Mendebaldean kirikiño, erdialdean triku, eta ekialdean sagarroi. Euskal Herri osoan aurki dezakegun animalia sinpatikoa. Ugaztun txiki hau oso ezaguna da gure artean, baita maitatua ere.
Taldea: Ornoduna / Ugaztuna
Neurria: 30 cm inguru, 1 kgr.
Non bizi da? Baso, belaze, baratze eta hiriguneetako parkeetan.
Zer jaten du? Ornogabeak.
Babes maila: Ez dago babestua.
(Argazkia: Ander Izagirre Egaña / Copyright)
Bizkarraldea eta alboak arantza zorrotzez babestuta ditu, armadura bailitzan. Arantza horiek hutsik dauden ileak dira, keratinaz beteak, eta horrek ematen die zurruntasuna. Keratina gure azalean, ilean eta azazkaletan ere badagoen proteina da. Aurpegian eta sabelaldean, aldiz, ez du horrelako babesik, eta kolore arrexka da nagusi. Hiruki formako burua du, belarri txiki borobilduak eta muturra zorrotza, baina oso malgua. Nagusiki gautarra izanik, begiak txiki samarrak ditu eta ikusmenak garrantzi txikia du jatekoa bilatzerakoan. Usaimen ikaragarria du ordea eta entzumena ere, ona.
Baso, belaze, baratze eta zuhaixkaz osaturiko guneak ditu gustuko, baina ez da arraroa izaten lorategi eta hiriguneetako parkeetan ere aurkitzea. Inguru horietan aurkitzen ditu jateko hain gustuko dituen intsektuak, zizareak, karakolak... zomorrojale porrokatua baita trikua. Labezomorrojale amorratua ere bada, eta baserrietan sukaldean sartzen omen zuten, bazterrak garbitzera. Intxaurrak, hurrak eta gaztainak ere jango ditu udazkenean gizentzeko, negua lozorroan pasatzen baitu.
Animalia maitatua izan arren, jaki estimatua ere bazen, oso gozoa izaki. Trikuari beraz, ez zaio beti ongi atera gizakiaren ondora arrimatzea. Gaur egun, ordea, ez da ehizatzen edo etxean edukitzen, debekatuta baitago, eta bere etsai naturalen artean daude zapelatza, hontza handia, ipurtatsa, lepazuria, azkonarra, basurdea eta azeria. Azken horrek pixa egiten omen dio! Antza, azeriaren pixak usain fuertea duenez, trikua bilduta egotetik zabaldu egiten da eta orduan heltzen dio azeriak.
Ez da animalia azkarra, baina naturak defentsa oso eraginkorra eman dio. Bere burua arriskuan ikusten duenean, burua eta atzeko hankak barrurantza bildu eta guztiz kiribiltzen da milaka arantza kanpora begira dituela, jostorratzak bailiran. Arantza zorrotzez beteriko “pilota” hori, ezinezko mokadu bilakatzen da animalia askorentzat. Trikua bakean utzi eta alde egiten dute.
Hala ere, trikuak badu etsai benetan gogor bat: autoak. Bizirik ikustea baino, askoz ohikoagoa da trikua errepidean zapalduta hilik aurkitzea (udaberri eta udan, batez ere). Bere bizilekua zatitu izanak gauez errepideak gurutzatzera behartzen ditu. Asfalto gainean, autoaren argiak ziztu bizian gerturatzen ikustean, trikuak bere defentsa mekanismoa martxan jartzen du azkar batean. Bil-bil egiten da. Gomazko gurpil indartsu eta kupidagabeen aurrean ordea, ez du balio. Defentsa trikimailu ezin hobea, tranpa hilgarri bilakatzen da trikuarentzat berarentzat.
Animalia asko hiltzen dira errepideetan urtero. Ehunka, milaka, milioika. Arazoa oso larria da. Bigarren mailako eta landa eremuetako errepideetan abiadura egokian gidatuta, heriotza horietako asko saihestu daitezke. Gure ardura da. Triku sinpatikoak eskertuko digu.
Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna;... [+]
Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]
Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]
Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]
Tarteka bada ere, inoiz ikusiko zenuten hego beltzeko “erle erraldoi” eta potolo bat zuen inguruan hegan. Hala bada, ziur izan intsektuen artean ikusgarrienetako bat ikusi duzuela. Eta ziur izan, baita ere, ez duzuela inongo arriskurik, itxura itzeleko erlastar honek... [+]
Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen baitu: asoziazio horiek egiten ditu duen informazioarekin. Eta ez da arraroa, bestalde; izan ere, sugeak... [+]
Aszidiak tunikadun modura ere ezagutzen diren itsas ornogabeak dira. Munduko ozeano guztietan dauden animalia iragazle sesilak dira: bizitzaren zatirik handiena azalera solidoetara –arroka, maskor edo egitura artifizialetara– finkatuta emango dute, ura etengabe... [+]
Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]
Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]
Askorentzat uda soinuaren egilea da hegazti hori eta, seguruenik, hau dela eta mila izen ditu Euskal Herrian. Hauetako batzuek bere ‘txrriiii-txrrriiii-txrriii’ kantu deigarriari egiten diote erreferentzia: txirritxori, zirringilo, irrigo edo kirrilo, adibidez. Beste... [+]
Gorputzeko ezkatak kolore berde bizikoak ditu; biziak eta deigarriak. Eta horiekin nahasten dira, sare bat osatuko balute bezala, orban beltzak, bizkar osoan zehar. Gizakiaren begietara gardatxoa gardatxo egiten duena, ordea, saihetsean aurkituko dugu. Bertan, lerrokatuta,... [+]
Haurtzaroan, lursailen batean, parkeren batean edo baserri giroko lurretan sarritan izaten genituen “txitxareak” eskuartean… Jolas guneak gero eta artifizialagoak diren garai hauetan ordea, zaila da hiri nahiz herri-guneetan halakoak topatzea. Baina itsasoko... [+]
Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus) munduko horzdun zetazeo handiena da, eta baita munduko horzdun animalia handiena ere. Beheko barailan soilik ikusten zaizkio hortzak, baina bakoitzak kilo bateko pisua izan dezake. Izatez, ez dago oso argi zertarako erabiltzen dituen... [+]
Gure hondartzak marrazoz beterik daude. Igerilariak lasai egon, kostaldean 100-200 metroko sakoneran ditugun hondartza zabalez ari bainaiz. Bertan bizi da Atlantikoko marrazo ugariena eta txikiena.