Biribil dator Bertsolari Txapelketa Nagusia

  • Hamargarrena izango da aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta lehen aldiz Nafarroan jokatuko da finala. Euskal Herri osoko lurraldeetan barna hamalau saiotan arituko dira 42 bertsolari eta sarrerak salgai daude dagoeneko. Irailaren 24an Getxon hasiko dira final laurdenak, urriaren 22an hasiko diren finalerdietan gehituko zaizkie aurreko txapelketan finalean kantatu zuten bost bertsolari, eta finaleko txartela eskuratzen duten zazpiei Iruñeko Nafarroa Arenan itxarongo die aurreko txapeldun Maialen Lujanbiok.


2022ko ekainaren 23an - 10:15
Ekainaren 22an, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan aurkeztu dute aurtengo Txapelketa Nagusia. Bertan izan dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteetako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak. Argazkia: XDZ.

Olinpiaden pare, lau urtero egiten da Euskal Herriko Txapelketa, baina pandemia gurutzatu zen bere bidean eta bost urtera egingo da hamargarren txapelketa hau. Herri hauetan gozatu ahalko dira saioak (hemen ikusgai saio guztien egutegia): Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean.

Hamalau saio horiek hiru fasetan egongo dira antolatuta. Lehen fasea final laurdenena izango da eta sei saiok osatuko dute: irailaren 24an hasiko da, eta astero saio bat izango da. Ondoren finalaurrekoak jokatuko dituzte sailkatzen diren 19 bertsolariek eta aurreko txapelketan finalean izan ziren Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendik. Finalaurreko hauek urriaren 22an hasiko dira eta lau saio izango dira. Honaino iritsi diren 24 bertsolarietatik puntu gehien eskuratzen dituzten 18k izango dute finalaurrekoen bigarren itzulian kantatzeko aukera: finalaurrekoen bigarren itzulia hiru saiok osatuko dute, eta azaroaren 19an hasiko dira. Azkenik, aurreko txapeldun Maialen Lujanbiok eta sailkatzen diren beste zazpi bertsolariek abenduaren 18an jokatuko dute finala, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Parte hartuko duten bertsolariak

Hauek dira aurreko Euskal Herriko Txapelketako finalera iritsirik edo nor bere herrialdeko txapelketan goiko postuetara iritsirik, aurten Euskal Herrikoan kantatuko duten bertsolariak (hemen ikusgai denak): Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amaia Iturrioz, Amets Arzallus, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Eneko Lazkoz, Gorka Pagonabarra, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Imanol Uria, Iñaki Apalategi, Iñigo Manzisidor, Joanes Illarregi, Jone Uria, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Akizu, Maialen Lujanbio, Manex Agirre, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita, Patxi Iriart, Peru Abarrategi, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina, Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Unai Mendizabal, Xabat Galletebeitia, Xabier Silveira.

Sarrerak dagoeneko salgai

Sarrera guztiak salgai daude dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkarteko bazkideek bermatuta izango dute finalerako sarrera erosteko aukera ekainaren 30 arte. Finaleko sarrerak Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan ere salgai egongo dira ekainaren 30 arte (10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, asteburuan salbu).

Bertso saioak, pandemiatik berreskuratzen

Bertsozale Elkarteak antolatzen du Euskal Herriko Txapelketa, eta bertako kide Gontzal Agotek adierazi du bertsolaritzaren egoera ongi ari dela pandemiatik suspertzen: "Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Datu onak dira azken hilabeteetakoak. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”.

Idoia Trenorrek berretsi du bertsolaritza "oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar". Eta zera gehitu du: "Garrantzitsua da bizitasun hori nondik datorren azaltzea. Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da”. hezkuntzan, ikerkuntzan nahiz plazan egiten den lana azpimarratu ditu, sei Bertsozale Elkarteen, Lanku Kultur Zerbitzuen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


Eguneraketa berriak daude