"Bitxia da zinegotzi sozialista batek artista bati Mozal Legea aplikatu nahi izatea"

  • Cosmic Tentacles ikertzeko eskatu dio Gasteizko Udalak Fiskaltzari, Udaltzaingoaren jarduketa bat salatzeko kartel bat zabaltzeagatik. Mikel Cthulhu-rekin hitz egin dugu, artea eta adierazpen askatasuna berriz ere Mozal Legearen jopuntuan jarri dituen polemikaren inguruan.

Mikel 'Cthulhu', Cosmic Tentaclesen atzean dagoen arima (Argazkia: Hala Bedi)

2021eko martxoaren 12an - 09:36

Bost urte baino gehiago dira 2015ean Gasteizen Mikel Gonzalez Cthulhu-k (Santurtzi, 1981) Cosmic Tentacles martxan jarri zuenetik; kontrakulturan eta undergroundean sustraiturik; babesle pribaturik edo diru laguntza publikorik gabe.

Horrela jaio zen bere kezka artistikoen saski-naskia bilakatuko zen egitasmo kulturala: muturreko soinuentzako zigilua, kontzertuen sustatzailea eta kontrakulturari buruz hausnartzeko espazioa, baina baita diseinu grafikoko estudioa eta erakusketen antolatzailea ere, beste "tentakulu" askoren artean.

Cosmic Fest jaialdiaren sei edizio antolatu ditu dagoeneko. Pandemia garaian, jaialdia berrasmatu eta Cosmic Sessions formatuarekin itzuliko da apirilaren 17an: Futuro Terror eta Inoren Ero Ni izango dira Jimmy Jazz aretoan, eta sarrerak agortzear daude. Maiatzaren 22rako beste sesio bat itxi dute dagoeneko, eta gehiago izango dira.

COPE irratian Carlos Herrerarekin aukera baten zain dagoen bitartean, Cthulhu-k ospe handia lortu du umore garratza eta kritika politikoa nahastuz, bai Hala Bedin aurkezten duen irratsaioan (Desde el Abismo), bai "gerrilla grafiko" gisa sortzen dituen diseinuekin.

Urratsez urrats eraikitako proiektuak zentsurarekin eta Streisand efektuarekin egin du topo: Herritarren Segurtasunerako Sailak diseinu estudioaren aurkako salaketa bat aurkeztu du Arabako Fiskaltzan, ustez kartel batean Udaltzaingoa iraintzeagatik. "All Pitufos Are Bastards", zioen kartelak; entzun dezagun zer dioen kartelaren sortzaileak.

 

 

 

Salaketa eragin duen diseinua (Cosmic Tentacles)

 

 

 

Nola izan zenuen salaketaren berri?

Orain arte dakidan bakarra prentsaren bidez izan da. Oraindik ez didate ezer jakinarazi, baina El Correok polizia-iturriekin duen zuzeneko harremana ezagututa, sinesgarritasun nahikoa eman diot albisteari.

Beste ezer ez al dakizu?

Orain arte badakigu Marian Gutierrez zinegotziak (PSE) salaketa helarazi diola Fiskaltzari, agintaritzaren aurkako irain deliturik ote dagoen iker dezan. Funtsean, Mozal Legearen aplikazioa litzatekela uste dugu; izan ere, 37.4 artikulua da segurtasun indarrekiko "errespetu eta begirune falta" jasotzen duen bakarra.

Nola sentitu zara?

Harridura sentitu dut, eta beldurra ere, ez dut ezkutatuko. Bat-batean prentsan horrela seinalatzen nindutela ikusita, beldurra sentitu nuen. El Correo edo Udaleko inor ez da nirekin harremanetan jarri. Bizi garen herrialdea nolakoa den eta beste pertsona batzuekin gertatzen ari dena ere ikusita... Baina, egia esan, jende pila bat jarri da nirekin harremanetan, batez ere kultur arlotik. Azkenean, horiek dira gure armak: babestuta sentitzea, elkartasuna eta abar. Lasaiago nago orain. Beldurra amorru eta konfiantza bihurtu zen, beraz, aurrera begiratzea tokatzen da.

Zer adierazi nahi zenuen kartelarekin?

Otsailaren 13an Hedegile kalean gertatutakoa salatu nahi nuen; poliziaren neurrigabekeriaren, harropuzkeriaren eta indarkeriaren berri eman zuten bideo asko daude. Gainera, gertutik ukitu ninduen, ondo ezagutzen dudalako atxilotutako pertsona —Iguana tabernako Satur—, eta benetako gertaerek ez dute zerikusirik poliziak esandakoarekin. Erantzun bat izan zen kartela. Jakina, amorrutik egin nuen, baina nire askatasuna aldarrikatzen dut horrela haserretu eta erantzuteko. Egiten ditudan kartel gehienetan bezala, kutsu oso politikoa badu ere, umoretik eginda dago.

Uste duzu norbait iraindu ahal izan duzula?

Nik ulertzen dut Udaltzaingoa minduta sentitu ahal izan dela, baina uste dut minduta sentitzea ez dagoela oraindik Zigor Kodean tipifikatuta. Besteok ere minduta sentitu gara egun hartako polizia-jardunarekin, baina bakoitzak bere esparrutik eta ahal duen moduan erantzuten du; eta, kasu honetan, nire esparrua diseinua eta umorea da.

Cosmic Tentacles estudioari babesa adierazteko kanpainaren aurkezpena (Argazkia: Kalez kale)

Kartela adierazpen askatasunaren mugen barruan sartzen da?

Zigor Kodeak oso argiak diren bi muga tipifikatzen ditu: gorroto delitua eta terrorismoa goratzea. Kasu honetan, kartela eta harekin batera doan mezua gorroto delitu batetik oso urrun daude, eta ez dute ezertxo ere goratzen.

Eta sormen artistikoak mugak izan behar ditu?

Nire ustez, mugak egon behar dira soilik adierazpen askatasuna gutxiengo baten aurkako gorrotoa elikatzeko erabiltzen bada. Hortik haratago, uste dut ez litzatekeela mugarik egon behar. Adierazpen askatasunak barne hartzen ditu mintzen edo iraintzen duten adierazpen guztiak ere, horiek ere beharrezkoak baitira benetan demokratikoa eta plurala izan nahi duen gizarte bat eraikitzeko. Iraingarria dena da 2021ean eztabaidatzen ibili behar izatea "gutxienekoen programa" izan beharko litzatekeen zerbaiti buruz. Espainiako Estatuaren ustezko "demokrazia osoa" zalantzan jartzen den bakoitzean hasten dira erasoak; eta artistak jazartzen ari dira, oinarrizko printzipioen eta giza eskubideen aurka eginez.

Zer esango zenioke salaketaren ardura duen zinegotziari?

Laster hitzordua eskatuko dugu, eta merezi dugula uste dut. Zentzugabekeria hau azaltzeko eskatuko nioke. Ulertzen dut SIPLA Arabako udaltzainen sindikatuaren presioak daudela, baina bitxia iruditzen zait zinegotzi sozialista batek artista bati Mozal Legea aplikatu nahi izatea, bere alderdiak berak lege hori Auzitegi Konstituzionalera eraman duenean. Hain zuzen ere, esparru guztietan hainbeste erronka ditugun garai honetan, eztabaida elikatu beharrean mugatzen ari dira... izugarria iruditzen zait. Uste dut erabaki politiko bat dagoela ahots jakin batzuk isilarazteko. Herritarrek hitz egiteak eta kritikak jasotzeak hainbesteko beldurra ematen die? Ez dira gai kritika errepresioa ez den beste tresna batekin jasotzeko. Esku gogorrak ahotsak sutzen ditu, isilaraztetik urrun.

Dagoeneko hasi da elkartasun kanpaina, ezta?

Alde batetik, adierazpen askatasunaren aldeko manifestu bat plazaratuko dugu aste honetan, eta babesa lortzen saiatuko gara, batez ere Gasteizko kultur esparrutik. Bestalde, Cosmic Tentaclesek umorez erantzun nahi du, eta sare sozialen bidez Denok gara Gargamel kanpaina abiarazi dugu. Ez dut nahi honek guztiak beti erabili dugun umorea eta estiloa aldatzea; uko egiten diot. Pottokien kontakizunean pottokiak dira onak, beraz, gure txantxa Gargamel bilauarekin identifikatzea da. Saiatuko gara kontu pixka bat izaten eta beste salaketarik ez jasotzen, kar-kar.

Arlo juridikoa edo egin ditzakegun mobilizazioak alde batera utzita, irabazteko aukera gehiago ditugun eremu batera eraman nahi dugu auzia: sorkuntza eta umorearen eremura.

'Denok gara Gargamel' kanpainaren irudia (Cosmic Tentacles)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude