izan ere, Venezuela ez da edozein herrialde. Lehengaiak eta petrolioaren aurkikuntzak agortzen ari diren bitartean, Venezuelak erreserba ikaragarriak ditu: urrea, diamanteak, coltana, bauxita, aluminioa... Eta ez da mehategirik egin behar, azalean daude. Venezuela kontrolatuko duena ukiezina izango da etorkizunean.

Horren jakitun, Chavezek loturak egin zituen Errusia eta Txinarekin eta horrekin kontraboterea egin dio Venezuelak Estatu Batuen inperialismoari. Iranekin eta Indiarekin ere harreman ona izan du. Indiak botikak bidaltzen ditu, adibidez.

Une honetan gaztelu setiatua da Venezuela eta oso produktu gutxik gainditzen dute blokeoa. 7 urte eman ditugu horrela eta egoera zaila da.

Nola islatzen da hori jende arruntaren bizitzetan?

Chavezen garaian atzerrian bizi zen erretiratu baten pentsioa 1.200 dolarekoa zen, gutxi gorabehera. Egun, 2 dolarrekoa da eta blokeoarekin ezin da atera.  

1.200 dolar gutxi izango da hemengo batentzat, baina Venezuelan elektrizitatea edo gasolina izugarri merkea da. Hemen gasolina litro baten truke ordaintzen denarekin, nik han urtebeteko kontsumoa bermatu dezaket.

Edonola ere, oinarrizko produktuak lortzea oso zaila da eta eskuratzen direnean, oso garestiak izaten dira. Desagertu ziren lehen produktuak izan ziren emakumeen higieneari lotutakoak, emakumeek iraultzan protagonismo handia izan baitute.

Asmoa da klase apalak zigortzea Chavismoarekin bukatzeko. Izan ere, ez dute armada bereganatzea lortu, bizitza zibileko lan guztietan baitaude militarrak: komunetako kontseiluekin daude elkarlanean, ura eramaten...

Gainera, sekulako inflazioa dago; gobernuak zortzi zero kendu behar izan dizkio txanponari eta berdin gaude. Amurriora itzuli nintzenean, harritu ninduen euro gutxirekin ordaintzea. Venezuelan edozein gauzak balio du dozenaka mila bolivar eta asterik aste dena da garestiagoa.

Oinarrizko zerbitzuak eskuratzea gero eta nekezagoa da eta etengabeko sabotajeak daude sare elektrikoan.

Chavismoak ongizatea lortu zuen eta bizitza atsegina zen Venezuelan, historikoki txiroak izan direnen artean ere. Kulturan ere ahalegin handia egin zen, klase apalak trebatzeko; liburuak ia doakoak izateko inbertitzen zuten eta ikasle txiroek ordenagailu txikiak dituzte dohainik irakaskuntza publikoan, baina hori mantentzea gero eta zailagoa izaten ari da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iheslariak
2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Luis Roncero eta Anartz Aranbarri iheslari ohiak Euskal Herrira bueltatu dira

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Luis Elisardo Roncero Retortillo gasteiztarra eta Anartz Aranbarri Etxaniz ondarrutarra Euskal Herrira itzuli dira. Biak euskal gatazkak eragindako iheslari ohiak dira. 


20 urte bete ditu Ataramiñe argitaletxeak, eta antologia bat ondu du urteotako hainbat lanekin

2002an sortu zen Ataramiñe argitaletxea, eta ordutik euskal errepresaliatu politikoek idatzitakoak argitaratu ditu. 2017ra arte lan kolektiboak argitaratu zituen, eta horietako zenbaitekin antologia osatu du: Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017. Ez da... [+]


Nguyen Van Dong, euskal errefuxiatuen aldeko keinu ahaztua

Biarritz, 1972ko urriaren 14an. Javalquinto lorategietan, udaletxearen ondoan, Nguyen Van Dong vietnamdar herritarra suizidatu zen, bere buruari bonzo erara su emanda.


Xanti Zapirain errefuxiatu historikoa eta idazlea hil da

Xanti Zapirain Elizalde “Kaiku” hil dela jakinarazi du Antxeta Irratiak asteazken honetan. Altzan (Gipuzkoa) jaioa 1953an, 20 urte zituela Hendaiara (Lapurdi) ihes egin zuen Frankismoaren jazarpen politikotik ihesi eta errefuxiatu-bizitzaren alderik garratzenak... [+]


Eguneraketa berriak daude