Boli Kosta: 50 urte mundualizazioan sartua

  • Igandean egingo da Boli Kostako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia. Bi hautagai lehiatuko dira: Laurent Gbagbo egungo presidentea eta Alassane Ouattara lehen ministro ohia. Hauteskundeek, Boli Kostaren independentziaren 50. urteurrenarekin bat egin dute. 1960ko abuztuaren 7an lortu zuen herrialdeak independentzia Frantziatik.


2010ko azaroaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Bolikosta

Hauteskundeak eta independentzia aitzakia gisa hartuta, Xipri Arbelbide apaiz eta idazlea Boli Kostako errealitateaz –globalizazio prozesuaz– mintzo zaigu artikulu honetan. 1960an apeztu zen heletarra. Aljeriako gerlan ibili behar izan zuen, eta horren ondotik Boli Kostan hamabi urte iragan zituen, Bingervilleko seminarioan irakasle lehenik, eta Tiassaleko parrokian lanean gero.

50 URTE MUNDUALIZAZIOAN SARTUA

Xipri Arbelbide

34 urte Boli Kostatik joan ondoan, hilabete pasatu dut berriz han, lehenago ezagutuak nituen herrietan barna, Tiassale aldean. Ikusi ditut arte horretan izan diren aldaketak eta gune horretako aldaketak ditut aipatzen. Ez du erran nahi denetan horrela denik. Ikusiaz mintzo naiz.

Gerla girorik batere ez da sendi. Agorril honetan finkatua izan da, azkenean, aspalditik igurikatzen dituzten hauteskundeen eguna. Bainan, oldartu zen Iparraldean dagoen adiskide batek erran didanez, hango arduradun bati entzun diola: “Hauteskundeak galtzen baditugu, armak berriz hartuko ditugu”. Hori da funtsezko arazoa: galtzaileek onartuko dute beste bat atera dadin irabazle?

Iduritzen zait irabazteko xantza gehiena duena, orain boterean dagoen Gbagbo dela: eskola publikoko errient batek erran dit, hilabete oroz, zuzen pagatuak direla, –150.000 libera, oinarrizko soldata 36.000tan delarik–. Bere meneko ez duen iparraldeko funtzionarioak ere pagatzen ditu. Ttantto bat urrea eskutan daukala hor iduritzen zait, bere estakuru guziengatik. Jende horiek denek, eta horien ingurukoek, eskuko xoria utziko ote dute airekoaren esperantzan?

Ustelkeria bada: han nintzelarik egunkariek aipatu dituzte nekazariei eman behar dirua, milioika lapurtu duten kakao-kafea erakundeko 20 arduradunak. Preso daude. Kondenatuak izanen diren, hori besterik da. Baina munduko ekonomia kolokan eman duten bankuetako zenbat arduradun sartu da preso, mendebalean?

Oihanak

Gogoan daukat, duela 40 urte, hiru metro diametro zeukan enborra eta bi metroz goragoko beste zenbait ikusi nituela. Jada ez da horrelakorik ikusten. Hemen, lehenagoko oihan hura desagertua da eta uste dut bestetan ere horrelako zerbait gertatu dela: enbor bakar batek betetzen zituen kamioiak dozenaka ikusten baitziren bidean, bakar zenbait baizik ez da gurutzatzen gaur egun, noizean behinka, enbor ttipiz beteak.

Oihanaren desagertze hori ez da bakarrik zuhaitzak moztu dituztenen errua: nire garaian hektarean hiruzpalau zituzten hartzen, hango oihanak ez baititu zuhaitz mota bakar batek egiten baina asko eta askok; ekonomia interesatzen zituztenak baizik ez zituzten mozten. Baina enbor horien ateratzeko, bide bat irekitzen zuten. Bidea irekia zen puntutik, nekazariak sartzen ziren eta lur berriak egiten, kakoa eta kafe landatzeko. Argazkian ikus dezakezue oihan zati bat nola biluzten den bere azken zuhaitzez.

Bideak aipatu ditut. Ez uste izan Euskal Herrian bezala asfaltatuak direnik hangoak. Berrehun bat kilometro autobide bada, sei milako bat kilometro bide asfaltatu eta gaineratikoak, lurrezkoak. Duela 40 urte, estatuko erakunde baten gain zen bideen artatzea. Kargu hori suprefeten esku utzi du estatuak, baina horretarako dirurik eman gabe. Toki askotan 4x4 ibilgailurik ez baduzu, hobe bide horietan ez sartzea. Anartean oraingo autobidetik Yamuzukro hiri nagusira heltzeko falta diren 100 kilometroetan ere autobidea egiten ari da… Tunisiako enpresa bat.

Autoez ere hitz bat. Anitzak bost edo seigarren esku eroriak eta ezin salduak izanez Europan, harat joaten dira beren azken hatsa emateko. Ikusten dituzu “F”, “D”, “B”, “SP” edo Europako beren “jaioterriko” marka hor daukatenak oraino. Kamioi bat gurutzatu dut, luzetasun guzian, handi-handia baitzeukan oraino “BIDASOA” Gipuzkoako garraio elkartearen izena! Lautik hiru, bigarren eskukoak dira gutxienez!

Ez dut miseriarik ikusi, 15 bat herritan ibili naizelarik, bakoitzean eguna eta gaua pasatuz. Han ez da idorterik eta jatekoa bada nasaiki. Aldaketa batekin: lehenago iñama eta banana baitziren janari nagusiak, apairuen erdietan irrisa edo manikoa jan dut. Goizetan kafesnea banuen ogiarekin: herri guzietan bada ogia goiz guziez, garirik ez delarik egiten han.

Ur edangarria

Etxegintzan oso guti dira aurreratu. Lehenagoko adreiluzko etxeen ondoan, berri bakar batzuk ikusi ditut, eta badira oraino lurrezko etxeak. Baina herri guzietan nabari den aurrerapena, orotan handiena duda izpirik gabe: ur garbia eta edangarria, etxean berean ez bada, kanpoko iturrietan. Horren ondorioz osagarriak gaitzeko punpea egin du: lehenago zipuetako ura edaten zuten, barnean zeuzkan zikinkeria eta gaixotasun guziekin. Gaixotasun horiek desagertu dira. Haur anitzek bizia zor diote ur horri.

Etxe askotan, komunak dituzte barnean, komunei doakion “fosse septikoarekin”. Duela 40 urte, kanporat joan behar zenuen, gau ala egun, eguzki ala euri, sasi zenbaiten aterpean egiteko zure beharrak!

Haurrak aipatu baititut, erran behar, %95a eskolan dabilela orain: ez da eskolarik gabeko herririk, hala nola Amnimenu herrian eskolarik ez baitzen, biga badira orain 500 haurrekin. Ni joan antzinako urtean ireki baitzen lehen kolegioa, orain badira 8 kolegio eta lizeo.

Azkenik erranen dut, duela 35 urte, 5 kilometroko baradera egin zutela. Argindarra bada orain herri guzietan eta argindarrarekin, telebista eta eskuko telefonoa: askok biga, deitzen duzuna zure sare berekoa baldin bada, merkeago delako!

Mundulizazioa

Horiek denek ingurumena egiten dute. Zer ondorio bolikostarren gogoetan? Bat aipatu nahi nuke: mundializazioan sartzen ari direla buru beharri.

Neska gazteetan gehienek baztertua dute ileen txirikordatuz apaintzeko betidanik dauzkaten molde politak. Nesken ilea, europarrena bezain leun orain, oraino hobe gorrail, hori edo berdin ubel baldin bada. Lehenagoko zaharkerietarik atera direla erakusten dute horretan ere. Gehienek jaunzten dituzte beren ohiko “tani” zaiak. Baina gero eta gehiago ikusten dira bakero unisex amerikanoak, emazte eta gizonen soinean. “Orange”, “Neuf” edo “Coka Cola” handi-handia erakusten dituzten T-shirtak. Ez ote dute Vladivoztoketik Ushuaiara hedatuak diren jauntzien ibiltzeko eskubiderik? Zergatik behar lukete Matusalemen garaietakoekin gelditu?

Duela 40 urte, nire ametsa zen tamtamen ikustea elizetan, baina ametsa amets gelditu zen. Gaur egun ez da tamtam bateriarik ez daukan elizarik. Artetik errateko, gaitzeko gorakada bizi du Elizak: Tiassale aldeak parrokia bat egiten zuen bi apezekin (3400 kilometro koadro). Zazpi badira orain. Izan naizen hamasei herrietarik zortzitan, eliza handitzen ari dira, ez delarik berria hasia edo hasi beharra. Boli Kostan 112 apez beltz zirelarik, 1200 badira. Hoberenetarik arruntenerat, hemen bezala. Elizetan gehiengo handia, gaztea da.

Tamtam bateriak elizetan beraz. Baina kanpoan? 50 urte egin baitu agorrileko 7an independentzia lortu zuela Felix Houphouet Boigny-k, lauzpabost mila jendetako herri batean parte hartu dut ospakizunetan. Handizki ari izan dira: sous-prefeta bera han zen bere inguruko kargudunekin. Herritarrak ere bai, horrelako egunari doazkion dantza, kantu eta gaineratikoekin.

Aitortu behar dut Lobi leinukoen balafon horrek ez duela hurbiltzekorik ere, Abidjan hiri nagusiko gazte baten kantuak bildu arrakastarik izan: frantsesez eman du play-back moldean (gure tekniken berri badakite!) rap, ska edo nik dakit zer moldetako kantua, lehenagoko gitarraren partez, gitarra elektronikoa lagun, balafonaren partez, burdinazko xilofonoa, dantza guziak errimatzen dituen lawle haren ordez harturik hemengo orkestrentzat egina duten joare horren erzatz hitsa. Baina mundializaziotik kanpo egon nahi ez bada…

Gau batez, nire leihotik 30 metrotako “makian” (horrela deitzen dituzte tabernak) sono batek bota ditu goizeko biak arte, reggae, jazz, ska eta beste. Biharamunean, Niaman’zra herrian, musika gau guzian sonotik. Zer zen galdetu dut: “Doluan dira”. Lehenago, doluan zirelarik, gau guzia dantzan eta kantuz aritzen ziren, beren mintzairan. Han ere gero eta gehiago, kantuak ez dira kantatzeko eginak, baina entzunak izateko; horretarako diskoak grabatzen dira, ekonomia sail berri bat irekiz. Zer uste zenuten? Europarrak baino gutxiago direla?

Telebista

Gogoan daukat oraino Koizikoidjokro herrian ikusi dudana: ate aitzinean emana zuten telebista, alkiño baten gainean. Dozena bat haur eta gazte, begiak zurituak, frantsesez ematen zuen pelikula amerikanoari begira.

Lurrezko etxe zahar baten ondoan ikusi dut hiru metro zabaleko parabola. Etxea eta parabolaren artean, hautua egina gizon argitu batek, argindarrarekin telebista ere sartu baita.

Beren herriko kulturak, beren herriko mintzairak, nola ihardokiko dute, kasik haur guziak eskolan dabiltzalarik frantses hutsez, etxerat eta, egundainokotan frantsesa entzuten baldin badute tresna liluragarri horretan?

Gogoeta egon naiz, Ameriketako jakintsu handi zenbaitek laster aurkituko dukeela, beltzen larrua zuri egiteko behar den ADN aldaketa. Zergatik behar lukete beltzak izan, beste guziak zuriak direlarik? Mundualizazioak ez ote du eskatzen muga horren haustea, besteak bezala?

Levy Strauss-ek zioen: “Deus egitekorik ez da. Zibilizazioa ez da gehiago ongi artatzen den lore balios hura. Gizakia monokulturan sartzen ari da. Masa zibilizazio egitera doa, betarrabarentzat egiten duen bezala”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Boli Kosta
2020-05-14 | Armand Gauz
Afrikan koronabirusak jada zaharrik ez dauka hiltzeko

Koronabirus pandemia kontrolatzeko Europak erabaki du konfinazea eta Afrikak atzetik jarraitu dio. Arazoa, alabaina, oso baldintza ezberdinetan kokatuta dago, segun eta Parisen bizi zaren edo Abidjanen. Garaia heldu da gure buruzagiek independentzia eta originaltasuna erakutsi... [+]


Boli Kostako 'mikrobio' gazteak ez dira beldur ez hiltzeko, ez erailtzeko

Kaleetan ze-suma dabiltzan gazte noragabeak, gerra zibila amaituta egokitu ez diren gudariak, jauntxo militarrek xaxatutako gaztetxo heldu gabeak... Nor eta zer dira Boli Kostako Abidjan hiriburuan izua zabaltzen duten 8-25 urte arteko mutikook? Erdialdeko Amerikak marak eta... [+]


Txinpanze kopurua beherantz Boli Kostan
Gerrak eta gizaki populazioa handitzeak triskantza eragin du Boli Kostako txinpanzeengan: azken hogei urteotan haien kopurua %90 jaitsi da. http://ttiki.com/1035

2003-01-26
Boli Kosta, frantses armadaren Vietnam berria?
Pello Zubiria pzubiria@argia.eus Frantziak 2.500 soldadu bidali ditu su etena zaintzera, Parisen bertan antolatu du bake negoziaketen egoitza, Kontseilu Konstituzionalean pedigririk onena duten juristetako bat -Pierre Mazeaud- ipini du negoziaketen buru... horra zer... [+]

Eguneraketa berriak daude