Carandiru espetxeko sarraskiak 30 urte bete ditu inpunitate osoz

  • 1992ko urriaren 2an Sao Pauloko Carandiru kartzelan gutxienez 111 preso hil zituen Poliziak minutu gutxian. "Egun hark erakutsi zuen herrialdearen demokratizazioak ez zuela lortu aldatzea estatuak presoak, beltzak eta pobreak tratatzen zituen modua", salatu dute Ponte hedabide independentean. 30 urte bete dira inpunitate osoz, sekula inor zigortu gabe Hego Amerikako espetxerik handienean egindako basakeriagatik.


2022ko urriaren 06an - 00:01

Honela kontatu du gertatu zena Agencia Brasil hedabideak 30. urteurrenean: 1992ko urriaren 2ko arratsaldean, 14:00ak inguruan, udal hauteskundeen bezperan, bi preso borrokan hasi ziren bederatzigarren pabiloian, 1920ko hamarkadan, Carandiru auzoan, Sao Pauloko iparraldean, eraiki zen espetxean. Konplexuak zazpi pabiloi zituen. Une horretan 7.257 preso bizi ziren bertan, horietatik 2.706  bederatzigarren pabiloian, non gehienak lehen espetxe-zigorra betetzen ari ziren pertsonak ziren, edo oraindik epaiketaren zain zeudenak.

"Carandirun, giroa tirabiratsua zen –kontatu du Ponteko erreportaje mardulean bertan presoekin lanean aritu zen Sidney Salles apaizak–. Beldurraren eta bizitzaren aldeko borroka eguneroko ogi hor Estatuaren zaintzapean bizi zirenentzat. Egunero zegoen presoen arteko tira-biraren bat, eta hori, oro har, 10. kalea deitzen genuen zigorraren korridoreetako batean konpontzen zen, non presoek labanekin egiten zuten borroka eta indartsuenak ateratzen ziren bizirik.

Droga kontu batzuengatik hasitako bi presoren arteko borroka azkar zabaldu eta matxinada bihurtu zen. Espetxeko zuzendariak Polizia Militarrari deitu zion. Presoekin negoziatzen saiatzeak porrot egin ondoren, Poliziak metrailadoreak, fusilak eta pistolak erabiltzea erabaki zuen. 111 pertsona hil ziren egun hartan, gehien gehienak Poliziaren tiroz. 89 behin-behinean zeuden preso, oraindik epaitu gabe.

Horrela kontatu du sarraskia gertatu ostean bertara sartu ahal izan zen Paulo Sergio Pinheiros fotokazetariak: "Iritsi nintzenean, korridoreak garbitzen ari ziren, baina odolez betetako ura zen. Ziega batzuk bisitatu eta argazkiak atera ahal izan nituen, eta ez banaiz ere balistikan aditua, argi zegoen exekuzioak izan zirela. Ziega barruko bala-marken altueragatik, ikus zitekeen exekuzioak izan zirela, gero auzitegiko medikuek egiaztatu zuten bezala".

“Brasilgo historian Giza eskubideen aurka izandako ekintzarik larrientzat jotzen da”, irakur daiteke gertaera hari buruzko Wikipediako artikuluan, euskaraz. Ez tiro egin zutenak, eta are gutxiago tiro egiteko agindua eman zutenak; 30 urteotan ez du inork ordaindu krimen horiengatik.

Sarraskiaren aurkako presoen pankarta Carandiru espetxeko leihoetan.

Sarraskitik hamarkada batera, 2001ean, operazioa agindu zuen Ubiratan Guimarães koronelari 620 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, arduraduna izan zela egotzita. Alabaina, 2006an, Brasilgo gorteek zigorra bertan behera utzi zioten, koronelak aginduak bete besterik ez zuela egin argudiatuta, eta beraz, gertaeragatik zigortu zuten pertsona bakarra libratuz.

Sarraskiak ordea haserrea handia eragin zuen Brasilgo presoen artean, eta Primeiro Comando da Capital izena hartuko zuen erakunde armatua osatu zuten batzuek 1993an. Handik gutxira kartzelako orduko zuzendari José Ismael Pedrosa hilik agertu zen.

2013an, sarraskian parte hartu zuten 74 polizia militar zigortu zituzten, baina São Pauloko Justizia Gorteko laugarren Zigor Aretoak 2016an zigorrak baliorik gabe utzi zituen.

111 izan ziren hildakoak?

Egun horretan bizitza salbatu zutenek diote gobernuak aitortutakoak baino gehiago izan zirela hildakoak. Lekukoek oroitzen dute bertsio ofizialak hasieran esan zuela bi preso hil zirela Carandirun, gero zortzi, eta sarraskiaren berri zabaldu zenean, 111 izan zirela adierazi zuten agintariek.

"Gure ustez, kopurua askoz handiagoa da. 111 kopuruarekin inor ez dago ados, Estatua bakarrik –dio Maurício Monteiro preso ohiak Ponten–. 111 kopurua aitortzen dute, hori delako beren senideen bila agertu ziren familien kopurua, baina familiek abandonatu zituztenak, bisitarik jaso ez zutenak ez al dute kontatzen? Estatuarentzat, inork ez badu zugatik galdetzen, ez zara existitzen".

Gertaera honi buruz 2003an Carandiru filma egin zuten. Azpian trailerra ikusgai. Eta Sepultura talde brasildarraren zaleek agian ezagutuko dute Manifest kantua, hau ere gertaera hauek oinarri hartuta konposatua.

 
Justizia Ministerioaren datuen arabera, 1992an, sarraskiaren urtean, Brasilen 114.377 pertsona ziren preso. Hiru hamarkada geroago, Justiziaren Kontseilu Nazionalaren datuen arabera, herrialdean 909.383 pertsona daude espetxeratuta, ia zortzi aldiz gehiago.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20-ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


Teknologia
Botere guztia

Badira zenbait pertsona aztertzekoak direnak, euren artean Elon Musk. Duten askatasunaren ideiak dena kontrolatzeko beharretik datorrela dirudi, botere guztia izatetik, botere guztia izanda negozioak sortzea errazagoa delako, eztabaidarik ez baitago; eredu hegemonikoak indartsu... [+]


Abortua homizidio bilakatu nahi duen lege proiektuaren aurka kalera atera dira Brasilen

Ehunka emakume irten dira manifestatzera ostegunean, Brasilgo Sao Paulo eta Rio de Janeiroko kaleetara. Partidu Liberalak legea proposatu du, abortua 22. astetik aurrera homizidio arrunta bezala epaitua izateko. Lege horren arabera bortxatua izan den emakume batek, denbora epe... [+]


Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Europan debekaturiko pestizidak erabiltzen dituzte Brasilen Coca-Cola eta Nestlé multinazionalek

Reporter Brasil eta Lighthouse Reports eragileek egindako ikerketak eman du eskandaluaren berri. Pestizida horien eraginez hainbat eritasun, intoxikazio eta min pairatzen dituzte Sao Pauloko herritarrek.


Urre meatzari ilegalak kanporatzen ari da Brasil, Amazoniako Yanomamien lurraldetik

Brasilen, legez kanpoko ia meatzaritza operazio guztiak gerarazi ditu Lula da Silvaren gobernuak, Amazonian bizi den jatorrizko Yanomami herriaren lurretatik, eta egunotan enpresa gehiago kanporatzea espero da, Democracy Now gunean jaso dutenez.


2023-01-27 | A Planeta
Meatzaritzaren aurka, Yanomami indigenen bizitzaren alde

Hemen erreproduzitzen dugu Brasilgo MABek (Urtegiek Kaltetuakoen Mugimendua) Yanomami herriaren egoera dramatikoaren inguruan egindako salaketa, besteak beste, bere lurraldean legez kanpoko meatzaritzak eragindakoa: 2016tik 2020ra %3.350ko hazkundea. Beste erantzule nagusia... [+]


Facebookek heriotza mehatxuak eta biolentziarako deia egiten duten iragarkiak onartu ditu Brasilen

Eskuin kolpistak gobernuaren eraikin nagusiak eraso zituenean, biolentzia sustatzen zuten edukiak blokeatzen ari zela esan zuen Facebookek. Hala ere, giza eskubideen aldeko Global Witness erakundeak egindako probetan “Heriotza Lularen boto-emaileen umeei” edo... [+]


Eguneraketa berriak daude