Cosmic Tentacles estudioarekin elkartasuna antolatzeari ekin diote Gasteizko kulurgileek

  • Cosmic Tentacles estudioak egindako kartel bat eta beronen egile Mikel Gonzalez salatu ditu Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Sailak. Jazarpenaren aurrean, Gasteizko kultur arloko hainbat eragilek "auto-inkulpazio" kanpaina antolatzeari ekin diote, Gonzalezen absoluzioa eskatu eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoari era bateratuan erantzuteko.


2021eko martxoaren 5ean - 14:05
(Argazkia: Hala Bedi)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Cosmic Tentacles diseinu estudioaren eta Mikel Gonzalez Cthulhu artistaren aurka jarritako salaketaren aurrean, ostegunean agerraldia egin dute Gasteizko kultur arloko hainbat eragilek. Zuloa Irudia liburu-denda aterpe hartuta, prentsaurrekoa eskaini dute erasoa salatu, Gonzalezi elkartasuna adierazi, adierazpen askatasuna aldarrikatu eta abiatuko duten babes kanpainaren berri emateko.

Jakinarazi dutenez, auziaren aurrean defentsa juridikoaz gain, beste biderik ere hartuko dute. Mikel Gonzalez kaltetuaren hitzetan: "Denbora gehiegi daramagu defentsa-borroka bat egiten, azaldu behar ez duguna justifikatzen eta prozesu judizialetan lokazten". Hala bada, aurreratu dute martxoaren 9an #DenokGaraGargamel “auto-inkulpazio kanpaina” abiatuko dutela, Gonzalezen absoluzioa exijitzeko. Abiatu berri duten borroka “elkartasun, mobilizazio eta sormen terminoetan” planteatu dute, umorea eta sormena ardatz hartuta, iritzirik horrek beldurra eragiten diola hainbati.

Kanpainaren baitan, hiriko kultur eragileak bilduko dituen lantaldea osatzea dute xede, bertatik erantzun bateratu bat antolatzeko erasoaren aurrean.

 “All Pitufos Are Bastards”

Otsailaren 26an salatu zuen Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Sailak, Fiskaltzaren aurrean, Cosmic Tentacles estudioak egindako kartel bat eta beronen egile Mikel Gonzalez. Zehazki, salaketa PSEko zinegotzi eta Segurtasun Saileko arduradun Marian Gutierrezek aurkeztu zuen, kartelarekin batera publikatutako testuari “iraingarri” iritzirik.

Kartela otsailaren 14an argitaratu zuten, Gasteizko Udaltzaingoak Iguana tabernan egindako esku-hartzearen ondotik, zeinetan bi pertsona atxilotu zituzten:

 

Gertakizunen harira egindako kartelean udaltzain bat ageri da, “All Pitufos Are Bastards” ("Polizia guztiak pottokiak dira", Poliziaren aurkako All Cops Are Bastards –Polizia denak sasikumeak dira– leloaren moldaketa) esaldia ondoan. Gutierrezi iraingarri iruditutako mezu honekin argitaratu zuten kartela: "Udaltzaingoa, plaka eta pistoladun herriko inozo mota hori, hiperaktibitate egoeran beti, bere anaia zaharrena (pezeta zaharren zipaioa) bezain basatia eta burugabea izan daitekeela frogatzeko irrikaz".

Kartela agintaritza iraintzearen ustezko delituatzat jo daitekeelakoan, egilearen aurka zigor-prozesua abiatu dute.

Kaltetuak adierazi duenez, ez daukate asmorik beren “tonua apaltzeko” edo beren lanetan adierazten dituzten “terminoak berrikusteko, instituzio batzuei minik ez emateagatik”. "Askatasunik gabeko arteak beti aurkitzen ditu adierazteko bideak, baina aske izan nahi duen gizarte batek ezin ditu bere artistak jazarri, isilarazi edo espetxeratu", azpimarratu du Gonzalezek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!