Bost hilabetez kobratu barik egon ostean, Bizkaiko Correoseko langileek greba mugagabea abiatu dute

  • Correos posta-zerbitzuak garbiketarako azpikontratatutako Limpiezas J. Cordoba enpresako langileek salatu dute bost hilabete daroatzatela soldata kobratu barik eta, egoera konpontzeko neurririk hartu ez delakoan, greba mugagabera joatea erabaki dutela jakinarazi du ESK sindikatuak. Besteak beste, aldarrikatzen dute Correosek zerbitzua barneratzea, azpikontratatutako enpresaren lan-baldintza prekarioak direlako.


2023ko azaroaren 03an - 07:55
ESKren argazkia.

Langileek salatu dutenez, Limpiezas J. Cordoba enpresak Correoseko garbiketa-zerbitzua bere gain hartu zuen joan den abenduan eta, ordutik, astero mobilizazioak egin dituzte haien nominak jasotzeko epea atzeratu edo, zuzenean, ordaindu ez zaizkielako. Egoera konpondu beharrean, deitoratu dute oraindino ere kobratu gabe jarraitzen dutela uztaileko nomina eta aparteko ordainsaria, ezta abuztu, irail eta urriko soldatak ere. Diote ahaleginak egin dituztela egoera konpontzeko, baina ez dela elkarrizketarik ez negoziaziorik egon, ez azpikontratatutako enpresagaz, ezta Correos sozietateagaz ere. "Beraz, egoera horren aurrean, greba mugagabera goaz, gure eskubideak defendatzeko, hau guztia konpondu arte", azpimarratu zuten joan den urriaren 30ean.

ESK sindikatuak zabaldu duenez, "ezinezkoa" da 24 milioi euro baino gehiago mugitzen dituen kontratu publiko bat duen enpresa batek langileak kobratu gabe uztea: "Correos, berriz, garbiketa-enpresari ordaintzen ari da, diru publikoa da eta, beraz, erantzukizunak eskatzen ditugu".

Grebara doazen langileek azpimarratu dute Correoseko beharginak direla, nahiz eta azpikontrata batean egon, eta, hori dela eta, Correosek zerbitzua barneratzeko eta "enpresa piraten" esku uzteari uzteko unea dela aldarrikatu dute. "Enpresa horiek diru publikotik etekin handiena ateratzea baino ez dute helburu, langileen eta zerbitzuaren lan-baldintzak prekarizatzearen kontura", azpimarratu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lan eskubideak
2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


Greba mugagabean daude Gasteizko Udaleko autobus zerbitzuko langileak

Lehen bi egunetan %100eko jarraipena izan du grebak TUVISAn, enpresa batzordearen arabera. Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Lan baldintzak eta zerbitzu publiko osoa hobetzea eskatzen dute langileek.


2023-12-11 | ARGIA
Astebeteko grebari ekin diote Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetan

Bost egunetik hirutan manifestazioak egingo dituzte hiru hiriburuetan. ELAren arabera, jarraipena %70ekoa izan da lehen egunean.


2023-11-27 | Hala Bedi
Michelinek 150 langile kaleratzeko mehatxua egin du

Enpresak komunikabideei filtratu die berria langileei eta batzordeari jakinarazi aurretik. Kaleratzeen iragarpena langileek eta LAB sindikatuak Michelineko zuzendaritzaren "deriba autoritarioa" salatu ostean etorri da.


Eguneraketa berriak daude