Brontzezko beste esku bat, xehe-xehe

  • Himyaritar Erresuma (egungo Yemen), K.o II-III. mendea. Wahab Ta'lab izeneko gizon batek brontzezko esku bat utzi zuen Zafar hiriko tenplu batean, Ta'lab jainkoari babesa eta ongizatea eskatzeko. 1983an aurkitu zuten eta British Museumeko bildumaren parte da egun. “Gorputz atal bat irudikatzen duen pieza batean jasotako idazkunik zaharrena” zen adituen arabera, Nafarroan Irulegiko eskua aurkitu duten arte.

Ezkerrean, yemengo zafar aztarnategian agerturiko eskua; eskuinean, Nafarroako irulegiko burdin Aroko herrixkan aranzadik berriki aurkitu duena. antzekotasunak dituzte, baina ezberdintasunak ere bai. (Jade Koekoe - British Museum / Nafarroako Gobernua)

2022ko azaroaren 18an - 11:23

Zafarreko eskua eta Irulegikoa brontzez eginak daude. Biek irudikatzen dute eskuineko eskua, inskripzioa eskugainean dute, eta ahurra ez dute hain landua. Tenplu batean batak, etxeko atean besteak, antzeko funtzioa zuten. Tamainaz ere antzekoak dira, baina Zafarrekoak bolumen eta pisu handiagoa du, baita askoz xehetasun gehiago ere.

Zafarreko biztanleen hizkuntza himyaritiera zen, baina, Arabia hegoaldeko beste herrialde batzuetan bezala, sabatar idazkera erabiltzen zuten testuetan. Eskaintza idazkunak, testu legalak eta graffiti laburrak batuta, sabatarrez idatzitako milaka testu iritsi zaizkigu eta, horri esker, adituek Zafarreko eskuaren testua osorik itzuli ahal izan dute. Idazkuna toponimiaz eta izen propioz josita dago eta informazio asko ematen du. Eskuaren eskaintza Zafar izeneko tokian egin zutela esaten digu, Yemengo mendialdean, Ta’lab Riyam jainkoaren tenpluan.

Zafarreko biztanleen hizkuntza himyaritiera zen, baina, Arabia hegoaldeko beste herrialde batzuetan bezala, sabatar idazkera erabiltzen zuten testuetan

Eskuaren jabea Wahab Ta’lab zen, klan bateko kidea; klan hura tribu handiago baten parte zen eta tribuaren jainkoa  Ta’lab zen. Arabia hegoaldean jainko-jainkosa paganoen gurtza egiten zuten garai hartan; gero etorriko ziren judaismoa, kristautasuna eta, azkenik, islama.

Eskuaren jabearen osasun adierazle

Wahab Ta’lab komunitateko goi-mailako kidea zela ondorioztatu dute ikerlariek. Batetik, abizena jainkoaren izen bera izateak bere estatusa adierazten du, eta, bestetik, botere ekonomiko handia izan behar zuen halako pieza ordaindu eta eskaintzeko.

Brontzezko eskuak Wahaben eskua bera irudikatzen duela uste dute. Eta piezak hainbeste xehetasun dituenez, haren osasunari buruzko hipotesiak egiteko aukera ere ematen du.

Himyaritar hizkuntza desagertu egin zen

Jeremy Field esku zirujauak Zafarreko eskua aztertu zuenean, lehenik eta behin ikusi zuen ez duela anputatutako esku bat irudikatzen; eskugaineko zain handituek adierazten dute odol zirkulazioa dagoela. Azazkalei erreparatuta, koilara forma zutela ikusi zuen eta hori anemiaren adierazle izan ohi da. Gainera, hatz txiki okerra hautsita zuela ere ondorioztatu du. Halako xehetasunez egindako pieza batean ezaugarri horiek ezin zuten ausazkoak izan.

Azkenean, ez ziren gu bezain zorioneko izan eta beren aberastasun nagusietakoa galdu zuten. Haien hizkuntza, himyaritiera, X. mende inguruan desagertu zen

Finean, Irulegiko esku xumearen aldean, Himyaritar Erresumaren oparotasuna adierazten du Zafarreko eskuak. Himyar Arabiako estatu nagusia izan zen VI. mendera arte. Irulegiko eskuaren garai bertsuan sortua, Asiaren eta Erromatar Inperioaren arteko merkataritza gune garrantzitsua izan zen, intsentsu merkataritzak aberastua. Eskua egin baino pare bat mende lehenago Sabako Erresuma bereganatu zuten, eta, eskuaren garaian, Qataban eta Hadhramaut ere konkistatu zituzten.

Baina, azkenean, ez ziren gu bezain zorioneko izan eta beren aberastasun nagusietakoa galdu zuten. Haien hizkuntza, himyaritiera, X. mende inguruan desagertu zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irulegiko Eskua
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Irulegiko eskua ezinen da erregistratu marka komertzial moduan

Espainiako Marken eta Patenteen Bulegoak atzera bota ditu marka edota diseinu industriala erregistratzeko hamahiru eskaerak, tartean Arantzadi Zientzia Elkartearena, argudiatuz aurkikuntzak ez duela izaera bereizgarririk eta ez dela marka moduan pertzibitua izanen.


Irulegi: eskuaz haratago, eskuari esker

Irulegi, duela 2.100 urte inguru. Burdin Aroko herrixkari eraso egin eta erre ondoren, biztanleek abandonatu egin zuten 1.100 urte inguru eta gero. Amaierako garai hartakoa da iazko kanpainan argitara eman zuten esku ezaguna, eta aztarnategiaren ikerketan eragin nabarmena izan... [+]


Irulegin tipologia berezia duen etxebizitza eta pieza arkeologiko ugari azaleratu dituzte aurtengo kanpainan

Antzinako euskarazko hitzak dituen eskua agertu zen Nafarroako indusketagunean arkeologoek lanean jarraitu dute aurten eta Burdin Aroko herrixka baten aztarna gehiago aurkitu dituzte, tartean harrizko eskailerak dituen etxebizitza, mendebaldeko Pirinioetan ez da inoiz orain arte... [+]


Eguneraketa berriak daude