Larunbatean, martxoak 3, Bure herrian (Meuse departamendua, Frantzian) 300 ekintzaile ahalegindu dira bertan gobernuak hondakin nuklearrentzako eraiki nahi duen biltegi erraldoiaren aurka kanpaleku berri bat eraikitzen. Ingurueak gau eta egun zaintzen dituen polizia talde oso handi batek eragotzi die. Hala ere, mugimendua zabaltzen ari da Frantziako estatuko beste herri eta eskualde askotara.
Joan den otsailaren 22an poliziek –ARGIAn Maddi Txintxurretak ezagutarazi bezala– sakabanatu zituzten Lejuc oihana okupatzen zuten militanteak, Bure bera estu kontrolatuz hortik aurrerako egun guztietan. Joan den larunbatean zientoka ekintzailek aurre egin diete inguruetan manifestaziorik eta ezta bilerarik ere egiteko debekuei eta berriro saiatu dira basoan sartzen, bertan kokatzeko behatoki permanente bat. Ez dute lortu, lekuan ziren kazetarien kalkuluetan 500 ziren polizien presentzia itogarriagatik.
Zabor nuklearrez okupatzen den ADRA agentzia publikoak Buren eraiki nahi du Cigeo Bury biltegi erraldoia, gehiena lurpean joango dena baina Lejuc basoan eduki behar lituzkeena kanporako tximiniak. Hortxe zentratu dute beren ekintza ekintzaile antinuklearrek. Energia atomikoan Europako potentzia nagusi den Frantziak arazo larri bat dauka hondakin erradioaktiboekin eta horien orain lurpeko sarkofago erraldoi batean utzi nahi ditu pilaturik, jakinda milaka urtez arriskutsuak izanen direla.
Ingurumen arloan Europak bizi dituen gatazken artean nagusietakoa bilakatu da Burekoa. Paradoxikoki, Emmanuel Macron presidenteak Ingurumen ministro izendatu duen Nicolas Hulot ekologista famatuaren agintaritzapean. Jendarmeekiko talkari umore pittin bat ezarri nahian, ministroaren abizenarekin jolas eginez –hulotte frantsesez urubia da, mozoloa– manifestari askok aurpegiak estaltzen zituzten hontz itxurako maskarekin. Horien artean poliziek lau zauritu dituzte eta zortzi gehiago atxilotu.
Reporterre hedabidean kronika mamitsuaz gain argazki eta bideo adierazgarriak bildu ditu Herve Kempf zuzendariak berak: